Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Zer egin elikagairik ez alferrik galtzeko eta ingurumena zaintzeko

Janaria eta naturako baliabideak alferrik ez galtzeko neurriak hartuta, kontsumitzaileek dirua aurrezten dute eta ingurumenari mesede egiten zaio

  Elikagaiak alferrik galtzeak era askotako ondorioak ditu, eta kalteak neurtzen hasita, kontsumitzaileen sakelari eta ingurumenari egiten diona aipatu behar. Gizakiok jateko ekoizten diren elikagai guztien herena galdu edo bota egiten da munduan, mila milioi tona baino gehiago, eta 550.000 milioi euroko kostua izaten du horrek, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera (FAO). Europako Parlamentuko Batzordeak kalkulatu duenez, pertsona bakoitzak 179 kilo janari galtzen ditu alferrik urtean, eta jateko modukoak izan eta galtzen diren elikagaien %50 elikadura-katean bertan bihurtzen dira hondakin.

Elikagaiak alferrik galtzea saihesteko

Gizarteari eta ingurumenari eragiten dioten hainbat arazo dakartza elikagaiak alferrik galtzeak. Munduan, zazpi lagunetatik bat goseak bizi da, eta bost urtetik beherako 20.000 haur baino gehiago hiltzen dira gosez egunero. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuak dira. Europako Batzordearen kalkuluen arabera, Europako Batasunean (EB) 79 milioi pertsona baino gehiago bizi dira pobreziaren mailatik behera, eta ez dute duin elikatzeko modurik.

Elikagaiak alferrik galtzea, gainera, ingurumen-arazo handia da, elikagaiak lortzeko prozesuak gauza gutxik adinako kaltea egiten baitio bioaniztasunari eta zoruari: besteak beste, agortu egiten ditu naturako baliabideak; kutsadura sortzen du pestizidak eta ongarri nitrogenatuak erabiltzen direlako, eta kutsadura sortzen da, halaber, garraiatzeko eta ontziratzeko prozesuan; hondakinak eta berotegi efektuko gasak ere sortzen dira, zeinak zuzen-zuzenean eragiten baitiote klima aldaketari

Nazio Batuen Erakundearen arabera, pertsonak bizitzeko behar den gainazalaren %25 erabiltzen da elikagaiak sortzeko, ur kontsumoaren %70 eskatzen du, galtzen diren oihanen %80 horren erruz galtzen dira eta mundu guztiko isurien %30 eragiten ditu. FAO erakundeak adibide argigarriak eskaintzen ditu. Urtero, ekoitzi bai baina kontsumitu gabe geratzen diren elikagaientzat behar izaten den ura Errusiako Volga ibaiak urte osoan izaten duen emariaren parekoa da, eta berotegi-efektua eragiten duten gasetan 3.300 milioi tona isurtzen dira atmosferara.

Ez da harritzekoa, beraz, Ingurumenaren Mundu Egunak gai hori aukeratzea 2013ko ekitaldirako ("Pentsatu. Elikatu. Aurreztu" izan da leloa), edo Europako Batzordeak "Elikagaiak alferrik galtzearen kontrako Urtea" izendatu izana. Helburu argia dute bi ekimen horiek: herritarrak animatzea elikadura arloko beharrizanek sortzen duten aztarna murriztera eta haiei kontzientzia harraraztea ohar daitezen zenbateko kaltea egiten dion ingurumenari elikagaiak alferrik galtzeak eta zaborretara botatzeak.

Hainbat neurri har daitezke elikagai gutxiago alferrik galtzeko eta horrek ingurumenean duen eragina murrizteko: ekoizpen-katea hobetu, ekoizleak lagundu kudeaketa iraunkorra lor dezaten, elikagaien itxurari ez lehentasunik ez eman, janaria alferrik galtzera daramaten kontsumo-ereduak murriztu (buffet erakoak, adibidez), saltokien eta GKEen artean kooperazio-kanalak sortu produktuak aprobetxatzeko, edo ingurumenarekiko kontzientzia areagotu. Eta kontsumitzaileek ere uste duten baino gehiago egin dezakete arazo hau saihestu edo ahal den neurrian murrizteko. Besteak beste, ekologiaren zazpi arauak aintzat hartu, erosketak ongi antolatu, elikagaien kontsumoa programatu eta ahalik eta gutxiena honda dadin saiatu.

Zortzi aholku ezertxo ere ez alferrik galtzeko

  Elikagaiez gain, beste hainbat baliabide ere galtzen ditugu alferrik: gelan inor ez eta argia pizturik uzten dugunean, txorrota ireki eta ura ihesi joaten zaigunean, edo autoan norbera bakarrik ibiltzen denean, adibidez, kalte egiten ari gara ekonomiari eta ingurumenari. Hona hemen halakoak eragozteko zenbait aholku:

  • Energiarekin modu eraginkorrean jokatu. Eraikinak hobeki isolatu, kontsumo txikiko bonbillak erabili, kontsumoaren berri ematen duten kontagailu adimendunak jarri, banpiro elektrikoak saihestu -plasmako telebistak, ordenagailuak, bideo-kontsolak, mikrouhin labeak, hortzetako eskuila kargagarriak... dira arriskutsuenak, horiek kontsumitzen dutelako gehien-, eraginkortasun energetiko handiko berokuntza- eta klimatizazio-sistemak eduki, energia aurrezten laguntzen duten web-orrietara jo, eta abar. Inpaktu energetikoa murrizteko beste ideia bat izan daiteke etxerako kontratatua dugun potentzia elektrikoa murriztea, eta norberak dituen beharrizanen arabera finkatzea. Potentzia elektrikoari dagokion kontzeptuaren pisua areagotu egin da argindarraren ordainagirian, eta, ondorioz, kontsumitzaileak pentsa dezake ez dela hain kezkagarria energia alferrik galtzea, beti berdin ordainduko baitu argindar gutxi edo asko gastatu.
  • Ura zaindu. Txorrota ez utzi irekita beste zerbait egiten ari garen bitartean, dutxak hartzea eta ez bainuak (bost minututik gorakoak ez badira), txorroten ihesak eta itoginak konpondu, emaria dosifikatzeko eta ura aurrezteko sistemak ezarri, euri-urak erabili...

Botilako urak iturrikoak baino gastu handiagoa eragiten du eta ingurumenari ere kalte gehiago egiten dio, eta erraza da hori saihestea. Gure inguruan, iturriko ura aski kalitate onekoa da, eta botila berrerabilgarrietan gorde daiteke.

  • Behar den hori kontsumitu. Zerbait erosi aurretik, geure buruari galdetu behar diogu egiaz behar ote dugun, eta ez dugu amore eman behar modaren edo publizitate oldarkorraren aurrean. Produktuak alderatzea, trukatzea, bigarren eskukoak erabiltzea, etxean dugunari ahalik eta etekinik handiena ateratzea ere oso lagungarria da.
  • Modu iraunkorrean bidaiatu. Ahal den guztietan, merkeagoa eta ekologikoagoa da garraio publikoan joatea, bizikletan, oinez, edo horiek guztiak konbinatuz. Eta autoa erabili beste aukerarik ez badago, behintzat modu eraginkorrean egin behar genuke (%25 ere aurreztu daiteke erregaietan), eta ibilgailua eta garajea partekatu.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto