Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Domingo Remo, Zerga-gaietan aditua: "Familiek kontsumitu egin behar dute, baina ez edonola"

 Kimikan lizentziatu zen arren, ekonomiarekin lotuta dauden jarduerei eskaini die jaendar honek bere bizitza profesionalaren zati handi bat. Zerga-gaietan aditua da eta arlo hori jorratzeko blog bat ere badauka El blog salmón web-orriaren barrenean. Domingo Remoren iritziz, ez dago errezeta miragarririk krisia amaitzeko, baina uste du erabaki egoki batzuk har daitezkeela saiatzeko, bereziki lana sortzeko. Baina hori ez omen da lortuko zergak igotzeko politikekin jarraituta, horrek familien ekonomiari kalte egiteko baino ez duelako balio haren ustez, eta egungo langabezia-tasa izugarriak are gehiago handitzeko.

Krisia hasi zenetik, behin eta berriz esaten dute kontsumoa sustatu behar dela hazteko... Hori ez al da erantzukizuna kontsumitzaileengan jartzea?

Barne-kontsumoa, familiei dagokien zatian, oso hanka garrantzitsua da BPGa kalkulatzeko, eta lotura zuzena du ekonomia orokorraren bilakaerarekin. Enpresek ez badute saltzen, langile gutxiago izango dituzte eta langabezia sortuko da. Logikoa da pentsatzea familiek kontsumitu egin behar dutela, baina ez edonola. Aurreko urte batzuetan, zorrarekin finantzatu izan da kontsumoa, eta hori ez da bideragarria, baina ni ere ados nago zentzuzko kontsumoarekin, kanpoko finantzaketarik behar ez duenarekin.

Ekonomia indartzeko helburuz kontsumoa sustatzea, aurrezteko aukera albo batera utzita... Zer-nolako ondorioak ekar ditzake horrek?

Bi kontsumo mota bereizi behar dira: oinarrizko beharrizanak asetzen dituena batetik eta ezinbestekoa ez dena bestetik. Argiaren faktura ordaintzea edo janaria erostea ezinbestekoak dira, baina oporretan joatea ez. Aurrezkiak erabili behar dira bizirik irauteko diru-sarrerarik ez dagoenean, eta, gainera, gastua hobetu egin behar da aurrezteko teknika osagarriak erabiliz, gure aurrezkiak ahalik eta gutxiena urritzeko. Maila makroekonomikoan arazoa sortzen da familia guztien aurrezki-tasa globala oso maila apaletara erortzen denean, zeren aurrezki hori erabiltzen baita enpresei eta gainerako sektoreei ematen zaizkien kredituak finantzatzeko. Eta familiek ez badute behar adina aurrezten, kreditua erori egiten da.

Murrizketak Hezkuntzan, Osasunean... ia arlo guztietan. Horiekin krisia geldiaraziko dutela esaten dute, baina ez al litzateke hobea gastu publikoa areagotzea?

Gastu publiko orokorrak segmentu guztietan zer-nolako bilakaera izan duen aztertzen badugu, ohartuko gara murriztu diren kopuruak papurrak baino ez direla gastu konprometituaren bolumen osoa aintzat hartuta. Baina egia da murriztu egin dituztela zerbitzu publikoen diru-atalak, hezkuntzan eta osasunean adibidez, eta langile publikoen soldatak eta pentsioak ere bai. Eta murrizketa horiek ez dira erabili gastuen atalean aurrezteko, zeren orain askoz gehiago gastatzen baitugu zor publikoaren interesak ordainduz, edo aurrekontuei kendutako dirua finantza sektorea salbatzeko erabiliz.

Gastuarekin hasi garenez... zenbait adituk esaten dute zergak behar-beharrezkoak direla, nahiz eta kalte egin. Zuk zer diozu?

Zergak igotzea ez da behar-beharrezkoa, kudeatzaile txarren akatsa baizik, ez dutelako zerga-sistema bidezkoago bat jartzen, non zerga txikiagoak ordainduko ditugun guztiok eta gehiago, aldiz, errenta handienak dituztenek. Zergek kendu egiten dute herritarrek eta enpresek daukaten errentaren zati bat, eta zergak ordaintzeko erabiltzen den euro bakoitzak Estatuaren esku jartzen du euro horren produktibitatea. Zerga guztiak igotzeak zamatu egiten du familiek daukaten errenta, eta igo egin du langabezia.

Ideia ona al da krisi garai bete-betean aldaketa sakonak egitea? Adibidez, pentsio-sistema erreformatzea?

Pentsio-sistemarentzat egon litekeen erreformarik onena langabezia-tasa zerokoa izatea litzateke. Gure Gizarte Segurantzak arazoak ditu pentsioak ordaintzeko, langabezia-tasa %26koa delako, eta pentsioak, jakina, langileek ordaintzen dituzte. Tasa %4koa izango balitz, pentsioen inguruko eztabaida absurdua izango litzateke berez.

Erakundeek baikortasuna eskatzen dute, baina etxe askotan ez dute inolako diru-sarrerarik. Nola lotu daitezke bi mutur horiek?

Egoera dramatikoa da hori etxe batentzat. Nola egingo du irribarre hilabete bukaerara iristen ez den familia batek edo etxetik botatzeko mehatxua egin diotenak edo hornidurak eten dizkiotenak? Pertsona bat lanik gabe geratzen denean, berriz ere lan-merkatuan sartzen saiatu behar du lehenbailehen, berdin du zer arlotan, zer herritan eta zer egoeratan, baldin eta diru-sarreraren bat lortzeko modua ematen badio. Arlo batzuetan bada lana, laborantzan, arrantzan, zenbait segmentuk eta zenbait hirik egiten dituzte kontratazioak, eta egiten dakigun horri heldu behar diogu eta zirrikituren bat bilatu merkatuan. Familia bakoitzak kasuistika jakina du, baina ez da etsi behar.

Zenbat iraun dezakegu egoera honetan?

Oraingoa bezalako langabezia-tasa, horrek familiengan dituen ondorioak izanda, ezin eutsizkoa da. Jendeak dena galduko balu eta bestelako aukerarik agertuko ez balitz, apurtu egingo litzateke egungo estatusa... eta erabat logikoa izango litzateke hori.

Ba al dago errezetarik krisiaren aurka?

Ez zait iruditzen formula magikorik dagoenik krisia gainditzeko, baina badira horretan lagunduko luketen hainbat neurri. Beharrezkoa da nabarmen murriztea produktiboa ez den gastu publikoa. Neurri sinbolikoa izango da, eragin txikikoa, baina egin beharra dago, duintasunagatik eta elkartasunagatik: telefonoak, tabletak, ibilgailu ofizialak, politikarien biziarteko sariak... Gainera, gastu publikoaren egiturak adar gehiegi hartzen ditu. Nire iritziz, aski litzateke defentsa, justizia, osasuna, hezkuntza eta pentsio publikoak bermatzea guztientzat. Gainerako gastu publikoa gelditu edo murriztu egin behar litzateke.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto