Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Erosketa Gida: arrautzak: Arrautza, biribila dohainetan

Ospe txarra izan du urteetan, baina ezaugarri bikainak ditu elikaduraren ikuspegitik, eta ez da egia kolesterola igotzen duela

Familia handia

  Arrautza mota bat baino gehiago dago merkatuan. Hiru alderdiren arabera bereizten dira: kolorea, neurria eta oilo errulea hazteko modua: Ilunak eta zuriak Arrazaren arabera, arrautza zuriak edo ilunak jartzen dituzte oiloek. Arraza gorriko olioek arrautza ilunak jartzen dituzte, eta oilo zuriek, arrautza zuriak. Zenbait arrazak pigmentu bat sintetizatu dute, eta horrek ematen die kolorea arrautzei. Urte luzez, esan izan da arrautza ilunak elikagarriagoak eta naturalagoak direla, baina ez da hala; ez dago desberdintasun nutrizional eta organoleptiko aipagarririk bi moten artean. Gorringoaren koloreari buruz ere hainbat gauza esaten dira. Duela urte batzuk, gorringoak kolore hori bizia bazuen, seinale zen oiloa modu natural eta osasungarrian elikatu zutela.

  • Ba al zenekien... gaur egun gorringoaren kolorea ez dela hain erabakigarria? Gorrixka izan, horia edo laranja, tonuak ez dio eragiten ez gustuari eta ez kalitateari ere. Gainera, faktore hori oso erraz manipula dezake ekoizleak: pigmentu-gehigarri bat erantsi pentsuari, eta aldatu egin dezake gorringoaren kolorea.

 Saila A saileko arrautzak kalitate gorenekoak dira: freskoak eta gizakiok jateko modukoak. Baldintza jakin batzuk bete behar dituzte: oskolak garbia eta oso-osoa egon behar du; zuringoak gardena behar du, orbanik gabea, gelatinatsua eta materia arrotzik gabea. A saileko baldintzak betetzen ez dituztenak B sailean sartzen dituzte. Horien artean, gizakiek jateko modukoak dira batzuk, baina oboproduktuak egiteko erabiltzen ditu elikadura-industriak, osasunarentzat arriskutsua izan daitekeen edozer kenduta, produktuak seguruak izan daitezen.

  • Ba al zenekien... B saileko arrautzak, gizakiok jateko modukoak ez direnak, ez direla erabiltzen elikadura-zereginetarako edo desegin egiten dituztela?

Neurri kontua

 A saileko arrautzak neurriaren arabera sailkatzen dira: XL/super handiak (73 gramo edo gehiagokoak); L/handiak (63 eta 73 gramo artekoak) eta M/ertainak (53 eta 63 gramo artekoak)

  • Ba al zenekien... oilo errulea zenbat eta adintsuagoa izan, hainbat eta arrautza handiagoak erruten dituela? Arrautza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta finagoa eta hauskorragoa izaten da oskola, eta ez hain isolatzailea; ondorioz, ez du izaten hainbesteko babesik kanpoko mikro-organismoek erasoz gero.

Hazteko modua

Sistema bat baino gehiago dago arrautzak ekoizteko. Oiloak non eta nola edukitzen dituzten ikusi behar da, zenbat leku izaten duten eta, ekoizpena ekologikoa denean (oiloak aske ibiltzen dira eta pentsu ekologikoak jaten dituzte), zer-nola elikatzen dituzten. Landako arrautzak beti aske dabiltzan oiloenak dira. Oilo horiek, nabe batzuetan bizi izaten dira, eta landakoek, gainera, aire zabaleko eremu batera ateratzeko aukera dute, non lurrean mokokatu eta aztarrika ibil daitezkeen. Lurrean hazitako oiloak ere nabe batzuetan egoten dira, eta hantxe izaten dituzte edantokiak eta janlekuak, eta mugitzeko lekua ere bai (metro koadro bakoitzeko 9 oilo izaten dira gehienez). Jendeak pentsatzen du oilo horien arrautzek bestelako zaporea dutela, baina ez da hala: arrautza guztiak dira kalitatezkoak, guztiek betetzen dituztelako higiene- eta osasun-baldintzak eta animalien ongizateari dagozkionak. Baita kaioletan hazitako oiloen arrautzek ere (Europatik iritsitako legedi berriak esaten duenez, era horretan hazten dituzten oiloek, gutxienez, 750 zentimetro koadroko tartea izan behar dute).

  • Ba al zenekien... oiloak hazteko sistemak ia ez duela eraginik arrautzaren kalitatean? Landako arrautzen osaera nutrizionala gainerakoena bezalakoa da. Arrautza horien balio erantsia ez da hainbeste elikadura arlokoa, gehiago da animaliaren ongizateari dagokiona.

Aberastuak

Azken urteetan omega-3 gantz azidoekin aberastutako arrautzak agertu eta boladan jarri dira (gantz osasungarria da omega-3). Horiek ekoizteko, arrain-pentsuak ematen dizkiete oiloei, liho-haziak edo zenbait alga. Urte askotan uste izan da omega-3 gantz azidoek on egiten diotela bihotz-hodietako sistemari, baina berriki egin diren azterketak erakutsi dute lotura hori gaur egun ezin dela guztiz frogatu. Gainera, gure organismoak omega-3 har dezan modurik errazena eta onena arrain urdina jatea da.

  • Ba al zenekien... aberastuek bost aldiz gutxiago izaten dutela omega-3 atunak baino eta hamar aldiz gutxiago izokinak baino?

Galeperrarenak

 Oiloarenarekin alderatuta, nabarmen txikiagoak dira, eta kontsumo-errazioa ere txikiagoa da. Oilo-arrautza ertain batek 50 gramo pisatzen du, eta galeperrarenak, berriz, 9 gramo (bost aldiz gutxiago). Baina bada beste alderik ere: pisu berean, galeperrarenak askoz kolesterol gehiago izaten du oiloarenak baino: bi halako.

  • Ba al zenekien... galeperrarenak energia pixkatxo bat gehiago ematen duela (betiere, pisu berean)? Gantzak ere gehixeago ditu guztira, eta gantz saturatuak ere bai.

Arrautza zuringoak

Ahalegin fisikoa egiten duten kirolariek erabiltzen dute, uste baitute horrek handitu egingo diela muskulu-masa edo indar fisikoa. Dena den, kirol-elikaduran aditu diren agintariek esaten dute, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak tartean, mendebaldeko kirolariek komeni baino proteina gehiago hartzen dituztela lehendik ere.

  • Ba al zenekien... arrautza gehiago hartzeak ez dakarrela onura gehigarririk, eta, aldiz, kalte egin dezakeela epe luzera (giltzurrunetako arazoak, hezurretakoak edo bihotz-hodietakoak)?

Aurrezteko...

  Arrautza oinarrizko elikagaia da erosketa-saskian (salbu eta alergia edo intolerantzia duen norbait izanez gero etxean), balio handia duelako elikadura ikuspegitik, eta, bestalde, ez duelako askorik balio. Dena den, beti lor daiteke zertxobait aurreztea:

  • Ordezko ona. Astean hiru edo lau arrautza jatea modu ona da arraina eta haragia ordezkatzeko; izan ere, elikagai horien antzeko ezaugarri nutrizionalak ditu, baina dezente merkeagoa da.

  • Ez da deus ere bota behar. Kontsumo-data gomendatua hurbil badago eta berehala jango ez badira, ez bota arrautzarik, izoztu: kontuan hartu behar da ez dela egokia arrautza osorik eta gordinik izoztea, oskola hautsi egingo litzateke eta. Aukerarik onena da arrautza osorik irabiatzea, edo gorringoa soilik edo zuringoa soilik, eta kristalezko ontzietan sartzea, etiketa batekin, noiz izoztu dugun jakiteko.

  • Neurriak axola du, prezioari eragiten dio eta. Koloreak, neurriak eta oiloa hazteko moduak ez du aldatzen arrautzaren kalitatea, baina neurriak baldintzatu egiten du prezioa. M neurrikoak dira merkeenak (L neurrikoek baino %15 gutxiago balio dute), L neurrikoak datoz gero (XLkoek baino %35 gutxiago) eta XLkoak dira garestienak: M neurrikoek baino %45 gehiago balio dute. Kontuan hartu behar da arrautza bakoitzari zer-nolako etekina aterako diogun neurriaren arabera: jakiak arrautzeztatzeko eta tortillak egiteko, hobe da handienak hautatzea. Adibide bat: XL neurriko 3 arrautzarekin, 4 lagunentzako tortilla bat egin dezakegu, eta, aldiz, M neurrikoak erabiltzen baditugu, beste bi gutxienez beharko ditugu.

  • Oiloa hazteko moduak ere eragiten dio prezioari. Honela sailkatzen dira garestienetik merkeenera: ekologikoak lehenbizi, landakoak gero eta, azkenik, ohikoak (lurrekoak edo kaiolakoak). Lehenbizikoak hautatzeak ahalegin ekonomiko handiagoa eskatzen du. Arrautza ekologiko bakoitzak 0,38 euro balio du, landakoak 0,23 eta ohikoek (L neurrikoak hartuta, landakoek eta ekologikoek pisu gehiago izaten baitute gehienean) 0,18 euro. Dena den, landakoen eta ekologikoen osaera nutrizionala ohikoek dutenaren berdin-berdina da. Horien balio erantsia ez da elikadura arlokoa, kulturala eta ekologikoa baizik.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto