Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Txertoak ez dira haurrentzat soilik

Behin 60 urte eginda, komeni izaten da zenbait txerto hartzea: gripearena, pneumokokoarena eta zester herpesarena

  Txertoek ez dute adinik, baina pertsonek bai, eta adin batetik aurrera oso aintzat hartzea komeni da txertatzeko aukera, nahiz eta jende askok ez dien jaramonik egiten osasun erakundeek arlo horretan egiten dituzten gomendioei. Arlo terapeutikoan izan den aurrerapenik handienetakoa ekarri dute txertoek, eritasun larriei eta hilgarri izan daitezkeenei aurre hartzeko balio duten heinean, eta, era berean, osasun publikoan lortu den aurrerabiderik handienetakoa izan dira. Haurrekin zalantza gutxi izaten dituzte gurasoek, eta ia gehienei jartzen dizkiete, baina helduaroan besterik gertatzen da, eta jende askok gutxietsi egiten ditu txertoen abantaila. Hortaz, gutxik jakiten dute txertoek zer-nolako onurak egin ditzaketen behin adin batera iritsita, eta are gutxiagok erabakitzen dute txertatzea.

Adina gora, eta infekzioen arriskua ere gora

Adina arrisku-faktore gehigarria da infekzio larrientzat (heriotza ere ekartzen dute batzuek). Urteetan aurrera egin ahala, zahartu egiten da immunitate-sistema, lokartu bezala egiten da, eta mantso eta nagi erantzuten du. Horrexegatik agertzen dira infekzioak sarriago eta izaten dira eraginak kaltegarriagoak. Arrazoi horiengatik guztiengatik, SEGG Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak Txertaketentzat duen Aditu Taldeak gomendatzen du 60 urtetatik aurrera honako txerto hauek hartu behar liratekeela: gripearen aurkakoa, pneumokokoaren aurkakoa, tetanosaren aurkakoa (hirurak osasun publikoak finantzatzen ditu Espainiako Estatuan) eta zoster herpesaren aurkakoa (oraindik ez da doakoa eta unibertsala). Txerto horiek guztiak seguruak dira, eraginkorrak eta oreka ona ageri dute emaitzen eta kostuen artean.

Gripearen aurkakoa: immuneak 14 egunen buruan

Europan 40.000 lagun inguru hiltzen dira urtean gripearen eta gaitz horrek dakartzan ondorioen erruz, eta Espainiako Estatuan, berriz, 1.400 eta 4.000 lagun artean. Hiltzen diren guztien %90 inguru 65 urtetik gorakoak izaten dira, eta horien artean, txertorik hartu ez dutenak %85. Gripeak beste eritasun larriagoak ekar ditzake, pneumonia esaterako, eta hain zuzen, 65 urtetik gorakoek izaten dute hori gertatzeko arrisku gehien. Horrexegatik, urtero, urritik azarora bitartean, txertoa hartzea gomendatzen zaie 60 urtetik gorako pertsonei. Dirudienez, txertoa eman eta handik 14 egunetara lortzen da immunitatea. Gripearen aurka Estatuan erabiltzen diren txertoek ez dute izaten birus bizirik, eta, ondorioz, ez dute griperik eragiten.

Pneumokokoaren aurkakoa, 60 urtetik aurrera

Streptococcus pneumoniae edo pneumokokoa esaten zaion bakterio batek sortzen du gaixotasun pneumokozikoa (bakterio horrexek eragiten ditu pneumonien erdiak). Adineko pertsonetan hilgarria izan daiteke askotan, nahiz eta antibiotiko bidezko tratamendua hartu. Gainera, mikro-organismoa horrek gero eta gaitasun handiagoa du antibiotikoei eusteko, eta, hortaz, funtsezkoa da prebentzio neurriak hartzea, besteak beste gripearen aurkako txertoa eta pneumokokoaren aurkakoa. Gaur egun, pneumokokoaren aurkako bi txerto daude: polisakaridoa batetik, zeina orain dela hamarkada bat erabiltzen den eta erkidego guztiek doan eta modu unibertsalean ematen duten; bestea berriagoa da: txerto konjugatua esaten zaio, eta arrisku-talde batzuei soilik ematen diete. Pneumokokoaren aurkako txertoak ia kasuen %70etan babesten ditu adineko immunokonpetenteak, %25 murrizten ditu pneumoniagatiko ospitaleratzeak, eta ospitalera joan behar izanik ere, txertoari esker denbora gutxiago igaro behar izaten dute han gaixoek. Txerto hori hartzeko gomendatzen zaie 60 urtetik gorakoei, baldin eta leku itxietan bizi badira; eritasun kronikoak dituztenei, berriz, lehenago has daitezen gomendatzen diete. Dosi bakarra ematen dute, eta gripearen aurkako txertoarekin batera har daiteke, baina gorputzeko beste lekuren batean jarrita.

Zoster herpesa, baztangaren oroitzapena

  Varicela zoster (VVZ) birusak sortzen duen gaixotasuna da zoster herpesa, eta baztanga ere horrek berak sortzen du haurrengan. Sendatu ondoren, nerbio-gongoil sentsorialetan kokatua geratzen da birusa, eta defentsak apaltzen badira, gerta liteke berriz aktibatzea eta zoster herpesa agertzea. Berrogei urtetik gorako pertsona gehienek izaten dute arrisku hori.

Immunitate-sistema erasoei erantzuteko gauza denean, zosterrak onerako bilakaera egiten badu, bi eta lau aste behar izaten du pertsona horrek osatzeko, baina adinekoetan edo pertsona immunodeprimituetan (minbiziaren aurkako tratamendua hartzen ari direnak, transplante bat egin dietenak edo gaixotasun autoimmune bat daukatenak) hainbat arazo eragin ditzake: neuralgia postherpetikoa (hilabete baino gehiago irauten duen oinazea), larruazaleko infekzioak, konjuntibitisa, korneako ultzerak, glaukoma, gorreria, hepatitisa eta, muturreko kasuetan, heriotza ere bai.

Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Suedian badute txerto baimendu bat 2006. urteaz geroztik zoster herpesari aurre hartzeko. Espainiako Estatuan oraindik ez dute eskaintzen, baina badirudi aurki izango dela (2014ko lehen hiruhilekoan). Besterik da doan izango ote den. Txertoak 120-170 euro balio du, eta litekeena da hartzaileak berrordaindu egin behar izatea.

Adineko pertsonen txertoak. Zenbait aholku:

  • Gaixotasun akutu bat, larri samarra edo larria duten pertsonek gerorako utzi behar dute gripearen eta pneumokokoaren aurkako txertoa.
  • Guillain-Barré sindromearen aurrekariak dituzten pertsonek arretaz zaindu behar dituzte gripearen aurkako txertoa hartu ondorengo sei hilabeteak.
  • Aipatu ditugun txerto horiek edo beren osagaietako batek (adibidez, gripearen aurkakoak arrautzaren proteina izaten du) erreakzio anafilaktikorik eragin izan badu inoiz, ez da txertorik hartu behar.
  • Inori GIBa diagnostikatu badiote, albait arinen eman behar zaio pneumokokoaren aurkako txertoa; norbaitek tratamendu immunosupresore bat hartzen hasi behar badu edo barea kentzeko ebakuntza programatu badiote, bi aste lehenago hartu beharko du.
  • Minbiziagatik kimioterapia edo erradioterapia tratamendu bat hartu bada, hura bukatu eta handik hiru hilabetera hartu behar da pneumokokoaren aurkakoa.

Iturria: Primitivo Ramos, geriatriako aditua, unibertsitateko aditua txertoen arloan eta SEGG Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak Txertaketentzat duen Aditu Taldeko kide eta idazkaria



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto