Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Andreu Farran-Codina, INSAko ikertzailea: "Azukreek eta elikagai finduek ez dute izan behar glukosa hornitzaile nagusiak"

 Ez da azukrea gizentasunaren eragile bakarra, baina neurriz kanpo hartzen bada, arazo metaboliko larriak eragin ditzake, eta horien artean pisu gehiegia. Halaxe azaldu digu Andreu Farran-Codinak. Irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean eta Nutrizioko eta Dietetikako Goi Ikastegian (CESNID), eta Nutrizio Aplikatuaren Saileko ikertzailea da Nutrizioa eta Elikadura arloko Segurtasuna Ikertzeko Institutuan (INSA). Espezialista honen iritziz, azukreak ezinbestekoak dira organismoarentzat, baina ez da gauza bat da azukre finduetatik lortzea glukosa eta beste bat mantenugai hori almidoian daramaten elikagaietatik eskuratzea.

Kaltegarria al da azukrea?

Berez, "azukreak" esan beharko genuke, eta ez "azukrea", era askotakoak daudelako, eta gure organismoak ere ez ditu guztiak berdin xurgatzen eta prozesatzen. Glukosa da garrantzitsuena, eta gure elikaduran ere horrek hartzen du leku gehien. Azukrea kaltegarria izango da neurriz kanpo hartzen bada, baina baita proteinak ere, gantzak, A bitamina edo kaltzioa. Mantenugai bakoitzak arazoak ekar ditzake behar baino kopuru handiagoetan hartuz gero.

Bereziki zer arazo sor dezake azukre gehiegi hartzeak?

Gure organismoak ez ditu maite aldaketa bat-bateko eta zakarrak; nahiago ditu aldaketa mantsoagoak eta leunagoak, errazago kontrola ditzakeenak. Azukre asko hartzeak ekar dezake odoleko azukre maila bat-batean igotzea, eta horrek eragozpen batzuk sortzen ditu. Horiek saihesteko, gure gorputzak intsulina kantitate handiak jariatzen ditu, eta horrela lortzen du maila horiek apaldu eta normaltasunera itzultzea. Gorabehera horiek noizean behin gertatzen badira, ez da larritzekoa. Eguberrietan, adibidez, jan ditzakegu turroiak, mazapanak eta bonboiak errudun sentitu gabe. Baina egoera hori egunerokoa bada, arazo metaboliko larriak eragin ditzake denbora luze samar bat igarota, eta zenbait gaixotasun kroniko ager daitezke. Adibidez, diabetesa.

Nola eragiten diote azukreek gizentasunari?

Azukre asko hartzen dituenak, normalean, kaloria gehiegi hartzen ditu. Lotuta daude biak. Eta hori gertatzen da sarri askotan azukreak elikagai "baztergarrietan" egoten direlako: edari freskagarrietan, gozokietan eta pasteletan. Elikagai horiek -aski gustagarriak- leku bat izan dezakete dieta osasungarri batean, kopuru egokietan hartuta. Arazoa sortzen da gehiegi jaten direnean. Orduan energia gehiegi hartzen da eta, ezinbestean, gure biltegirik onenean pilatzen da: gantz-ehunean. Gantz pilaketa hori jarraitua bada, pisu gehiegia eta gizentasuna ekar ditzake.

Azukreak al du gizentasunaren errua?

Zenbait herrialdetan ugaritzen ari dira pisu gehiegia, gizentasuna, bihotz-hodietako gaixotasunak eta diabetesa, baina errua ez da azukre gehiegi hartzearena soilik. Horretan eragin dezakeen faktoreetako bat da, baina ez bakarra. Gantz gehiegi hartzeak (batez ere gantz saturatuak eta trans gantzak), sedentarismoak, tabakiskoak eta beste faktore batzuek ere areagotu egin ditzakete gaixotasun horiek, eta, gainera, azukreak baino eragin handiagoa izan dezakete.

Zer toki eduki behar dute azukreek gure dietan?

Azukreak oso garrantzitsuak dira, ezin dugu horiek gabe bizi. Beste kontu bat da zer formarekin sartzen diren gure organismoan. Glukosa, adibidez, azukre gisa har dezakegu edo landare-jatorriko elikagaiek duten almidoiaren zati dela. Eta badago aldea, badagoenez! Elikagai horien almidoian ageri den glukosa mantso-mantso xurgatzen du organismoak, eta ez bat-batean. Hau da, gustatzen zaio bezala egiten du. Hain zuzen ere, ez genuke arazorik izango azukrerik gabe bizitzeko, almidoia duten elikagaien glukosa eta frutek dauzkaten azukreak hartuz. Halakoxea izan zen ia gizateri osoaren dieta XVIII. mendean azukrea modu industrialean ekoizten hasi ziren arte.

Zer elikagai dira glukosa iturri onak?

Glukosa almidoi eran aurki daiteke zerealetan (arroza, garia, artoa) eta horien eratorrietan; adibidez, irinetan eta horiekin egindako produktuetan: ogiak, pasta, galletak... Tuberkulu fekuladunetan ere ageri da (patatan eta batatan), lekaleetan ere bai (babarrunak, garbantzuak, dilistak, babak eta ilarrak), eta baita fruitu lehor batzuetan ere: gaztainak eta txufak. Guk glukosa hartu beharra dugu dietaren bidez, eta hobe da zuntz ugari ematen duten elikagai begetalen bidez egitea, baina horrek ez du esan nahi ez dezakegunik hartu azukrerik edo elikagai findurik (ogi zuria edo pasta); esan nahi du ez dutela izan behar glukosa hornitzaile nagusiak.

Azukre onak eta txarrak al daude"?

Zenbait azukre "onak" direla entzuten da, fruktosa eta sorbitola, esaterako. Biek ere ahalmen eztitzaile handia dute, eta sorbitolak, gainera, badu halako zapore freskagarri bat ere. Zenbaitek uste du inolako mugarik gabe har daitezkeela horiek, baina ez da hala: horiek ere neurrian hartu behar dira, beste azukre batzuk bezala. Sorbitol gehiegi hartzeak, adibidez, haizeak eta beherakoa eragin ditzake. Eztiari buruz ere esaten da azukrea baino hobea dela. Egia da, bietatik kantitate bera hartuta, eztiak zertxobait energia gutxiago ematen duela, baina hori ere ezin da mugarik gabe hartu, azken batean zenbait azukrek osatzen duten jarabea delako, nagusiki glukosak eta fruktosak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto