Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Miguel Angel Royo-Bordonada, Espainiako Osasun Eskolako Ikerketa Saileko burua Carlos III Osasun Institutuan.: "Ezin da espero haurrek ohitura osasungarriak izatea, haien inguruak kontrako noranzkoan bultza egiten badu"

 

Medikua da, ikertzailea eta aditua medikuntza prebentiboan eta osasun publikoan. Miguel Angel Royo-Bordonadak haurren elikaduraren inguruko hainbat ikerketa egin ditu Espainian. Kezkagarriak iruditzen zaizkio gizentasunaren eta gehiegizko pisuaren inguruan gaur egun ageri diren tasak -bereziki, haurren artekoak-, eta horren arrazoiak eta prebentziorako erabil daitezkeen estrategiak aztertzeari eskaintzen dio denboraren zati handi bat. Haren ikuspegitik, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak behar dira osasunaren arloan gaur egun dagoen erronkarik handienetakoari aurre egiteko.

Espainian, zer-nolako gizentasun tasak dauden haurren artean?

Hiru haurretatik batek gizentasuna du edo gehiegizko pisua. Itxaropena ematen digun albistea da gizentasunaren prebalentzia egonkortzen ari dela, itxuraz. Espainiako Osasun Inkestak 2006an eta 2012an eman zituen datuak alderatzen baditugu, ikusten da egonkor dirauela edo behera egin duela zertxobait. Hala ere, baliteke prebalentzia oraindik ere handitzen aritzea talde sozioekonomikorik ahulenetan. Zifrak, dena den, onargarriak izateko baino nabarmen handiagoak dira, eta ez dezakegu ziur esan etorkizunean ez dutenik berriz gora egingo. Beraz, konformismoan erori gabe, erne jarraitu behar dugu eta erabakitasunez jokatu gaur egungo egoera iraultzeko.

Ba al dago faktore ekonomikorik gizentasun tasetan?

Bai. Bagenekien gizentasunaren prebalentzia handiagoa dela gizarte talde ahulenetan. Orain ikusten duguna da egonkortzeko joera hobea dela egoera onena duten gizarte taldeetan. Joera hori ez da iritsi gizarte talde apaletatik datozen adingabeetara, hain zuzen haien baldintza sozioekonomikoen erruz. Hortaz, baliteke gizartean are eten handiagoa sortzen aritzea haurren gizentasunaren arloan.

Inguruak zenbateraino baldintzatzen du?

Elikatzeko ohituretan zeresan handia dute kanpoko eraginek, inguruari eta sozioekonomiari loturako baldintzek, horien araberakoa izaten baita norberak jaten eta edaten duena, eta ariketa fisikoa egiteko joera ere bai. Esan diezaiokezu haur bati fruta jateko, baina nekez egingo du bestelako produktuak jateko gonbita egiten dioten 20 iragarki ikusten baditu, edo eskolan elikagaiak saltzeko makina bat badago, zeinak gehien-gehienean balio eskasekoak baitira nutrizioaren ikuspegitik, edo gurasoek ez badute jateko ohiturarik. Ezin da espero haurrek ohitura osasungarriak izatea, haien inguruak kontrako noranzkoan bultza egiten badu.

Haurren artean ditugun gizentasun tasekin, nola ikusten duzu etorkizuna?

Haurren gizentasuna da etorkizuneko osasun erronkarik handiena, bonba bat da, denbora bonba bat. Jarraipen azterketek esaten dutenez, gizentasuna duten haurrek probabilitate handia dute helduaroan gizenak izateko. Horrek areagotu egiten du diabetesa eta bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua, zeinak heriotza eragiten duten arrazoi nagusiak baitira, eta areagotu egiten ditu, halaber, arazo ortopedikoak eta minbizi mota batzuk. Zenbait kalkuluren arabera, datorren belaunaldian, gure seme-alaben bizi itxaropena gurea baino txikiagoa izan liteke.

Badira ekimenak haurren gizentasunari aurre egiteko, baina badirudi ahalegina sekula ez dela nahikoa. Zerk huts egiten du?

Badira egin behar genituzkeen eta egiten ez ditugun gauza batzuk. Lehenbizikoa, haurrei zuzentzen zaizkien elikagaien iragarkiak hobeki arautzea. Erabateko lehentasuna du horrek. Espainian, PAOS kodeak arautzen ditu haurrekin erabiltzen diren marketin teknikak. Galarazi egiten du, adibidez, pertsonaia famatuak erabiltzea oso energetikoak diren eta mantenugai gutxi ematen dituzten elikagaiak sustatzeko. Baina ez du mugatzen zer-nolako produktuak iragarri daitezkeen. PAOS kodeak ez du mugatzen adingabeek produktu horien zenbat iragarki ikus ditzaketen. Horretaz gain, telebistan, 12 urtez azpikoei bakarrik eragiten die, eta beste herrialde batzuetan, berriz, 16 edo 18 urteraino iristen da. Eskura dugun tresna, beraz, ez da nahikoa.

Zer gehiago zuzendu behar genuke?

Erabakitasun handiagoz landu behar litzateke eskola ingurua eta galarazi egin behar litzateke vending makinak egotea edo, gutxienez, eskatu egin behar litzateke elikagai horiek gutxieneko kalitate estandar batzuk bete ditzatela nutrizioaren ikuspegitik. Espainian, 2010ean, gomendio batzuk landu ziren eskolako jantokietako eta eskolaren eremuko elikadura eskaintza hobetzeko. Baina hori baino ez dira, gomendioak. Inor ez da arduratzen horiek betetzen ote diren zaintzeaz, eta inork ez ditu betetzera behartzen. Eta badira indartu behar liratekeen beste ekimen batzuk ere.

Zein?

Beharrezkoa da produktuen informazio nutrizionala hobetzea, kontsumitzaileei erraz irakurtzeko eta ulertzeko moduko etiketak eskaintzea. Aztertu egin behar litzateke produktu osasungarriak laguntzea eta politika aktiboak egitea jarduera fisikoa bultzatzeko. Biak ere baliabide gutxien duten pertsonei zuzenduta, batez ere. Eta, jakina, marketin sozialeko kanpaina iraunkorrak behar dira bizi ohitura osasungarriak sustatzeko. Izan dira oso kanpaina onak, "Esnatu, gosaldu, ongi jan eta mugitu!" adibidez, NAOS estrategiaren barnean egin dena, baina hilabete batzuk baino ez du iraun. Spot bikaina zen, baina 20 segundokoa baino ez. Eta, aldiz, oso energetikoak eta mantenugai gutxi ematen dituzten elikagaien eta edarien 20 iragarki ikusten dituzte haurrek egunean.

Zergatik gertatzen da desoreka hori?

Baliabideak falta direlako. Aski da alderatzea zenbat inbertitzen den adingabeek nutrizio arloan ohitura osasungarriak hartzeko heziketan, eta konpainiek zenbat inbertitzen duten oso produktu prozesatuen iragarkietan, mantenugai gutxi eta gantz eta azukre asko ematen dituzten produktuen iragarkietan. Aldea izugarria da: heziketa osasungarrian egiten den inbertsioa milioietan edo dozenaka milioietan neurtzen da, eta, aldiz, produktu prozesatuak, oso energetikoak eta mantenugai gutxikoak iragartzeko inbertsioa ehunka eta milaka milioi eurokoa da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto