Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa Gida: arrozak: Arroza: energia aleak

Ugari ematen ditu karbohidratoak, eta dieta osasungarriaren oinarria da, baina onura are handiagoa izan dadin, osoko arroza hautatu behar genuke

  Uneotan, milioika lagun gauza bera egiten ariko dira munduan. Ez, ez gara ari futbol partida bat ikusteaz edo telebistako saio berri bati begira egoteaz. Garrantzi handiagoko zereginari lotua dago, gure elikadurari hain zuzen. Une honetantxe bertan, munduaren zati handi bat arroz platerkada bat jaten ariko da. Segur aski, elikagairik unibertsalenetakoa izango da arroza: gariarekin batera, gehien kontsumitzen eta landatzen den zerealetako bat da. Kontinente guztietako 100 herrialdetan baino gehiagotan landatzen dute, nahiz eta Asian dauden landagunerik handienak. Izan ere, han landatzen eta kontsumitzen da munduko arroz guztiaren %90. Handixe ekarri zuten arroza gure inguruotara. Arabiarrak izan ziren garraiolari -Indiatik heldu ziren-, eta halaxe iritsi zen Mediterraneo itsasoaren inguruko herrialdeetara. Zereal horrek agudo aurkitu zuen bere lekua tokian tokiko ohituretan, eta aski plater gustagarriak prestatzeko ezinbesteko osagai bihurtu da. Adibiderik adierazgarrienetakoa paella izan daiteke. Krisiak, beste hainbat gauza bezala, aldatu egin ditu erosteko ohiturak, eta zenbait produktu askoz ere gutxiago erosten ditu orain jendeak; adibidez, arkumea edo itsaskiak. Horien ordez, prezio apalagoa duten beste batzuk ugaritu dira, eta horien artean, arroza. Hain zuzen, 2012. urtean %10 arroz gehiago erosi zuten herritarrek 2011n baino. Espainiako Estatuan, heldu bakoitzak urtean 6,6 kilo arroz jaten ditu, eta haur eta gazteek (2 urtetik 24ra bitartekoek) are gehiago: ia bederatzi kilo urtean, eta gehien-gehiena arroz zuria izaten da.

Maite dugu arroza, zalantzarik gabe, baina beti ez dugu jakiten zer onura egiten digun nutrizioaren ikuspegitik eta zer-nolako aukerak eskaintzen dizkigun sukaldean. Merkatuan, gainera, hainbat eta hainbat motatakoak daude (100.000 ere badirela esaten dute). Zalantza horiek argitzeko, Erosketa Gida hau osatu dugu.

Dieta guztien oinarri

Arroza oinarrizko zereala eta elikagaia da munduko herritarren erdientzat baino gehiagorentzat. Hain zuzen ere, elikagai bidezko energiaren %20 ematen du munduan. Egokia al da hori? Bai, hala da. Arrozak dituen mantenugaien artean, karbohidratoak nabarmentzen dira, eta oroitarazi behar da dieta osasungarri batek, proportzioan, karbohidratoak gehiago eduki behar dituela beste mantenugai batzuk baino. Karbohidratoak dira gure gorputzeko organo askoren erregai maiteena eta energia-iturri oparoena (garunarena eta giharrena, batez ere).

Espainiako Estatuan, ordea, komeni baino karbohidrato gutxiago hartzen ditu jendeak (eguneko dietak eman beharreko energiaren %40 ematen diete, nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundeak esaten duen hartzen diren kalorien erdiak baino gehiago eman behar lituzketela). Ildo horretan berean, Espainiako Estatuko herritarrei egindako ENIDE inkestak erakusten du jendeak zereal gutxi hartzen dituela (osokoak edo integralak lehenetsi behar liratekeela azpimarratzen du), eta, aldiz, komeni baino gehiago kontsumitzen dituela haragia eta haren eratorriak, eta sodio, gantz eta azukre erantsi asko dituzten produktu elaboratuak.

Zenbateko maiztasunez jan behar da? Ia egunero

  Zerealak dira dieta osasungarri baten oinarria. Osasunaz eta nutrizioaz arduratzen diren elkarte zientifiko guztiek nabarmentzen dute elikagai talde horretan oinarritu behar dugula gure elikadura, eritasun kronikoei aurre hartzeko. Arroza ere talde horretako elikagaia da, eta oso aintzat hatzekoa, gainera, bai ematen digunagatik eta bai ematen ez digunagatik ere: oso gatz gutxi du, ez dauka azukre sinplerik eta gantzik ere ez. Horregatik guztiagatik, elikadura osasungarriaren piramideetan, oinarri-oinarrian ageri dira zerealak (arroza tartean), eta horrek esan nahi du lehentasunezkoak direla. NAOS piramideak, adibidez (Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak egina da), oinarrian jartzen du arroza, eta honako mezu hau ageri du ondoan: "Egunero jatekoa". Gomendatzen du, dena den, beste zereal batzuekin txandakatzea (pasta, ogia, eta abar).

Adituen aholkua da egunean 4-6 errazio jatea zerealenak, ahal dela osokoak eta gatzik gabeak. Errazio bat izango litzateke arroz edo pasta platerkada bat, 3-4 xerra ogi edo ogitxo. Horrek ez du esan nahi egunean 5 platerkada arroz jan behar ditugunik! Esan nahi du, egunean zerealetatik jan beharreko 4-6 errazio horien artean arroza izan daitekeela horietako bat (errazio osasungarri bat 80 gramokoa izango litzateke).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto