Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Interneten mediku bila: Klik... eta medikua

Medikutara joaten diren pertsonen %65 Interneten begira aritzen dira zer gertatzen zaien ulertzeko edo bestelako tratamenduren bat bilatzeko

  Gaixotasunen bat edo sintomaren bat agertu orduko, jende askok jotzen du Internetera irtenbide bila. Batzuek tratamendu bat aurkitu nahi izaten dute, beste batzuek profesional egoki baten berri jakin nahi izaten dute. Medikutara joaten diren pertsonen %65 Interneten sartzen dira, medikutara joan aurretik edo handik atera ondoren, medikuak zer esan nahi zien ulertzeko edo bestelako sendabiderik badagoen jakiteko, datu hori eman du Red.es-ek egindako azterketa batek (ONTSI Telekomunikazioen Espainiako Behatoki Nazionalaren barneko erakundea da). Osasun arazo batek urduri jartzen gaitu eta ezinegon nabarmena eragiten digu, eta ulertzeko da, hein batean, jendeak jokabide hori izatea. Internet, gainera, erosoa, azkarra, erraza eta merkea da.

Baina osasunari dagokion edozein bilaketa, Interneten edo beste edozein euskarritan egiten dena, medikuarekin aztertu behar da, eta Sarea hain gauza eskuragarria izateak ez dezake ordezkatu medikuaren eta gaixoaren arteko harremana. Kontuan hartu behar da bilatzaile ahaltsuen motorrak, Googlerenak esaterako, ez direla gai bereizteko zer informazio den kalitatezkoa eta zer informazio ez, eta, beraz, praktikan, Interneten denetarik aurki liteke. Gauza guztiak maila berean daude, baina ez dira maila berekoak. Mundu paralelo bat da, informazioa sailkatu gabe eta kopuru izugarrietan eskaintzen duena, eta gerta daiteke osasunaren inguruan askorik ez dakien norbaitek fidatzekoa ez den informazioa aurkitzea, haren arazoarentzat egokia ez dena, nahasgarria edo, besterik gabe, osatu gabea. Sarea oker erabiltzeak ondorio kaltegarriak ekar ditzake: infoxikazioa da horietako bat (informazio gehiegiak sortzen duen toxikazioa), eta horrek ziberkondriara eraman dezake (Interneten informazioa bildu eta gaixotzeko beldur gehiegiari edo arrazoirik gabekoari esaten zaio). Arazo horiek saihesteko, eta horiei atxikita doazen estresak eta larritasunak ez erasateko, medikuaren galbahetik pasarazi behar dugu informazio guztia. Medikutara edozer informaziorekin joan aurretik, ordea, komeni da jakitea zer web-orri izan daitezkeen egokiak osasunari buruzko informazioa bilatzeko.

Web-orri seguruak: zenbait ezaugarri

Medikuen Bartzelonako Elkargo Ofizialak (COMB) nabarmentzen duenez, internautek zenbait irizpideri erreparatu behar diete osasunari buruzko web-orri bat segurua den edo ez jakiteko. Hona hemen iragazki gisa aintzat hartu behar diren zenbait ezaugarri:

  • Zigilurik baduen bilatu, adibidez WMA zigilua (Medikuntza Web Egiaztatua). Horrako horrek ziurtatu egiten du osasunari buruzko web-orri horrek berme ona eskaintzen duela, medikuak dauzkala atxikita eta urtero berritzen duela egiaztagiria. Gerta liteke, hala ere, medikuntzako zenbait web-orrik, kalitate onekoek, egiaztagirik ez izatea, arduradunen ezagutza faltagatik edo beste arrazoiren batengatik. Hori horrela izanik, beste irizpide hauei ere kasu egin behar zaie:
    • Zenbait webgunek sendabide miragarriak eskaintzen dituzte, antzinako erremedioak, osagai sekretuak, eskaintza bereziak, beherapenak eta opariak tratamenduetan... Horiek guztiak ez dira fidatzekoak, zehaztasunik gabeko informazioak ematen dituztelako hainbatetan eta iruzur ere egiten dutelako oso gai sentiberekin, besteak beste minbiziarekin eta dietarekin.
    • Galdera batzuei erantzuteko gai izan behar da osasunaren inguruko web-orri batean sartzean: zein diren haren arduradunak eta zer egin behar den haiekin harremanetan jartzeko, nork finantzatzen dituen, zer-nolako informazio-iturriak erabiltzen dituzten, profesionalak ongi identifikatuta dauden eta informazioa eta iragarkiak ongi bereizten diren.
  • Kontuan hartu behar da galarazia dagoela errezeta behar duten sendagaiak Internetez saltzea, eta errezetarik behar ez duen sendagai bat erosten bada, zuhurtzia handiarekin egin behar da.

Medikua Internetez aukeratzea

  Osasunari buruzko informazioa eskuratzeko ez ezik, Sareak beste zenbait gauzatarako aukera ere ematen die erabiltzaileei. Gaur egun, 2.0 erako web-orriek eskaintzen duten elkarreraginari esker, norberak nahi duen medikua aukeratzeko modua ere badago. Eremu pribatuan, adibidez, aukera hori ematen duten zenbait plataforma agertu dira azken urteetan, besteak beste Doctoralia izenekoa. Eremu publikoan, berriz, Madrilgo eta Andaluziako autonomia erkidegoetan egin liteke. Aukera egokia egin dela ziurtatzeko, lehen zerrendatu ditugun irizpideak ez ezik, beste hauek ere har daitezke kontuan:

  • Profesional baten inguruan zalantzarik izanez gero, lan handirik gabe begiratu daiteke hari buruzko informazioa Sarean. Medikuen elkargoek eta Mediku Kolegiatuen Erakundeak (OMC) aukera eskaintzen dute, Internet bidez bilaketak egiteko sistemen bidez, mediku horien datuei begiratu bat emateko (izena, abizenak, kolegiatu zenbakia eta espezialitatea).
  • Ez da itsu-itsuan fidatu behar solasguneetan eta sare sozialetan profesionalei buruz aurki daitezkeen iritziekin (izan kontrakoak edo izan aldekoak), batez ere mintzatzen diren horiek bere buruaren berri ematen ez badute izen-abizenekin eta telefonoarekin edo helbide elektronikoarekin (ziurtagiri digitalak oraindik ez dira hedatu, baina hortik joango da etorkizuna), gerta daitekeelako ez egia esatea mediku jakin baten jarduerari buruz.
  • Medikuaren ibilbidearen eta ospearen inguruan gauza gehiago jakin nahi izanez gero, ez da webgune bakarrarekin geratu behar, eta gehiagotan bilatu behar da: ba al du blogik? Argitaratu al du artikulurik zientzia aldizkarietan?...


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto