Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Nola aurreztu 2.0 gailuekin

Mugikorrarentzako zenbait aplikaziok lagundu egiten dute etxeko fakturak kontrolatzen, prezioak alderatzen eta erregaietan aurrezten

  Gero eta ohikoagoa da etxean bertan murrizketak egitea eta beharrezko ez diren zerbitzu eta objektuei uko egitea. Dena den, etxeko ekonomia kudeatzeko orduan, dena ez da zuri edo beltz. Telefono mugikorrak erabiltzen dituztenek, adibidez, badute beste aukera bat hain muturrera joan gabe ere: zentzu gehiagoz gastatzen lagunduko dieten aplikazio batzuk deskargatzea. Hona hemen horietako batzuk, etxeko kontuak zorrotz eramateko, prezioak alderatzeko eta erregaietan aurrezteko balio dutenak.

Etxeko kontuak eramateko aplikazioak

Lehendik badira ordenagailuentzako aplikazioak, eta horien antzekoak dira mugikorrentzat sortu direnak, baina gailu mota horien neurrietara eta mugikortasunera egokituak; hau da, intuitiboagoa eta grafikoagoa da gastuak eta diru-sarrerak sartzeko prozesua. Badira Androiderako aplikazioak eta badira iOS 6 sistema eragilearekin erabiltzeko direnak ere.

  • Mi presupuesto. Programa honekin, gastu bakoitza edo sarrera bakoitza idatz daiteke modu errazean. Helburua da aldian-aldian izaten diren diru-sarreretatik eta -irteeretatik ikastea, eta erabiltzaileari jakinaraztea zein diren bere estrategia ekonomikoaren hutsuneak. Hainbat funtzio ditu, eta horien artean batzuk aski interesgarriak: egutegi bat eskaintzen du eguneroko gastuak idazteko eta egunik okerrenak zein diren jakiteko, eta aldi jakinak hartzen dituen grafikoak, laburpenak, estatistikak eta gisakoak ere aukeran ematen ditu, deskargatzeko moduan nahi izanez gero. Tresna erabilgarria da langile autonomoentzat. Androidekin soilik erabil daiteke. 1,99 euro balio du.
  • Money. Mi presupuesto aplikazioaren antzekoa da, baina honako hau Apple etxeko gailuentzat prestatua dago, hau da, iPhonearekin eta iPadarekin erabiltzeko. Erabiltzailearen gailu guztientzat sinkroniza daiteke, eta abantaila ona da hori. Prezioa 4,49 eurokoa du.
  • PocketMoney. Aplikazio hau doakoa da, eta Androidentzat eta iOSentzat balio du; funtzioak, berriz, aurreko biek dituztenen antzekoak ditu.

Prezioak alderatzeko balio duten aplikazioak

  Etxekoek aurrekontu bat egin badute eta horri estu lotu nahi bazaizkio, gorabeherarik gerta ez dadin aurreikuspenean, produktuen prezioak alderatzekoak erabil daitezke, saltoki batean eta bestean zenbatean dauden jakiteko. Interneten aspalditik daude zerbitzu horiek, baina dendan bertan gaudenean jakin nahi izaten dugu zer preziotan dagoen beste lekuetan, eta orduan, mugikorra izaten da Sarerako sarbidea ematen digun gailurik hurbilenekoa. Horregatik da garrantzitsua aplikazio onak eskura izatea.

  • Supertruper. Aplikazio hau Espainian sortua da, eta hedapen handia izan du, produktu jakin bat merkeago saltzen duen inor baden adierazten baitu denda batean gaudela. Horretarako, mugikorraren kamera erabiltzen du produktuaren barra-kodea irakurtzeko; ondoren, seinalea hodeira bidali eta beste saltzaile batzuen eskaintzak bilatzen ditu han. Erabiltzaileak telefonoaren pantailan jasoko du erantzuna, eta erosi edo ez erabakiko du. Supertruper-ek egunero eguneratzen ditu saltoki-kate nagusien prezioak. Androidekin eta iOSekin erabil daiteke.
  • Kayak. Programa honek aukera ematen du hegaldien eta hotelen prezioak alderatzeko. Hegaldi jakin bat zer ordutan den merkeena jakinarazten du edo atseden hartzeko lekuetan non dagoen eskaintzarik onena. Androiderako Google Play dendan aurki daiteke, baina iPhonearekin eta Kindle Fire-rekin ere erabil daiteke.
  • Skyscanner. Berariaz hegaldientzat sortua da: hegaldiak alderatu eta mugikorrean erakusten ditu batzuen eta besteen prezioak; ibilbiderik merkeena zein den adierazten du, konpainia guztiak aintzat hartuta, bai low-cost direlakoak eta bai ohikoak. Sistema eragile gehienekin erabil daiteke.

Erregaietan aurrezteko aplikazioak

Sistema eragile nagusien denda guztiek eskaintzen dituzte gisa horretako programak, erregaietan aurrezteko modua ematen dutenak, alegia. Erabiltzaileak egin ohi duen ibilbideko gasolindegietan zer prezio dagoen esaten dute gehienek, norberak alderatzeko; bestea batzuek, horretaz gain, ibilbidea optimizatzeko aholkuak ere ematen dituzte.

  • Amovens eta CarPooling. Lehenbiziko aplikazioa iPhonearekin erabiltzeko da eta bigarrena Androidekin, eta ibilbide bera egiten duten bidaiariak elkarrekin harremanetan jartzen dituzte. Hartara, erabiltzaile horiek auto bakarrean egin dezakete ibilbidea eta gastuak partekatu.
  • Gasolineras Baratas. Aplikazio honi esker, beren ibilbideko gasolindegietan erregai mota bakoitza zenbatean dagoen jakin dezakete erabiltzaileek, eta preziorik onena duen hartara joan. Aplikazioak zerrenda batean ordenatuta aurkezten ditu gasolindegiak, zenbait alderdi aintzat hartuta: hurbiltasuna, erregaiaren prezioa, zerbitzu osagarriak... Aukera ematen du, gainera, erabiltzaileek prezioak egunera ditzaten.
  • Waze. Programa honek mapak ageri ditu, eta abiapuntua eta helmuga zehatuta, ibilbiderik egokiena zein den adierazten du denbora errealean. Hori egiteko, zirkulazioaren informazioa erabiltzen du, klimarena eta errepideen egoerari buruzkoa (Internetetik hartzen du guztia). Zirkulazio-arazoei buruzko oharrak egiteko aukera ere ematen die erabiltzaileei, handik hurbil dabiltzan gidariek kontuan har ditzaten. Era horretan, beste ibilbide batzuk proposatzen ditu, denbora aurreztu eta erregai gutxiago gastatzeko. Datu horiek modu automatikoan partekatzen dira, autoak daraman abiaduraren eta ibilbidearen arabera, edo eskuz ere egin daiteke. Horiek guztiak hartu, eta Wazek denbora errealean kalkulatzen du zein den biderik egokiena leku jakin batera iristeko. Androidekin eta iOSekin erabil daiteke.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto