Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Eztula: "Isil hadi, behingoz!"

Sintoma gidaria da eztula, arnasbideetako gaixotasun askorekin zerikusia duena; katarrotxo batek sor dezake, gripe batek edo beste patologia larriago batzuek

  Hots handia ateratzen du, ohikoa izaten da haur eta helduengan, gogaikarria ere bada, baina sendatzeko modukoa. Asmakizun gisa aurkeztu dugun horren erantzuna eztula da, era guztietako eztula: bat-batekoa eta geldiezina, marrantatua, gauekoa, txakur eztul urragarri eta lehorra, muki eta guztikoa... Era askotako eztulak daude, eta bakoitzaren ezaugarriei erreparatuz egiten dute medikuek gaixotasunen diagnostikoa; eztula bera izaten dute gidari lan horretan (horregatik esaten zaio sintoma gidaria), eta, beraz, ez zaio entzungor egin behar. Gainera, eztul bakoitzak bere sendabidea izaten du.

Eztula ez da patologia larria, baina bai gogaikarria; ez du uzten lo hartzen, ez lanean kontzentratzen eta ez ingurukoekin lasai mintzatzen ere, eta traba egiten dio eztulka ari denaren eguneroko bizitzari eta lan eta gizarte arloko zereginei. Gorputzaren berezko mekanismo bat da eztula -izan marranta, eztultxoa edo eztul eraso bizia-, eta funtzio bera izaten du beti: arnas aparatuaren epiteliotik askatzen diren jariakinak eta zelula hilak desagerraraztea. Babes-elementu gisa ere jokatzen du eraso txikiren bat gertatzen denean, gorputz arrotz bat irensten dugunean edo mikro-organismo patogenoek erasaten digutenean, eta eztul eginez horiek kanporatzea izaten da helburua.

Eztul urragarria, emankorra eta kronikoa

Arrazoia zein den, era batekoa edo bestekoa izango da eztula. Eztul lehorra, urragarria, sarria eta ez-emankorra (muki gabea), adibidez, goi arnasbideetako hantura-prozesuek sortzen dute (faringean, laringean edo trakean izaten direnek). Ohikoa izaten da adin txikiko haurrengan, oraindik ez baitakite karkaxak botatzen; gauez agertzen da gehienbat, eta gerta liteke goitika eginaraztea, zeren eztula eragiten duen zentroa anatomikoki oso gertu baitago goitika eginarazten duenetik.

Eztul emankor edo produktiboaren helburua, berriz, beste bat da: behe arnasbideetan pilatu diren jariakinak kanporatzea (zurixkak izan daitezke edo berdekarak, mikro-organismoek kutsatu badituzte). Behe arnasbideetan ohikoak diren gaixotasunei lotua egoten da, adibidez, gaizki kontrolatutako asma bati, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoari (EPOC-BGBK), bronkitisari edo pneumoniari. Neumologia eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkarteak (SEPAR) emandako datuen arabera, EPOC-BGBK gaitzak helduen %10i eragiten die Espainiako Estatuan eta asmak %7ri.

Arnasbideetako prozesu akutu bat izan ondoren, birsortzen hasten da epitelio kaltetua, eta gerta liteke eztulak hilabete inguru irautea. Baina zortzi astez baino gehiagoz luzatzen denean, kronikotzat jotzen da eta espezialistarengana joan beharra dago, hark esan dezan arazoa arnasbideetakoa den, gastrointestinala (errefluxu gastroesofagikoagatik), bihotzekoa edo hipertentsioaren aurkako botiken eraginez sortua. Kalkuluek diotenez, munduko herritarren %7k eztul kronikoa dute, halaxe adierazi du Adalberto Pacheco Galvanek, Ramón y Cajal Ospitaleko Asmaren eta Eztul Kronikoaren Unitateko kideak (Madril).

Noiz joan medikutara

Oro har, honako kasu hauetan joan behar da medikutara:

  • Eztulak 7-10 egun baino gehiago irauten duenean, gerta baitaiteke azpian beste prozesuren bat izatea.

  • Gaixotasunak beheranzko prozesua egiten duenean: goi arnasbideetan hasi eta poliki-poliki beherantz joaten denean.

  • Lehendik asma edo EPOC-BGBK gaitza pairatzen denean, areagotu edo okerrera egin duen seinale izaten baita.

  • Karkaxetan odola agertzen bada: izan daiteke garrantzirik gabeko patologia baten adierazle, baina baita gaixotasun larri batena ere: biriketako minbizia, adibidez, edo eritasun infekzioso batena: tuberkulosia, esaterako.

Eztul mota bakoitzak tratamendu bat

  Espezialistek behin eta berriz esaten dute arriskutsua dela eztularen aurkako botikak nork bere kabuz hartzea; izan ere, gerta liteke botika mukolitikoa behar izan (karkaxak botatzeko) eta eztulkontrakoa hartzea, edo alderantziz; edo gerta liteke gaixotasun garrantzitsuen aurkako botikak hartzeari uztea. Eztul bakoitzak bere sendabidea du, eta horren arabera jokatu behar da:

  • Eztul asmatikoari aurre egiteko, inhalatzeko botikak erabiltzen dira eta kortikoideak ere bai (hanturen aurkako sendagai indartsuak dira). Eztul hori desagertu egiten da asmaren aurkako tratamenduarekin, baina eztulkontrako jarabeek ez dute desagerrarazten.

  • EPOCen eztulari ere asmaren ondoriozkoari bezalatsu egiten zaio aurre: gaixotasunaren aurkako oinarrizko tratamendua da abiapuntua, inhalatzeko sendagaiak eta hanturen aurkakoak erabiltzen dituena.

  • Eztul emankor edo produktiboak bronkioetako hiperjariakinak kanporatzen ditu (muki asko), eta ugari hidratatuz egiten zaio aurre, ur asko edanez, edo jarabe mukolitikoren batekin, karkaxak botatzen laguntzeko.

  • Eztul urragarria, berriz, lehorra eta oso gogaikarria eta trabagarria izaten da, eta lehenbailehen moztu behar da, eztulak berak are gehiago urratzen duelako eztarria eta eztula egiteko gogoa areagotzen. Sorgin-gurpil hori gerarazteko, eztulkontrako jarabeak erabili behar dira (antitusiboak): desagerrarazi egiten dute eztula egiteko joera, baina neurrian hartzekoak dira, horietako batzuek kodeina dute eta (lasaigarri indartsu bat da, nerbio-sistema zentrala baretzen duena).

Eztula arintzeko aholkuak

  •   Kamamila- edo mitxoleta-infusioak hartu, lasaitu edo baretu egiten dutelako nerbio-sistema zentrala eta lagundu egiten dutelako eztul urragarria arintzen.

  • Giro hezeetan egon, berogailu gutxikoetan, eta giro lehorrak saihestu.

  • Eztula urragarria denean eta gauez agertzen denean, balkoira ateratzeak, aire zabalera, arindu egiten du itomena.

  • Ireki bainuontziko zurrusta, utzi ur beroari joaten eta hartu arnasa tartetxo batez giro heze eta bero horretan.

  • Egin lurrunak eukalipto- eta anis-infusioekin, hezetasunari esker libratu egiten baita sinusitisa eta mantsotu eztula.

Iturria: Eusebi Chiner, SEPAReko idazkari nagusi eta San Juan Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuko burua (Alacant).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto