Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Ana Maria Lopez Sobaler, Farmazian doktorea eta Nutrizio arloko irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean: "Elikagai osasungarriak sustatzeak lagundu egingo luke azukre ugarikoak dietatik baztertzen"

 

Osasunerako Mundu Erakundea (OME) kezkatua dago jendeak azukre gehiegi hartzen duelako, eta eguneko kopuru gomendatua erdira jaisteko aukera aztertzen ari da. Espainiako Estatuan, gomendatua dagoena halako bi hartzen dute herritarrek (eguneko kaloria guztien %10 behar lukete izan azukreetatik hartuak). Azukre sinpleek lotura zuzena dute zenbait gaixotasunekin, adibidez hortz-haginetako txantxarrarekin, eta hori ikusita, eztabaida interesgarria sortu da: nola murriztu azukre kontsumoa, dietaren orekari kalte egin gabe. Azukre ugariko elikagaiei tasa edo zerga bereziak ezartzea da proposamenik deigarriena eta- eztabaida gehien sortu duena. "Horrek ekar lezake elikagai azukretsuen ordez jaki gantzatsuak hautatzea jendeak", ohartarazi du Ana Maria Lopez Sobalerrek, Farmazian doktore, Nutrizio arloan aditu eta Valornur erakundeko ikertzaile denak (Norbanakoen eta Kolektiboen Nutrizio-Balorazioa egiteko Taldea da, Madrilgo Complutense Unibertsitatean jarduten duena, non irakasle aritzen den bera).

Behar baino azukre gehiago hartzen al dugu?

OME da erreferentziazko erakundea, eta, oraingoz, haren gomendioa da azukre sinpleek ez gainditzea hartzen ditugun kaloria guztien %10. Espainian, adin talde batzuetan kaloria guztien %18 eta %20 artean dira azukre sinpleak. Ia bikoiztu egiten da OMEk gomendatzen duena. Hala ere, kontuan hartu behar dugu zifra horietan sartzen direla elikagaiek berez dituzten azukreak eta azukre erantsiak. Inkesta nazionalen arabera, hartzen dugun azukrearen %30 da guk eransten duguna. Gainerako %70a elikagaietan ezkutatua dago, modu naturalean edo industrialean.

Zer-nolako elikagaietan ezkutatzen da azukrea?

Galletetan, opiletan, gozokietan... baina baita frutetan ere, non berez agertzen den, frutaren beraren osagai gisa. Elikagaiei eransten zaien azukrearen helburua teknologikoa izaten da askotan: zaporea hobetzea, ukitu azidoa kentzea edo kontserbatzaile lanak egitea. Arazoa da herritarrak beti ez direla jabetzen azukre asko hartzen ari direla, askotan ez delako jakiten zenbat azukre dagoen elikagai prozesatuetan. Produktuen etiketak asko hobetu daitezke.

Azukrea, orduan, txarra al da osasunarentzat?

Ezein elikagai ez da berez txarra, eta azukreak badu lekua dieta osasungarrian. Onartua dago kaloria portzentaje bat proteinetatik etor dadila, lipidoetatik, karbohidratoetatik eta, horien barrenean, azukre sinpleetatik. Muga %10ean dago, lehen esan bezala, baina ez azukrea txarra delako, zerbaiten portzentajea handitzen duzunean beste batzuena murrizten ari zarelako baizik -mantenugaiak dira kasu honetan-, eta horiek ere behar ditugu. Portzentajeek lagundu egiten digute dietan oreka bati eusten, askotariko elikagaiak eta neurritasuna behar baitira.

Zer-nolako arazoak dakartza gomendatu baino azukre gehiago hartzeak?

Arrisku nagusia da elikagarriagoak izan daitezkeen beste elikagai batzuei lekua kentzen diela. Badira salbuespen batzuk, gosaritako zerealak esaterako, horiek bitaminak eta mineralak ere ematen baitituzte, baina, oro har, izozkiek, galletek, pastelek, opilek eta gisakoek kaloriak besterik ez dute ematen. Beste arazo bat txantxarra da, zuzen-zuzenean lotuta baitaude produktu azukretsuak jatea eta hortz-haginetako txantxarra. Edonola ere, azukrea duten elikagai guztiek ez dute neurri berean sortzen txantxarra. Ikusi egin behar da elikagai horrek zenbat denboraz ukitzen dituen hortz-haginak, zer-nolako aho-higienea duen norberak, txorrotako urak fluorrik baduen... Hau da, ez da gauza bera hortz-haginei itsasten zaien karamelu bat eta azukrea duen edari bat, azken horrek oso denbora gutxi egiten baitu ahoan.

OMEren proposamena da azukrearen kontsumo gomendatua %10etik %5era jaistea. Egiteko modukoa iruditzen zaizu?

Zertxobait zorrotza da. Azukre sinpleen kontsumoa %5era murrizteak lagundu egingo luke beste karbohidrato batzuen edo zuntzaren kontsumoa areagotzen. Ez dut hain argi helburu hori lortuko denik dietako beste "gauza" batzuk hondatu gabe. Herritarrek ez badute beste aukera hoberik azukrea ordezkatzeko, gerta daiteke, azkenerako, dieta desorekatzea eta, adibidez, gantz gehiago duten elikagaiak hartzera jotzea. Eta elikagai gantzatsuek, ongi frogatua dagoen bezala, gizentasuna dakarte. Nutrizioan, neurri ezkorrak baino askoz ere eraginkorragoak dira baikorrak.

Orduan, elikagai azukretsuei zerga gehiago ezartzea ez litzateke izango neurri ona.

Maila politikoan zerbait egin behar da dieta txarraren ondorioz agertzen diren gaixotasun batzuei aurre egiteko, baina edozein neurri abian jarri aurretik, funtsezkoa da funtzionatzen duela egiaztatzea, ez dezan ekarri eragin ustekabeko eta txarrik.

Zer-nolako ekintzak presta daitezke horretarako?

Elikadura arloko industriarekin lan egin behar da, elikagai eskaintza osasungarria izan dezagun eta erabiltzen dituen azukre kantitateak mantso-mantso murriztuz joan dadin, ogiaren gatzarekin egiten ari den bezala. Ekoizleen eta merkatuen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Elikagai osasungarri bat hautatzeko, eskaintza egon behar du eta kontsumitzailek eskura eduki behar du. Zenbait ikerketak erakusten dute, elikagai batzuei zerga gehiago jarrita ere, kontsumitzaileek ez dituztela aldatzen erosteko ohiturak. Aldiz, osasungarrienei laguntzak emateak funtziona lezake. Gure dietan karbohidrato konplexuak eta zuntza falta badira, komenigarriagoa da fruta, berdura, osoko zereal gehiago janarazteko estrategiak sortzea. Eta denborarekin, kontsumitzaileek ikasi egingo dute azukre ugariko elikagaiak baztertzen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto