Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Nola aurreztu lantokian

Bulegora joateko autoa partekatzeak eta kafeari, aperitiboei eta antzeko gastu txikiei uko egiteak lagundu egiten dute lan garaian aurrezten

  Lan egitea ez da doan izaten. Baieztapen bitxia izan daiteke, baina hala da. Metroko txartela, autobusekoa, autoarentzako erregaia, eguneko menua eta edariak ohiko gastuak izaten dira askorentzat, eta lantoki inguruko saltokietan erosketa txikiak egiteko ohitura izanez gero, hor ere dirua joaten da. Eta guztiak batuz gero, aurrekontuan desorekak sortzeko adinako kopurua ateratzen da. Baina badago modua horri guztiari irtenbide bat emateko: aurrezteko estrategia erraz batzuk erabil daitezke etxeko atetik irteten garen unetik hasita.

Garraio gastuak murriztu

  • Lankideekin edo bizilagunekin autoa partekatu: enpresa etxetik urruti samar badago, inguru hartan lan egiten duten bizilagunekin hitz egin daiteke elkarrekin joateko auto berean edo autoak txandakatuz. Inor ezagutzen ez bada, gaur egun badago tresna aski baliagarri bat biderako lagunak aurkitzeko: Internet. Badira horretarako gune bereziak, ibilbide bera egin behar duen jendea aurkitu eta autoa partekatzeko sortuak. Web horietan eskaintzak aurki daitezke, bai egunero egin beharreko bidaientzat eta bai astero egin beharrekoentzat, izan lanera joateko edo izan hiri edo herri jakin batera joateko. Harremana posta elektronikoz egiten da lehenbizi, baina arazoak saihesteko, argibide batzuk emateko eskatu behar zaio beste pertsonari, eta aurrez aurre ere elkartu behar da leku publiko batean gastuak, ordutegiak eta gainerako gorabeherak adostu aurretik.
  • Bizikleta erabili: gero eta udalerri gehiagok dituzte bizikletentzat berariaz egindako bideak, auto eta autobus artean ibili beharrik ez izateko. Ohiko bizikletekin batera, tolesgarriak ere egiten dituzte orain, propio hirian ibiltzeko sortuak eta ezin egokiagoak lanera joateko. Haur bakarra izanez gero, hura eskolara eramateko ere erabil daiteke bizikleta; dibertigarriagoa eta merkeagoa izango da, eta ez hain kutsatzailea.
  • Garraio publikoa erabili: beste aukera bat da garraio publikoaren txartelak erabiltzea (tranbian, metroan edo autobusean); bidaia bakoitza % 20 merkeago irteten da zenbaitetan.

Gastu txikiak kendu

Ohikoa izaten da goiz erdian atsedenaldi bat egitea, ordu erdi ingurukoa. Inguruko ostaturen batera edo lantokiko kafetegira joan, eta kafea edo freskagarri bat hartzeko baliatzen dute langile gehienek. Aurreztu nahi izanez gero, ohitura hori utzi eta makinako kafea hartzea da aukera bat (erdi prezioan ateratzen da). Edo ohitura horri erabat uko egitea, eta denbora hori beste zerbait egiteko hartzea: bankura joateko, liburu bat irakurtzeko... Lagungarria izango da une batez laneko zereginak ahaztu eta buruari arnasa pixka bat emateko.

Etxean gosaldu

Lanegunetan, lehentxeago jaiki eta gosaria etxean eginda joan gaitezke lanera. Familia guztia mahaiaren inguruan biltzeko aukera polita izan daiteke, eta aurreztu ere egingo dugu, diru dezente joaten da-eta egunero etxetik kanpo gosaltzen. Taberna eta kafetegi askok egokitu egin dituzte prezioak, baina kafesne bat eta opil bat edo ogi txigorki bat nekez aterako da 1,50 euro baino merkeago, eta horri zukua eransten badiogu, 2,5-3 euro inguru kostako da. Etxean gosaltzeak, gainera, aukera ematen du norberak nahi duena eta nahi duen kopuruan hautatzeko, eta, segur aski, modu osasungarriagoan hasiko dugu eguna.

Bazkaria lantokira eraman

Lanaldi etena izanez gero, eta bazkari garaian etxera joateko astirik ez, nonbait bazkaldu beharra dago egunero, eta hori gastu handi samarra da. Irtenbide ona izaten da bazkaria etxetik eraman eta lantokian bertan jatea. Leku askotan hozkailuak eta mikrouhin labeak jarri dituzte langileek beren janaria gorde eta berotu dezaten. Aukera hori izan ezean, menu merke bat bilatzen saiatu beharra dago, 10 euro ingurukoa. Hiri askotan (batez ere, hiri handietan eta hiriburu administratiboetan) hasiak dira "mini menua" edo "menu erdia" eskaintzen: bigarren plater sendoak dira, arroza, entsalada edo berdurak dituztenak guarnizio gisa (lehen plateraren ordezko). Prezioa, berriz, menu osoaren erdia, 5 eta 6 euro artean.

Urtebetetze, despedida eta ospakizunetako gastuak murriztu

Lankide batek urteak egiten dituenean edo beste lantokiren batera doanean, ohikoa izaten da oparia egitea. Gastu hori murrizte aldera, lankide guztien artean opari bakarra egitea izan daiteke aukera bat, nork berea egin beharrean. Diru kopuru txiki batekin, 4 edo 5 eurorekin, oroigarritxo bat eros dakioke. Beste aukera bat izaten da materiala erosi eta oparia norberak eskuz egitea: argazki bat markoan sartzea, eskumuturreko bat edo lepotako bat egitea... Edo, opari bat egin beharrean, bazkari edo askari bat antola daiteke, eta bakoitzak plater bat eraman: tortilla, bizkotxoa, magdalena apainduak...

Saihestu beharreko gastuak

  •   Goiz erdian izaten den atsedenaldia ez da erabili behar erosketak egiteko. Behar handirik gabe egiten dira askotan, atsedenaldiari etekina atzeratzeko, eta txartela arin samar astinduz.
  • Ez erabili taxia oso maiz, gastu handia baitakar; ongi antolatuz gero, ez dugu izango horren beharrik.
  • Ez da une oroz kafetegira joan behar: lanera sartu aurretik eta atera ondoren, atsedenaldietan... Hain beharrezkoa al da? Segur aski, bisiten erdiak sobera egongo dira. Norbaitekin kontu kontari aritu nahi badugu, beste edonon jardun dezakegu, edo atsedenaldian paseotxo bat emanez egin dezakegu. Makinako kafea ere aukera ona eta merkea da: 30 eta 50 zentimo balio izaten du langileentzat.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto