Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Eguberriak ika-mikan: nola saihestu familia barneko gatazkak?

Herritarren %80ri baino gehiagori iruditzen zaie Gabonetan estresa, antsietatea, tristura edo depresioa sortzen direla

  "...ikusiko duk aita barrezka, amaren poz ta atseginez..." esaten du Hator hator kantuak, baina etxe askotan ez da izaten halako giro goxorik. Urte guztian erdi ezkutuan egon diren gatazkei xanpainari bezala gertatzen zaie: kortxoa kendu eta atera eta atera hasten da botilatik, ezin kontrolatzeko moduan; harremanekin ere antzera, gainez egiteko arriskua izaten da. Dibortziatzen edo banatzen diren bikoteen %80 baino gehiago uda ondoren egiten dira, eta Eguberrien ondoren ere askok eta askok eteten dute harremana edo familia bereko kide askok uzten diote elkarri hitz egiteari. Baina zein dira desadostasun eta ezin ikusi horien protagonista nagusiak eta zergatik?

Familian, eztanda giroa

Adostasunik ez dagoenean sortzen dira gatazkak, batez ere zerbaiten inguruan negoziatu behar denean. Edozein familiatan sor daitezke desadostasunak, bai itxuraz arazorik ez duten eta ongi moldatzen diren familietan, eta bai familia desegituratuetan, non interes gatazkak agertzen diren eta negoziatu egin behar den, adibidez, seme-alabek noiz bisitatuko dituzten gurasoak. Bestalde, otorduak prestatzen dituzten amonek eta amek beti ez dute ontzat jotzen semea edo alaba familia politikoaren etxera joan dadin egun berezi horiek pasatzera. Baina gatazkak sortzeko arrazoia ez da izaten senidetasuna edo norberak familian hartzen duen lekua; gehiago eragiten du familiako kideen nortasunak eta izaerak, batez ere norbaitek malgutasunik gabe eta zorroztasun handiz jokatzen badu familia horretan ezarrita dauden ohiturekin eta arauekin.

Gatazka sortzeko arrazoiak

Eguberrietan azaleratzen diren gatazka batzuk erdi lo bezala egoten dira urte osoan, eta garai honetan ernatzen dira. Horietako batzuk sakonak izaten dira (komunikazioak huts egiten duenean). Beste gatazka batzuk egun berezi hauetan sortzen dira, erabaki jakin batzuk hartu behar izaten direnean. Honako egoera hauek izaten dira sua pizteko pindarra:

  • Komunikazio falta, bai familian gutxi hitz egiten delako, edo bai modu desegokian esaten direlako gauzak. Familia batzuetan "isildu eta egin" izaten da leloa, eta pilatu egiten dira gatazka txikiak. Horietan arrisku handiagoa izaten da leherketa emozional kontrolaezinak gertatzeko. Halakoak saihesteko, komunikazio asertiboarekin saiatzea komeni da; hau da, komunikazio eraginkorra erabili behar da, besteari erasoko ez diona gauzak modu oldarkorrean esanez, inork borreroaren papera jokatu gabe eta inork besteari men egin beharrik gabe, biktima balitz bezala eta errudun sentituz.
  • Denbora eta dirua gaizki planifikatzea Eguberrietan. Egun horietan zer egin, nora joan eta zer jan erabaki behar izaten da, eta, aldi berean, lantokiko zereginei ere erantzun behar zaie. Horrek guztiak estresa eragiten du, zalantzarik gabe. Herritarren %80ri baino gehiagori iruditzen zaie estresa, antsietatea, tristura edo depresioa sortzen direla Eguberrietan. Tentsio gehigarri horiek saihesteko, egun horietako planifikazioa nahiko denborarekin egitea komeni da.
  • Itxaropen edo asmo handiegiak izatea edo festen ikuspegi irreala edukitzea; adibidez, frustrazioa ekar dezake luxuzko afari bat eman nahi izatea diruz larri gabiltzanean, edo Eguberrietako loteria tokatuko zaigula uste izateak, eta modu txarrean erreakzionatzeko arriskua izaten da itxaropen horiek gauzatu ez direlako. Halakoak saihesteko, Eguberrietan bezala bizitzako garai eta esparru guztietan ere, helburu eta asmo handiak jarri behar dizkiogu geure buruari, motibatuko gaituztenak, baina errealak eta iristeko modukoak izan behar dute, bestela frustrazioak erasango digu.

Gatazkei aurre egitea: lehenago, gatazka garaian eta ondoren

  Familiako kideen arteko harremanak estutzeko balio behar lukete Eguberriek, eta ez familian dauden arazoak konpontzen saiatzeko. Hori aurretik egin behar da. Horretarako, bitartekari batengana jo daiteke, profesional batengana (izan daiteke psikologian aditua, gizarte zerbitzuetan aritzen dena...), eta hitz egin dezala familiako kiderik objektiboenarekin eta ulerkorrenarekin, eta saia dadila egon litezkeen desadostasunak konpontzen festa egunak iritsi baino lehen.

Ezin denean, eta familiako kideren bat Eguberrietan bere onetik ateratzen denean, adituek gomendatzen dute, eztabaida zentzuzko muga batzuen barrenean gertatzen bada, haurrei ez zaiela ezkutatu behar egoera hori, haiek ere familiako zati direlako; norbaitek beste norbaiti hitzez edo fisikoki erasotzen badio, orduan bai, haurrak handik ateratzea komeni da. Era berean, gutako batek oihu egiten badu edo zakar hitz egiten badu, haurren aurrean barkamena eskatzea komeni da ("barkatu, aitatxok edo amatxok ez du ongi egin"); haurrek, izan ere, ikusten dutena ikasten dute, eta helduak imitatzeko joera izaten dute.

Eguberrietan gatazkaren bat sortzen bada, nola egin behar zaio aurre hurrengoari? Adituek diotenez, gatazkak konpontzeko, aurre egitea da bide bakarra, eta ez ihes egitea. Batzuek, lotsagatik edo beldurragatik, ihes egiten diete arazoei, baina jakina da hortxe jarraituko dutela bizitza guztian, handituz eta handituz. Hobe da urteko beste garairen batean hitz egitea, patxada gehiagorekin gabiltzanean eta emozioak baretu direnean. Hala ere, konpondu ezina oso nabarmena eta gogorra bada, adituen ustez, hobe da hurrengo Eguberrietan ez elkartzea, eta arazoa konpontzen den arte zain egotea.

Eguberriak familian gozatzeko aholkuak

  1. Negoziatu eta adostu non, nola eta zeinekin pasatuko dituzuen egun horiek.
  2. Behin adostu ondoren, ez eman buelta gehiagorik erabakiari eta gozatu festekin.
  3. Familiako arazoak Eguberrien aurretik konpondu, eta, behar balitz, jo profesional batengana.
  4. Garaiz planifikatu non eta zeinekin pasatuko duzuen egun bakoitza.
  5. Zuen egoerarekin bat datorren aurrekontua egin, dagoen baino gehiago ez gastatzeko. Hartu gogoan elkarrekin egotea dela garrantzitsuena.
  6. Zaindu jokabidea, nahiz eta atsegin ez duzuen norbaitekin egon behar izan mahaian.
  7. Ez egin gehiegikeriarik edariarekin, lotsagabetu egin baitu, eta jokabidearen kontrola galarazi ere egin dezake.

Iturriak: Amaya Terrón, Amaya Terrón Psikologia Zentroko zuzendaria (Madril), Elena Borges, Elena Borges Psikologia Zentroko zuzendaria (Fuenlabrada, Madril) eta Psikologoen Madrilgo Elkargo Ofiziala



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto