Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikagaiak seguruago kontsumitzeko eta etekin hobea ateratzeko

Etxean janari gutxiago alferrik gal dadin, funtsezkoa da erosketak planifikatzea eta arretaz erreparatzea iraungitze-datari eta kontsumo-data gomendatuari

  Elikagaiak alferrik galtzea guztioi eragiten digun arazoa da: kontsumitzaileei, elikadura arloko industriari, ostalaritzaren arloari... Esan liteke esku artetik ihes ere egin digula kontuak. Espainiako Estatuan, adibidez, urtean zortzi milioi tona elikagai galtzen dira alferrik. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (MAGRAMA) zenbait neurri sustatu ditu zifra hori erdira jaisteko 2020. urterako. Elikagairik gehien zer esparrutan galtzen den ere adierazten dute datuek: batik bat, etxean, gu guztion etxeetan alegia. Kontsumitzaile gisa, geure esku dago joera hori geldiaraztea eta elikagai gutxiago alferrik galtzea. Horretarako, zertxobait aldatu behar genituzke elikagaiak kontsumitzeko, erosteko eta kudeatzeko moduak.

Aurreikuspena eta segurtasuna

Erosketak egitera joan aurretik, hozkailuari eta biltegiari begiratu bat ematea komeni da, horrela jakingo baitugu zer falta den eta zer elikagai diren lehenbizi jatekoak. Oso lagungarria izaten da, halaber, asteko menua planifikatzea eta zer osagai beharko diren zerrendatzea.

Elikagaiak hozkailuan eta biltegian jartzean, lehenbizi iraungiko direnak jarri behar dira aurrean, eta azkena erosi direnak atzean. Elikagaiak kontserbatzeko, argi- eta tenperatura-baldintza jakinak zaindu behar dira, eta ekoizleak etiketan adierazi ohi du baldintza horiek zein diren. Gogoan hartzekoa da elikagai asko, giroko tenperaturan edukitzekoak izan arren, hozkailuan sartu behar izaten direla behin irekin ondoren.

Adi etiketari

Hainbeste elikagai ez alferrik galtzeko, lagungarria izaten da elikagaien etiketak arretaz irakurtzea oso. Hortxe agertzen da informaziorik funtsezkoena, iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua alegia. Osasun- eta kalitate-kontrol zorrotzak egin ondoren ezartzen dira bi data horiek, eta gauza bera adierazten ez duten arren, jendeak nahasi egiten ditu sarri askotan:

  • Iraungitze-data. Egun horretatik aurrera, produktua ez da kontsumitu behar, baina lasai kontsumi daiteke egun horretan bertan. Batez ere produktu pasteurizatuekin erabiltzen da (esnea, jogurtak...), haragiekin edo hutsean ontziratuekin, arrisku handiko elikagaitzat jotzen baitira. Honako aipamen hau ageri dute etiketan edo ontzian: "Iraungitze-data" eta, jarraian, data bera (edo data non ageri den esaten duen oharra), hurrenkera honetan emana: eguna, hilabetea eta urtea.
  • Kontsumo-data gomendatua. Informazio horrek adierazten du zein egunetatik aurrera has daitekeen produktu bat kalitatea galtzen, baina egun hori pasatu eta gero janda ere, ez du izaten arriskurik osasunarentzat. Gerta liteke ezaugarri organoleptikoak zertxobait aldatzea.

Bi kontzeptu horiekin batera, kontserbatzeko baldintzei buruzko informazioa ere agertzen da etiketan (tenperatura, argia, hezetasuna). Ekoizleak ematen dituen gomendio horiek aintzat hartu ezean, gerta liteke produktuaren ezaugarri batzuk aldatzea.

Nola kontserbatu soberan geratu den janaria?

Janari hondarrei ahalik eta etekinik handiena ateratzen asmatuz gero, askoz elikagai gutxiago galduko dira alferrik, baina jakin egin behar da hori nola egin eta zer baldintza zaindu elikagai horiek kontserbatzeko. Gako nagusietakoa da arrisku eremutik kanpo jartzea, hau da, 5 ºC eta 65 ºC arteko tenperatura tartetik kanpo, non bakterioak azkarrago hazten diren. Janari hondarrek bi ordu baino gehiago egin badute tenperatura tarte horretan, bota egin behar dira.

Oilasko errea, adibidez, gisatuak egiteko erabil daiteke. Haragia, oro har, hiru egunetan eduki daiteke hozkailuan behin egin eta gero, ez gehiago. Elikagai guzti-guztiak ontzi hermetikoetan sartu behar dira, eta bizpahiru egun egin ditzakete gehienera ere, salbu eta arrautzekin egindako platerek; horiek berehala jan behar dira. Arrainak, itsaskiak eta saltsak bereiz gorde behar dira, eta, gehienez, 24 orduz egon daitezke hozkailuan

Ontziei dagokienez, ez da komeni oso sakonak izatea, janaria azkarrago hoztu dadin. Oso lagungarria izaten da data idaztea, elikagai bakoitzari jarraipena egin eta denbora gehiegian ez edukitzeko gordeta. Hozkailuan, gorengo aldean jarriko ditugu janari hondarrak, prozesatu gabe dauden elikagaiak ez ditzaten kutsatu. Izozteko asmotan bagabiltza, hoztera utzi behar dira izoztu aurretik, eta hiru hilabete pasatu baino lehenago jan. Desizozteko, mikrouhin labea erabil daiteke (denboraz larri bagabiltza), edo hozkailua bestela (gau osoa utzita). Behin desizoztu diren janari hondarrak ez dira berriz ere izoztu behar.

10 aholku janari gutxiago alferrik galtzeko

  •   Elikagaiak ongi antolatu, eta zaharrenak aurrean jarri: etxean lehenbizi sartu dena atera behar da lehenbizi.
  • Produktuaren ontziak edo etiketak dioenari jarraitu biltegiratzean.
  • Elikagai guztiak baldintzarik onenetan gorde, baita janari hondarrak ere.
  • Janariari susmo txarra hartzen badiogu, usaindu eta itxurari erreparatu, eta horren arabera erabaki.
  • Ontzi edo poltsa gardenak erabili elikagaiak hobeki kontrolatzeko.
  • Elikagaiak bere saldatan edo likidotan utzi, baldin eta erabat estalita badaude (adibidez, atuna eta antxoak oliotan, fruta almibarretan...).
  • Janari hondarrak ontzi garbietan gorde. Ez dezatela izan beste janarien arrastorik, eta neurriz ere egokiak izan daitezela (ontzia zenbat eta beteagoa egon eta airerik gabea bada, hainbat hobeki).
  • Behin hozten denean, beti hozkailuan gorde behar da janari prestatua, bizpahiru egunez gehienez ere, edo, bestela, berehala izoztu.
  • Ongi garbituta eta desinfektatuta egon behar dute elikagaiak gordetzeko erabiliko diren tresna eta toki guztiek.
  • Elikagaiak eskuetan erabiltzeko orduan higiene ona izatea ere garrantzitsua da


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto