Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa

Λ

"Eguberri hauetan... jolastu egin nahi dut!"

Ikasturtean sartuta, egunean bi orduz soilik aritzen dira haurrak jolasean; Gabonetan aukera ona izaten da egoera zuzentzeko

  Adituek behin eta berriz nabarmentzen dute haurrek zer maite duten gehien: jolastea. Baina eguneroko erritmoak eta ikasturtean izaten dituzten jarduera ugariek eragotzi egiten dute haurrak behar adina jolas daitezen, eta halaxe ohartarazi du Haurren Jolasaren Behatokiak ere (Estatuko haurrek jolasteko duten eskubidea babesteko ardura du). Jolasak garatu egiten du haurraren komunikazioa, sustatu egiten du autoestimua, handitu egiten du haren irudimen eta hobetu baldintza fisikoak eta diziplina, beste zenbait gauzaren artean. Dohain horiek guztiak edukita ere, Estatuko haurren erdiak ordubete eta bi ordu artean soilik jolasten dira eskola egunetan, datu horixe eman du Helduek jostailuez duten pertzepzioa izeneko ikerketak (Jostailuaren Zentro Teknologikoak egina da). Eta egoerak okerrera egiten du haurrak handitu ahala: bederatzi urtetatik aurrera, Estatuko haurrak egunean ordubete baino gutxiago aritzen dira jolasean. Eguberrietan, ordea, haurrek eta helduek denbora libre gehiago izaten dute, eta, beraz, aukera gehiago jolasean aritzeko. Denbora horri etekina nola atera jakiteko, zenbait ideia dibertigarri bildu ditugu, opor hauetan haurrak eta gurasoak elkarrekin jolas daitezen, elkarrekin gozatu eta ikasi ere bai.

Altxorraren bila

Jolas ezaguna da, eta dibertigarria oso. Altxor bat gordetzen da etxeko bazterren batean (jostailu bat, litxarreria batzuk, opari bat), eta haurrek aurkitu egin behar dute. Jolasa erakargarriagoa egiteko, argibide edo arrasto batzuk ere gorde behar dira. Arrasto batek beste batera eramango ditu, eta hurrengoak hurrengora, eta, banan-banan aurkituz, altxorra non dagoen jakingo dute. Arrasto edo aztarna batetik bestera iristeko, asmakizun baten erantzuna aurkitu beharko dute (adibidez, "bilatu etxeko lekurik hotzenean", hozkailuan alegia), edo probaren bat gainditu beharko dute ("puzzle hau egiten duzuenean, hurrengo argibidea emango dizu norbaitek").

Eguberrietako ipuina, guztien artean

  Hauxe da proposamena: zenbait haurren artean ipuin bat sortzea. Helduak koordinatzaile gisa joka dezake, eta haurrak ipuinari jarraipena eman ezinik geratzen direnean edo trama gehiegi nahasten denean, lagundu egingo du jolasa arintzeko. Heldua hasiko da kontatzen (Eguberriekin zerikusia duen gaia hauta dezake). Une jakin batean, haur bati pasatuko dio txanda, eta hark jarraitu egingo du, berak nahi duen bidetik; ondoren, berriz ere helduak jarraituko du. Haurrentzat erronka txiki bat izan daiteke helduari gauzak bihurri jartzea: ea nola moldatzen den historiarekin jarraitzeko!

Eguberrietako marrazki handi bat, taldean

Aurreko jolasean ipuina egin dute, eta honetan marrazkia. Paper handi bat zintzilikatu edo itsatsi behar da horman edo arbelean. Haurretako bat hasiko da zerbait marrazten. Hurrengoak jarraitu egingo du. Eta horrela, bat bestearen atzetik. Haurrek oso ongi pasatuko dute batek eta besteak zer marrazten duen ikusiz.

Itsututa marraztea

Paperak, arkatzak, errotulagailuak, bolalumak eta abar behar dira. Jolas honetan ere marraztu egin behar dute haurrek, baina begiak estalita! Helduak proposamenak egin ditzake (Eguberrietako irudiak marrazteko, adibidez): zuhaitza, Olentzero, haren astoa... Haurrak, esan bezala, begiak estalita ariko dira, eta bukatzen dutenean, estalgarria kendu eta hantxe agertuko zaie artelana! Barre galantak egingo dituzte.

Ezetz asmatu zer dagoen poltsan...

Jolas honek prestaketa lan gutxi eskatzen du. Hainbat testuratako objektuak bilatu eta poltsa batean sartu behar dira. Haurrek ez dituzte ikusiko: eskua poltsan sartu, eta ukituz asmatu beharko dute bakoitza zer den. Nola eman jolas honi Eguberri ukitu bat? Galtzerdiak sar daitezke, Olentzeroren txapela, zuhaitzean apaingarri jartzen diren bolak, izarrak...

Katua eta sagua...

  Sei edo zazpi haur behar dira jolas hau egiteko. Biribilean eseriko dira, bi baloirekin: bat katua izango da eta bestea sagua. Eskuinean dutenari pasatu behar diote baloia, ahalik eta lasterren. Baloi batek ("katuak") beste baloia ("sagua") harrapatu behar du. Nork galtzen du? Katuak sagua harrapatzean, sagua eskuetan duen haurrak edo baloia eskuetatik galtzen duenak. Entretenigarriagoa egiteko, zeregin jostagarri bat jar daiteke "galtzaileentzat".

Eguberrietako globo hegalaria

Haurrak biribilean eserarazi, eta bakoitzari zenbaki bat edo Eguberrietako izen bat ematen zaio (Olentzero, Mari Domingi, astoa, artzaina...). Haur bat erdian jarriko da, zutik, globo bat gorantz jaurti eta zenbaki edo izen bat esango du. Zenbaki eta izen hori duen haurrak zutik jarri behar du, bere lekua lehen zutik zegoenari utzi, globoari azkar gorantz eragin airean jarrai dezan eta, aldi berean, beste norbaiten izena edo zenbakia esan. Eta horrela globoak lurra ukitu arte.

Eguberrietako bide-jokoak familian

  Bideo-jokoek ez dute zertan izan kaltegarriak haurrentzat, baldin eta neurrian erabiltzen badituzte. Europako Parlamentuak berak onartu duenez, "jolaserako gailuak ongi erabilita, trebetasunak lantzen dira", besteak beste haurren irudimena eta kooperazioa. Bideo-jokorik onenak -batez ere, egun horietan- taldean jokatzeko aukera ematen dutenak dira. Hau da, ulertzeko eta erabiltzeko zailak ez direnak, eta jokalari askok parte hartzeko modua ematen dutenak.

Eguberrietako txartelak egitea

Eskulanak -marraztea, margotzea, itsastea, koloreztatzea edo collageak egitea- oso erakargarriak dira haurrentzat. Eguberrietako txartelak eginda, bi helburu lortzen dira: haurrek ongi pasatzea eta familiakoentzat eta lagunentzat opariak egitea. Helduek postalak egin ditzakete haurrekin. Eta harritu egin ditzakete txartel tolesgarriak eginez edo tolesekin apainduz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto