Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa Gida: jogurtak: Jogurtak: nahi adina eta nahi bezalakoak

Era askotako jogurtak egiten dituzte gaur egun, eta bakoitzak zer-nolako nutrizio-ezaugarriak dituen jakitea komeni da aukera egin aurretik

  Gaurko begiekin begiratuta, eta gure gizartea zein sedentarioa den ikusita, gezurra dirudi hainbat asmakizunen jatorria garai bateko bizimodu nomadari zor izatea. Jogurtarena, adibidez. Dirudienez, Erdialdeko Asiako edo Europa Ekialdeko nomadek asmatu-edo zuten, ustekabean: esne freskoa larruzko zakutan eramango zuten batetik bestera, eta halako batean hartzitu egingo zitzaien. Likido eran sartu zutena masa erdisolido bilakatuko zitzaien, jogurta alegia. Zaku horietan bakterioak izango ziren, eta beroak lagunduta, hartzitu egingo zen esnea. Ordutik hona asko aldatu da jogurtak egiteko modua, nola ez. Eta jogurtak modu industrialean egiten hasi zirenetik ere, beti ez da izan gaur egun dagoen adinako eskaintzarik: askotariko osagaiak, zaporeak eta testurak dituztenak aurki daitezke orain saltokietan. Itxuraz, guztiak dira jogurtak, baina badira aldeak batzuen eta besteen artean. Norberari gehien komeni zaiona hautatzeko, funtsezkoa da informazio egokia izatea esku artean, eta horixe eskaini nahi du Erosketa Gida honek.

Baina zer da jogurt bat?

Jogurtaren oinarria esnea da (izan osoa, gaingabetua edo kontzentratua), eta hartzitu, gatzatu eta azidotu egiten da bi bakterioren eraginez (Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus). Esne hori pasteurizatua izaten da beti (beroa ematen zaio denbora tarte batez, patogenoak desagerrarazi eta luzaroago iraun dezan). Araudiak berak ere argi esaten du zer den jogurta eta zer ez: bi bakterio horietako bakarra erabiliz gero edo bestelakoren batekin eginez gero, produktu hori ez da jogurta izango; esne hartzitua izango litzateke, baina ez jogurta.

Hartzidura eragiten duten mikro-organismoek jogurtean bertan egon behar dute, bizirik eta jardunean, gutxieneko kopuru honetan: 10 milioi kolonia gramo edo mililitro bakoitzeko.

Jogurta eta esne-postrea ere ez dira gauza bera. Azken horrek ere esnea izaten du oinarrian, baina bestelako osagai batzuk eransten dizkiote gero: esne-gaina izan daiteke, arrautza, txokolatea, irinak... Esne-postreen sailekoak dira, adibidez, mousseak, natillak, flanak, irabiakiak, izozkiak, eta abar. Nutrizioaren ikuspegitik, alde nabarmenak daude jogurten eta esne-postreen artean.

Zer leku behar du gure dietan?

  Landare-jatorriko elikagaiek izan behar dute dieta osasungarriaren funtsa, horretan ez dago zalantza handirik. Esnekien inguruan, ordea, eztabaida handixeagoa dago, eta arlo akademikoan denetariko iritziak entzuten dira elikagai horiek dietan izan behar duten lekuari buruz. Sarri samar entzuten da elikagai horiek lagundu egiten dutela hezurren hausturei aurre hartzen, baina hainbat adituk nabarmentzen dute ez dagoela hori frogatzeko daturik.

Nutrizio arloko adituen artean gaia puri-purian dagoen arren, inork ez du zalantzan jartzen esnekiak egunero hartzea komeni dela. Beste zenbait elikagai, aldiz, astean zenbait aldiz jatekoak dira (arrainak, haragiak eta gaztak) edo oso noizbehinka (haragi prozesatuak, freskagarriak eta, oro har, elikagai baztergarriak). Zenbait ikerketak diotenez, esnekiak hartzen dituztenek -eta, bereziki, jogurtak- kalitate hobeko dieta egiten dute. Dena den, ez dago argi zer den kausa eta zer ondorioa: jogurta ote den pertsona horien osasun onaren eragilea edo osasun onena duten pertsonek jaten dituzten jogurtak.

Esnekiei buruz ari gara, eta gaztak ere sail horretako elikagaiak dira. Baina horien kotsumo-maiztasunak ez du zerikusirik jogurtentzat eta esnearentzat gomendatzen dutenarekin. Honako hau dio NAOS estrategiak gaztei buruz (Nutrizioa, Ariketa Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa sustatzeko Estrategia da, Espainiako Osasun Ministerioak 2005ean abiarazi zuena Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Agentziaren bidez): "Neurrian jatea komeni da gaztak, bai era batekoak eta bai bestekoak". Zergatik? Gaztek ugari izaten dutelako gantza eta sodioa (gatza sodio kloruroa da), esneak eta jogurtak baino askoz gehiago. Gutxi gorabehera, 100 gramo esnek edo jogurtek 3 gramo gantz izaten dute, eta gazta kopuru horrek, berriz, 50 gramo gantz. Eta sodioari dagokionez ere nabarmena da aldea: 100 gramo esnek edo jogurtek 50-80 miligramo gatz izaten dute, eta gaztak 300 eta 750 miligramo artean.

Jogurta eta esnea alderatuta, berriz, jogurtak baditu abantaila batzuk. Laktosa, adibidez, oso neurri txikian ageri da jogurtetan, azido laktiko bihurtzen delako, eta hori oso aintzat hartzekoa osagai horrekiko intolerantzia dutenentzat. Baina hortik ezin da ondorioztatu jogurta hobea denik osasunarentzat esnea baino.

Zer esan errazioen inguruan?

  Esneki errazio bat zer litzatekeen mugatzeko orduan, adostasuna badagoela dirudi: basokada bat esne, bi jogurt, hiru xerra gazta eta gazta freskoaren zati indibidual bat, horietako bakoitza izango litzateke errazio bat.

Eta zenbat errazio jan litezke egunean? Hor ez dago adostasun erabatekorik. NAOS estrategiak esaten du egunean 2-4 errazio jatea komeni dela esnekietatik (gaztak neurrian, betiere), baina SENC eta semFYC erakundeek gehiago zehazten dituzte kopuruak: haurrek 2-3 errazio egunean, nerabeek 4, emakume helduek 2, haurdunek 3 eta 4 artean... 2010. urtean, Mediterraneoko Dieta Fundazioak, ikerketa taldeen eta nazioarteko unibertsitateen laguntzarekin eta nutrizio arloko adituekin lankidetzan, esnekiak neurrian hatzeko gomendioa egin zuen, eta kopurua ere finkatu zuen: egunean 2 errazio, esnekien sailekoak (jogurta eta gazta), eta, ahal dela, gantz gutxi dutenak. Azken alderdi hori argi dago: esneki gaingabetuak, energia eta gantz saturatu gutxiago ematen dituztenez, egokiagoak dira gurea bezalako gizarte batean, non jende askok pisu gehiegi duen eta bihotz-hodietako arazoak ere oso hedatuta dauden.

Dietaren bidez Barneratzen Denari buruzko Inkesta Nazionalaren azken datuek diotenez (ENIDE), herritarren %5ek baino gutxiagok betetzen dituzte gantz saturatuei buruzko kontsumo-gomendioak. Ildo horretan, gantz saturatu gehien ematen diguten produktuen zerrendan, bigarren lekuan ageri dira esnekiak (haragi-produktuak daude lehenbiziko). Lehen ere esan dugu, baina berriz azpimarratzea komeni da gaztek gantz saturatu asko ematen dituztela, esneak eta jogurtak baino askoz gehiago. Hautatzen hasita, beraz, gantza %0 dutenak aukeratzea komeni da. Jogurt gaingabetuekin arreta pixka bat jarri behar da: gaingabetuak izaki, gantz gutxiago izaten dute, baina azukre ugari eransten dizkiete zenbaitetan.

Zenbat da esneki errazio bat Pisua Etxeko neurria
Esnea 200-250 ml Katilukada bat
Jogurta 200-250 g 2 jogurt
Gazta ondua 40-60 g 2-3 xerra
Gazta freskoa 80-125 g Zati indibidual bat

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto