Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Argi ibili!

Argindarraren fakturan ageri den kontsumoarekin ados ez bagaude, beste ezer baino lehen, zerbitzua eskaintzen digun enpresarekin harremanetan jartzea komeni da

  Argindar-konpainiek batzuetan ez dute modurik izaten gure etxeko kontagailuan begiratu eta kontsumo-zifrak eskuratzeko, eta gutxi gorabeherako kalkulu bat egiten dute hilabete horretako ordainagiria bidaltzeko. Aurreko urteko datuak erabiltzen dituzte horretarako, data berean bildu zituztenak. Faktura batean huts egiten badute, hurrengoan zuzentzea izaten da ohikoena, egiazko kontsumoa kontuan hartuta. Hala ere, kontsumitzaile asko ez dira ados egoten fakturetan ageri diren datuekin, eta kexa aurkezten diote enpresa hornitzaileari.

Lehen pausoa: ongi aztertu faktura

Argindarraren ordainagiriarekin ados ez bagaude, erreklamazioa aurkez dezakegu. Agiria sinatzen duen enpresari bidaliko diogu gure kexa. Konpainiak ez badu erantzun egokirik ematen, enpresa hornitzailearekin jarri beharko dugu harremanetan, baliteke-eta hark huts egin izana kontagailua irakurtzean edo gutxi gorabeherako kalkulua egitean. Kontagailuak ageri duen zifra jarri ohi dute irakurketa esaten zaion atalean. Bi eratakoa izaten da:

  • Egiazkoa edo erreala: kontagailuak data jakinean ageri duen zifra adierazten du. Horixe izango da ordu arteko kontsumoa.
  • Kalkulatua: enpresa hornitzailea, irakurketak egiteko ardura duena alegia, aldi batzuetan ez da joaten kontagailua irakurtzera edo inork ez dizkio datuak helarazten, eta, ondorioz, kalkulatu egin behar izaten du.

Hornitzaileek egiten dituzten irakurketak eta guk egindakoak bat datozen egiaztatzeko, aski da datuen jarraipen bat egitea. Hilabete bateko irakurketa egiteko, bost zifrako zenbakia (ordu arteko kilowatt guztiak) idatzi behar da hilabete bakoitzeko egun berean -eta, ahal dela, beti ordu berean-, eta aurreko hilabeteko irakurketa kendu. Horrela, hilabete horretan zenbat kilowatt gastatu ditugun jakingo dugu.

Zenbaitetan, kontagailuak etxe barrenean egoten dira, eta hornitzaileak ez du izaten modurik irakurketa egiteko. Ez da komeni irakurketak oso aldenduta egon daitezen egiazko datuetatik, eta, horregatik, ona izaten da kontsumo-datuak konpainiari helaraztea (telefonoz edo web-orriaren bidez), kontagailua ikusteko erraztasunak ematea (kontagailuen gelan ez badago), edo irakurketaren datuak horretarako izaten diren orrietan idaztea (eraikinetan uzten dituzte sarri askotan).

Dena den, kontagailuaren irakurketa eta norberak egindakoa bat ez datozenean, kontsumitzaileen elkarteen gomendioa da hurrengo hilabetea arte itxarotea kexa aurkezteko. Izan ere, gerta daiteke ordainagiriko datua kalkulu baten bidez atera izana. Hurrengo fakturan, berez, egiazko irakurketa agertu behar luke. Aurrekoan oker kalkulatua bazegoen, automatikoki zuzendu beharko lukete.

Erreklamazioa egin aurretik

Erabiltzaileari iruditzen bazaio behar baino kontsumo handiagoa kobratu diotela, irakurketak okerra izaten jarraitzen duela eta fakturan ageri den zifra ez dutela zuzendu, orduan erreklamazio bat egitea da egokiena. Konpainiek honako ekintza hauek egiteko gomendioa ematen dute kexa bat aurkeztu aurretik:

  • Egiaztatu egiazko irakurketa (kontagailuak esaten duena) eta alderatu fakturan ageri denarekin. Azken agiriko irakurketa kalkulu bidez egin badute, egiazko irakurketaren datuak eskuratzean doituko dituzte kobratu beharreko kopuruak.
  • Aztertu kontsumoaren historia, aurreko urteetan zenbat kilowatt kontsumitu ditugun jakiteko.
  • Kontuan hartu etxetresna berririk jarri dugun, horrek areagotu egingo luke-eta kontsumoa.
  • Egiaztatu kontagailua ongi dabilela. Horretarako, konpainiak zera gomendatzen dute: etxeko instalazio elektriko guztiak deskonektatu eta hamar minuturen buruan kontagailua geldirik -kontsumorik gabe- dagoen ikustea.
  • Eskatu konpainia hornitzaileari egiazta dezala kontagailua ongi ote dabilen, baldin eta matxuratuta dagoela iruditzen bazaigu.

Erreklamazioa aurkezteko bideak

  Konpainiek bide bat baino gehiago eskaintzen dizkiete bezeroei haiekin harremanetan jarri eta erreklamazioak egiteko. Kontagailuaren irakurketarekin ados ez gaudela adierazi nahi badiegu, honako aukera hauek ditugu:

  • Argindar-konpainiaren on-line bulegoa: zenbait enpresak helbide elektroniko bat jartzen dute kexak hara bidaltzeko. Beste batzuek formularioak edo inprimakiak izaten dituzte erreklamazioak egiteko eta froga gisa balio duten dokumentuen kopiak eransteko.
  • Konpainien bulego komertzialak: hara joan eta propio horretarako diren inprimakiak bete daitezke. Garrantzitsua da kexa oinarritzeko eta indartzeko balioko duten dokumentu guztien kopiak aurkeztea. Erregistratzen denean, konpainiek kode bat ematen diote bezeroari, eta hori erabili ahalko du kexak zer-nolako bilakaera egiten duen jakiteko.

Hogeita hamar egun igaro eta erantzunik ematen ez badute, ikusi egin behar da ea Kontsumo Arbitratze Sistemara atxikita dauden zerbitzua eskaintzen duen konpainia eta norbera bizi den etxejabe elkartea. Hala bada, Erkidegoko Arbitratze Batzordera eraman daiteke kexa, eta hark ebatziko du.

Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora ere jo dezake kontsumitzaileak eta haren bidez aurkeztu erreklamazioa. Bulegora bertara joanez egin dezake, postaz edo Internetez.

Horretaz gain, kontsumo arloko gatazka batean akordiorik lortzen ez bada, auzitara ere jo daiteke. Dena den, hobe da aurrez kontsumitzaileen elkarte batekin harremanetan jartzea, haiek esango digute-eta gure kasuak aurrera egiteko aukerarik izan dezakeen edo ez.

Erreklamazioaren edukia

Konpainiarekin harremanetan hasten garenean, ahalik eta informaziorik gehiena jarri behar dugu haren eskura, erreklamazioa modu eraginkorrean tramitatu eta konpondu dezan. Honako datu hauek eman behar zaizkio:

  • Kontratuaren datuak: kontratuaren titular gisa ageri denaren izen osoa eta IFK (erreklamazioa aurkeztu duena beste norbait bada) eta zerbitzua ematen zaion etxearen helbide osoa. Polizaren edo kontratuaren zenbakia ere eman behar da, eta fakturarena ere bai, baldin eta kobrantza batek eragin badu kexa. Datu horiek fakturan bertan agertzen dira gehienean.
  • Erreklamazioa aurkezteko arrazoia: azalpen labur bat eman beharko dugu, esanez ez gaudela ados kontagailuaren irakurketaren. Konpainiako norbaitekin hitz egin badugu, zer egunetan izan den eta zehazki norekin mintzatu garen ere adieraztea komeni da.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto