Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Joan Quiles-Izquierdo, Medikuntzan doktorea, nutrizio arloan aditua eta Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiko kidea Valentziako Generalitatean: "Estrategiak konbinatu egin behar dira azukre kontsumoa murrizteko, hasi heziketatik eta zergak ezartzeraino"

 

Joan Quiles-Izquierdo medikua da eta nutrizio arloko aditua. Osasun Heziketarako Saila zuzentzen du Valentziako Generalitatean. Haren hitzetan, "osasuna kutsatzea" du langintza. Ikuspegi horretatik, oso garrantzitsutzat jotzen du bizitzako arlo guztietan "osasun-aktiboak" aurkitzea eta sustatzea; hau da, osasuntsuago egoteko erabil ditzakegun trebetasunak, jarrerak eta ezagutzak. Xehetasun osoz azaltzen du zer-nolako ondorioak dituen azukre gehiegi hartzeak, eta gaur egungo kontsumo kantitateak murrizten lagundu lezaketen neurriak aztertu ditu, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen dituenak halako bi baitira.

OME aztertzen ari da azukre kantitate gomendatuaren gehieneko muga erdira jaisteko aukera. Zer esan nahi du horrek?

Gaur egungo %10etik %5era pasatzea. Hau da, egunean hartzen ditugun kaloria guztietatik, gehienez ere %5 izan daitezkeela azukre sinpleetatik datozenak. 2.000 kcl-eko dieta batean, 25 gramo azukre dira horiek. Lau zorrotxok daukatena, gutxi gorabehera.

Gutxi dirudi...

Bai, eta horregatik da garrantzitsua argitzea zertaz ari garen azukrea esaten dugunean. Mahaiko azukrera eta elikagai azukretsuetara mugatzen badugu (txokolatea, eztia...), pertsona bakoitzak egunean 30 gramo hartzen ditu, Espainiako Elikadura Ministerioak dioenez. Urtean 10 kg dira horiek pertsonako, eta ikusten den azukrea baino ez da. Baina gainerako elikagaiek ere badituzte azukre sinpleak (nahiz eta guk ez jakin), eta hori ere kontuan hartu behar da. Datuek esaten dute pertsona bakoitzak urtean 25 kg eta 30 kg bitartean hartzen dituela azukre sinpleak.

Zer-nolako elikagaiek ezkutatzen dituzte azukreak?

Azukrea, askotan, zaporetik antzematen da, baina badira salbuespenak ere. Tonikak, esaterako, zapore mikatza du kininaren eraginez, eta, hala ere, erruz izaten du azukrea. Elikagai gazi batzuek ere badute azukrea, eta eduki lezakete gutxiago, zesar saltsak, maionesak eta ketchupak esaterako. Eta, jakina, edari azukretsuek, "freskagarriek", azukre pila bat izaten dute: 35 edo 40 gramo lata bakoitzeko. Hau da, bost zorrotxo azukre, hortxe-hortxe.

Jendeak zergatik maite du hainbeste azukrea?

Elikagaien hautua, zaporeak ez ezik, beste zenbait alderdik ere baldintzatzen dute. Adibidez, prezioak, edo erosketak egitera joan eta elikagai jakin batzuk bista-bistan egotea eta beste batzuk ez, edo jatetxeetan lehenbizi tartak eta izozkiak agertzea postrearen kartan.

Zer-nolako arriskua du osasunarentzat azukre gehiegi hartzeak?

Hortz-haginetako txantxarra, gaixotasunetan prebalentzia gehien duenetakoa, azukreak eta hortz-haginek zuzenean elkar ukitzen dutelako sortzen da. Gainera, azukre sinpleak hartzen ditugunean, glukosa goraldiak izaten dira odolean, eta gorputzak erreakzionatu egin behar izaten du. Organismoaren berezko defentsa izaten da glukosa unitateak paketatu eta zeluletan gordetzea. Hori egiteko, pankreak sortzen duen intsulina erabili behar izaten dugu, baina batzuetan agortu egiten dugu sortzen den hori. Orduan beste arazo batzuk agertzen dira.

Adibidez?

Bi dira ezagunenak: pisu egoera eta 2 motako diabetesa (adineko pertsonetan). Kontuan hartu behar da azukrea energia ere badela, kilokaloriak direla. Eta oso garrantzitsua da oreka lortzea hartzen dugunaren eta gastatzen dugunaren artean. Energia paketatzeko modurik errazena karbohidrato gisa egitea da, glukosa gisa edo gantz gisa. Azukreak neurriz kanpo hartzen baditugu, gorputzak ez ditzake beretu kalorien onurak, eta gainezkatu egiten dira bide metaboliko guztiak.

Produktu azukretsuei zerga bat ezartzeak lagunduko ote luke kontsumoa murrizten?

Ikerketaren batek esaten du edari azukretsuei prezioa %1 igoz gero, %10eraino murriztu daitekeela horien kontsumoa. Ameriketako Estatu Batuetan proba egin dute: edaria zentabo bat igo dute zentimetro kubiko bakoitzeko, eta kontsumoa zertxobait apaldu dela ikusi dute. Hemen tabakoarekin egin izan da: zergak igotzeak kontsumoa murriztea dakar. Gertatzen dena da elikadura askoz ere esparru konplexuagoa dela, kontsumitzaileok "hutsuneak betetzeko" joera izaten dugulako, eta tabakoarekin ez bezala, badugu zerekin bete. Adibidez, gantz ugariko elikagaiekin.

Orduan, zein da irtenbidea?

Irtenbidea, agian, eklektikoagoa izango da eta estrategiak konbinatzea izango da gakoa: nutrizio arloko informazio gehiago ematea, gastronomia ikastetxeetara eramatea, nutrizio arloko formazio handiagoa eskaintzea eta zergak ezartzea, baina ez gutxiespen zentzuan, elikagairik osasungarrienak sustatuz ere bai prezio erakargarriagoekin eta. Jakina, garrantzitsua da elikadura arloko industriarekin lan egitea ere, azukre kantitateak murriztu ditzan, gatzarekin eta gantzekin egiten den bezala. Ez dezakegu ahaztu, hala ere, kontsumitzailearena dela azken erabakia, eta erantzunkidetasun kontua dela hau. Pertsonak ahalduntzea da funtsezkoa, elikagaien artean bereizten jakin dezaten eta argi eduki dezaten produktu batek ez duela egiten dieta.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto