Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Olio-ontzi berrerabilgarriak: bai ala ez?

Jatetxe eta ostatuetan horiek erabiltzea galarazi ondoren, eztabaida sortu da zenbait sektoretan, eta Europako Batzordeak alboratu egin du ekimena oraingoz

  Ostatu eta jatetxeetan maiz ikusten den irudia izaten da, udan bezala neguan ere. Olio-ontziak mahaietan jarrita egoten dira, bezeroek noiz hartuko zain entsalada edo bestelako plateren bat ontzeko. Jokabide horren helburu nagusia ontzi gutxiago xahutzea izaten da: aldiro botilatxo bat atera beharrean, ontzi bera betetzen da behin eta berriz olioz. EB Europako Batasuneko hamabost estatuk, ordea, jardun hori galaraz dezala eskatu diote Europako Batzordeari, tartean Espainiak, Italiak, Greziak eta Portugalek (lau herrialde horiek dira EBn eta munduan oliba-olio gehien ekoizten dutenak). Oliba olioa elikagai preziatu izaki, kalitatea bermatzeko neurri gisa proposatu dute, eta adituek nabarmentzen dute kontsumitzailearen aldeko neurria dela.

EBk galarazi egin zien jatetxeei botila edo ontzi berrerabilgarriak jartzea, iruzurrik egin ez dezaten eta elikagaien higienea hobeki zain dezaten. EBko kide diren zenbait estatu aspalditik ari ziren gisa horretako neurriak eskatzen, eta Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ere (MAGRAMA) ontzat jo du lege berria, egokia delakoan olioaren erabilera gardenagoa izan dadin. Neurriak, hala ere, izugarrizko eztabaida sortu du, eta Europako Batzordeak alboratu egin behar izan du.

Hauxe zen asmoa: 2014. urteko urtarrilaren 1etik aurrera jatetxeek ez zezatela jarri oliba-olioz betetako ontzi berrerabilgarririk mahaietan. Europako Nekazaritza komisarioak jakinarazi du proposamen berria aztertzen ari direla olio-ontzi berrerabilgarrien inguruan eta gaia sakon aztertu behar dela eraginik handiena izango duen arloetako eragileekin (ostalaritza eta errestaurazioa) eta, jakina, baita kontsumitzaileekin ere. Zenbait estatu debekua indarrean jartzearen alde daude, baina beste hainbat ez, eta, hain zuzen, kontsumitzaileengan izango lituzkeen ondorioak aipatzen dituzte arrazoi gisa, araudi horren eraginez garestitu egingo litzatekeelako otorduen azken prezioa.

Olioaren kalitatea bermatu

Araudi berriak ez zuen lortu behar adinako babesik bozketa egin zenean, eta ez zuten onartu. Prozesua, ondorioz, etenda dago. Europako Batzordeak lanean jarraitzen du zeresana duten alde guztien oniritzia bildu eta araudia onartzeko helburuz. Aurreko araudiaren helburua olioaren kalitatea bermatzea zen, ohikoa izaten baita olio mota bat baino gehiago nahasi eta oliba-olioa balitz bezala zerbitzatze. Ostatu eta jatetxeetako arduradunek, gainera, etiketari buruzko arau berriak ere ezarri beharko dituzte; zehazki, adierazi egin beharko dute zer mailatakoa den oliba-olioa, eta olio birjinetan eta birjina estra sailekoetan, zer jatorri duten ere esan beharko dute.

Zerbitzatzen diguten olioaren kalitatea eta benetakotasuna bermatzeko neurria da. Kontsumitzaileek, hartara, modua izango dute jakiteko olioa nondik datorren, zer mailatakoa den eta zer motatakoa den; alegia, ziur jakingo dute ontzia ez dutela bete beste olioren batekin. Ostatuetako eta jatetxeetako arduradunek, ordea, argi adierazi dute neurri horrek diru gehiago gastatzea ekarriko diela, eta, beraz, gerta litekeela plateren prezioa igo behar izatea. Arauak, esan bezala, aldekoak ere baditu, eta Portugalek adibidez, zera esaten du: han 2005. urtean abiarazi zituztela antzeko neurriak eta emaitza onak eman dituztela.

Iritzi-korronte batek nabarmentzen duenez, berrabiltzeko ez diren olio-botilak erabiltzea oso merkea da barnean izaten duten olioarekin alderatuta, eta, ondorioz, arlo horretako enpresaburuek ez lukete askoz diru gehiago gastatu beharrik izango. Gainera, ohartarazten dute ekimen berriak ez diola kalterik egingo ingurumenari, botilarik gehienak beirazkoak dielako, erraz birziklatzen direnak, alegia. Horien ustez, beraz, araudiak ez du deus txarrik, eta bermatu egiten du olioa kalitate onekoa izango dela.

Zer diote kontsumitzaileek?

Iparraldeko herrialdeek egin dute araudiaren aurka. Haien kaltetan dela uste dute, ez dutelako ohiturarik oliba-olioa hain maiz hartzeko eta ekoitzi ere ez dutelako egiten. Hegoaldeko herrialdeak, aldiz, olio-ontzi berrerabilgarriak debekatzearen alde daude. Eta kontsumitzaileek zer iritzi dute? Europako komisarioak, EBko herritarren eta kontsumitzaileen interesak babesteko ardura duenak, aitortu du huts egin dutela prozeduran: hain zuzen, kontsumitzaileei entzun ez dietelako, platerak garestituko balira horiei eragingo lieke-eta gehien. Eztabaida ez da bukatu. Orain, Europako Batzordeak Munduko Merkataritza Erakundeari (MME) galdetu beharko dio gaiaren inguruan eta 60 eguneko epean erantzun bat eman beharko du. Ondoren, proposamen berria aurkeztu beharko du errestaurazio arloko olio identifikatuari buruz, eta bozketara aurkeztu. Oraingoz, prozesua geldirik dago eta ez dago inolako debekurik olio-ontzi berrerabilgarriak erabiltzeko.

Beste aukera: monodosiak edo ontzi ez-berrerabilgarriak

  Botila berrerabilgarriak ordezkatzeko, monodosiak erabiltzea proposatu da, janari lasterra ematen duten jatetxeetan erabiltzen diren horietakoak, edo, bestela, behin erabili eta botatzeko botilak erabiltzea, kontsumitzailearentzat erakargarriagoa baita beirazko ontzietan edo plastiko gogorreko ontzietan zerbitzatzen den olioa. Edonola ere, botilak ezingo dira berriz bete behin erabilita. Era horretan, establezimendu bakoitzean zerbitzatzen duten olioaren benetakotasuna kontrolatu ahalko da. Ostalaritzako eragileak ez dira araudi berriaren aldekoak, ezta olioaren arloko kooperatiba txikiak ere, diru gehiago gastaraziko baitie.

Nekazaritza-industriaren arloko Kooperatiben Federazioa, berriz, alde dago, olioaren kalitateari ematen diolako lehentasuna. Kontsumitzaileengan izan dezakeen eragin ekonomikoari dagokionez, adituek diote ez lukeela ekarri behar inolako prezio-igoerarik, baina itxaron egin beharko da zer gertatzen den ikusi arte. Agian, kontsumitzaileak olio gutxiago erabiltzen hasiko dira otorduetan, baldin eta garestitu egiten badu azken prezioa.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto