Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Nomofobia: mugikorrik gabe egotearen beldur

Mugikorra eskura izan ez, eta antsietatea, estresa edo aldarte-gorabeherak sumatzea nomofobiaren sintoma izan daiteke

  Teknologia berriek aukera eta erraztasun ugari ematen dituzte eguneroko zereginei erantzuteko. Zenbaitentzat, hala ere, tresna bat baino zerbait gehiago da mugikorra, eta ez dezakete hura gabe etsi. Izutu egiten ditu mugikorrik gabe egoteak. Nomofobia dutela esaten da.

Telefono mugikorrik gabe etxetik irteteak sortzen duen beldur irrazionala da nomofobia. Ingelesezko esapide batetik dator termino hori ("no-mobile-phone phobia"), eta 2011n sortu zen. Urte hartan, izan ere, ikerketa bat egin zuten Erresuma Batuan, zeinaren bidez jakin nahi zen zenbateko antsietatea sentitzen zuten telefono mugikorren erabiltzaile batzuek etxetik gailurik gabe irteten zirenean eta zenbateraino estutzen zituen bateria gabe geratzeko beldurrak edo estaldurarik edo saldorik gabe geratzekoak. Eta emaitzak aski adierazgarriak izan ziren (ez oso lasaigarriak): gizonen %58 eta emakumeen %48 inguruk fobia hori zeukaten, beste %9k estresa sentitzen zuten mugikorra itzalita zeukatenean, eta parte-hartzaileen erdiek baino gehiagok (%55ek) adierazi zuten antsietatea sortzen ziela isolatuta edo bakartuta sentitzeak.

Espainiako Estatuko datuak ere ez dira nolanahikoak: Granadako Unibertsitatean berriki egin duten ikerketa batek dioenez, unibertsitarioen %8k beldur irrazionala sentitzen dute mugikorrik gabe daudenean (telefonia mugikorra modu patologikoan erabiltzearen ondorio da).

Haurrak eta nerabeak: ahuletan ahulenak

Baina zein dira guztietan ahulenak? Marc Masip-en iritziz (psikologoa da, mendekotasunetan eta jarrera arriskutsuetan espezializatua), nerabeek dute arrisku gehien nomofobia pairatzeko, batez ere 12 eta 17 urte bitartekoek. Izan ere, jendea horretara bultzatzen dute marketin-kanpainek, aplikazioek eta mugikorrak berak mendekotasuna sortzeko izaten dituen elementuek.

Egoerari aurre egiteko eta teknologia berriak egoki erabiltzen ikasteko, Desconect@ programa pisko-hezitzailea jarri dute abian, eta Masip bera da zuzendaria. Haren ustez, hauxe da nomofobia duen pertsona baten argazkia: barnekoia edo itxia izaten da, autoestimu apalekoa eta gaitasun gutxi duena jende artean moldatzeko eta arazoak konpontzeko, aisialdian mugikorra baino erabiltzen ez duena eta hura gabe gozatzeko gai ez dirudiena.

Dena den, arriskurik handiena haurrek eta nerabeek duten arren, helduak ere ez daude salbu mendekotasun horretatik. Gazteen artean, bereziki garrantzitsua izaten da talde bateko kide sentitzea, eta mota bateko edo besteko telefonoaren jabe izateak estatus jakin bat ematen du. Beren kidekoekin harremanetan egoteak, pantaila baten bidez, gazteei sentiarazten die lagun gehiago dituztela edo azken berrikuntzekin batera doazela, eta iruditzen zaie, teknologia berriak erabiltzen jakinda, gizarte-sare gehiagotan parte hartuta edo txat-etan maizago arituta, estatus handiagoa dutela.

Nomofobia: erne jartzeko seinaleak

Gazte batek Interneterako konexioa baldin badu gelan eta denbora asko ematen badu han itxita, edo toki eta ordu desegokietan erabiltzen badu mugikorra, edo familiarekin gutxi egoten bada, edo eskolako emaitzetan gorabeherak izaten baditu, gurasoek badute aski arrazoi zerbait gertatzen dela susmatzeko. Erne jartzeko beste sintoma batzuk izan daitezke erabiltzailea urduri sentitzea mezuak agudo erantzuten ez dizkiotelako edo mugikorra joka ari dela uste izatea nahiz eta hala ez izan.

Eta Masipen arabera, esperientziak erakutsi du badirela beste bi sintoma argi ere nomofobiaren adierazgarri: batetik, gaztea haserretu egiten da mugikorra gehiegi erabiltzen duela esaten zaionean edo erabiltzeko aukera murrizten zaionean, eta, bestetik, esaldia errepikatu egin behar izaten zaio, ez diolako arretarik jartzen esaten diotenari, telefonoarekin ari delako erabat.

Zaila da zehazten noiz erabiltzen den mugikorra gehiegi. Deitzeko erabili behar litzateke telefonoa, nornahik aurkitzeko moduan egoteko eta berehala komunikatzeko edo lanean denbora aurrezteko. Aitzitik, gehiegizkoa izango litzateke leku publikoetan etengabe erabiltzea jende gehiagorekin gaudenean, pantailatik bururik altxatu gabe ibiltzea kalean barrena edo haren beharra sentitzea "ez aspertzeko".

Gurasoak: eredu ona eman behar

Gurasoek funtsezko zeregina dute arazo honi aurre hartzeko orduan. Hasteko, eredu izan behar dute, eredu ona: helduak mezu bat jasotzen badu familia osoa afaltzen ari denean, jakin behar du ez dela une egokia hura irakurtzeko, haurrek ere horixe egingo dute eta, helduen jokabidea imitatu. Argi eduki behar da zenbait egoeratan, unetan edo tokitan galarazia egon behar duela mugikorra erabiltzeak, salbuespenik gabe, eta beste batzuetan, berriz, errazago onar daitekeela. Ohiturak aldatzea da nomofobia amaitzeko bidea. Mugikorraren mende bizi denak prest egon behar du askoz ere gutxiago erabiltzen hasteko. Ikusarazi egin behar zaio kalte egiten diola eta kalte egingo diola gerora ere. Norbait teknologia berrien mende dagoela susmatu bezain agudo edo kontrolik gabe erabiltzen duela ohartu orduko, espezialista batengana joatea komeni da.

Iturria: Marc Masip, psikologoa, mendekotasunetan eta jokabide arriskutsuetan espezializatua.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto