Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Alfredo Martinez, Nutrizio arloko katedraduna Nafarroako Unibertsitatean: "Ezin zaio utzi animalia-jatorriko elikagaiak jateari dieta begetarianoa hobea omen dela entzun dugulako soilik"

 Irakaslea eta ikertzailea da Alfredo Martinez doktorea, aditua nutrizioaren arloan eta katedraduna Nafarroako Unibertsitatean. Berriki, PREDIMED izeneko ikerketan parte hartu du, eta emaitzak hain izan dira adierazgarriak (Mediterraneoko dietak eta bihotz-hodietako eritasunen prebentzioak zerikusia dutela ikusi da), mundu osora hedatu da. Gaur egun diziplina zientifiko berri batean barneratuta dabil, nutrigenomikan, non elkarrekiko loturan aztertzen diren profil genetikoa eta nutrizioa; horretaz gain, Food4me proiektuan ere badabil, dieta indibidualak eta osasungarriagoak bilatzeko helburua duen ekimenean. Martinezen esanetan, "oso zorrotza ez den dieta begetarianoa oso osasungarria da, eta hobeki bizitzeko bitarteko bat izan daiteke".

Zer-nolako abantailak ditu dieta begetarianoak?

Dieta bat orekatua izan dadin, behar adinako kopuruetan eman behar ditu mantenugai guztiak: proteinak, karbohidratoak, lipidoak, bitaminak eta, nola ez, ura ere bai zentzuzko neurrian. Dieta begetarianoak eman ditzake mantenugai horiek guztiak. Kontua da bitaminaren bat, zehazki B12a, batez ere animalia-jatorriko elikagaiek izaten dutela. Beraz, dieta begetariano zorrotz-zorrotza egiten duten pertsonek kontuan izan behar dute alderdi hori, eta gabezia hori orekatu. Gainerakoan, oso zorrotza ez den dieta begetariano bat oso osasungarria da, eta, hain zuzen, halaxe nabarmentzen dute zenbait eskolak edo joerak: hobeki eta luzaroago bizitzeko bitarteko bat izan daiteke.

Nutrizioaren ikuspegitik, zein dira elikagaitik interesgarrienak?

Lekaleek izan dezaketen proteina kopurua haragi-produktuena adinakoa edo handiagoa da. Zerealek, hain zuzen, arrautzak adina proteina dute. Dena den, onartu behar da animalia-jatorriko proteinak hobeki banatuta izaten dituela aminoazido esentzialak. Bestela esateko: landare-jatorrikoarena baino zertxobait kalitate hobea du. Elikagai begetalak soilik jaten badira, komeni da proteina osagarriak bilatzea.

Horregatik aipatzen da hainbestetan ikasi egin behar dela landare-jatorriko proteinak konbinatzen?

Bai. Proteina batzuek kalitate apalagoa dute, aminoazido esentzial bat falta dutelako. Artoak, adibidez, triptofanoa falta du, lekaleek metionina, eta zereal batzuek lizina. Baina modu egokian konbinatuta, oso kalitate oneko proteina lortzen da. Adibidez, arroza dilistekin prestatzen denean, edo babarrunekin edo garbantzuekin, bakoitzaren metionina eta de lizina mailak oso ongi orekatzen dute elkar.

Dieta begetarianoa eginda, bermatua al dago pisua kontrolatzeko bidea?

Bermatuta ez. Gertatzen dena da landare-jatorriko elikagaiek dentsitate energetiko txikiagoa dutela; hau da, kaloria gutxiago ematen dute pisu-unitate bakoitzeko. Gainera, elikagai begetal batzuek asetasun-irudipena sortzen dute, bai zuntzaren eraginez bai indize gluzemiko apaleko karbohidratoak ematen dituztelako.

Edozein izan daiteke begetarianoa?

Zertan ari den dakien edozein. Hau da, ezin zaio utzi animalia-jatorriko elikagaiak jateari dieta begetarianoa hobea omen dela entzun dugulako. Beharrezkoa da informatzea eta jakitea, adibidez, begetarianismoak aldaera bat baino gehiago dituela. Beganoak daude, guztietan zorrotzenak, obolaktobegetarianoak ere bai, dietan arrautzak eta esnea onartzen dituztenak. Errazagoa da azken aldaera hori orekatuagoa izan dadila eta arazo gutxiago eman ditzala, zeren arrautzak eta esneak dituzten aminoazido batzuk nekezago emango baitituzte frutek eta berdurek.

Zuhurrago jokatu beharra al dago herritar talde batzuekin?

Begetarianismoan, bi talde dira bereziki zaintzekoak edo arriskuan jar daitezkeenak. Haurrena da horietako bat: hazteko adinean daude, eta beren garabidean mantenugai guztiak behar dituzte; bereziki, aminoazido esentzialak. Beste taldea emakumeena da, burdina gehiago behar izaten baitute. Lekaleek eta landare-jatorriko elikagaiek badute mineral hori, jakina, baina ez da hain ongi xurgatzen (bioerabilgarritasun apalagoa duela esaten dugu guk). Lekaleek eta begetalek kopuru egokietan ematen dute burdina, baina gorputzak gutxi xurgatzen du; ez du berdin bereganatzen. Horregatik, dieta begetarianoan, emakumeak eta haurrak arrisku-taldetzat hartu behar dira eta kontu gehixeagorekin zaindu.

Ba al da mitorik begetarianismoaren inguruan?

Badira, bai. Batzuetan miragarritzat aurkezten eta sustatzen dira dieta begetariano batzuk, baina egiaz, mirariak ez, baina arazoak eta arriskuak ekartzen dituzte. Dieta modu batzuk oso zorrotzak dira, eta zuhurrak izan behar dugu; badira, esaterako, zen erako dietak, non azkenerako ia zerealak soilik jaten dituen pertsonak. Aldiz, ongi planteatzen den dieta begetariano batek, egoki informatuta gauzatzen denak, lagundu egiten du osasun gastrointestinala hobetzen, eta bihotz-hodietako eritasunak pairatzeko arriskua murrizten ere bai. Hau da, mitoak badiren bezala, badira haren erabilgarritasuna eta onurak nabarmentzen dituzten ikerketa oinarridunak ere.

Ildo horretan, Mediterraneoko Dietaren izaera kardio-osasungarriarekin pareka daiteke?

Mediterraneoko Dietak lagundu egin dezake bihotz-hodietako eritasunari aurre hartzen, eta gai hori puri-purian dago, gaurkotasun handikoa da. Haragia, esnea eta animalia-jatorriko proteinak ez dira baztertu behar, baina ikerketek esaten dute fruta jatea, eta berdin berdurak, oliba-olioa eta zuntza duten elikagaiak ere, bereziki baliagarria dela osasuntsu egoteko eta zenbait eritasuni aurre hartzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto