Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa Gida: arrautzak: Arrautza, biribila dohainetan

Ospe txarra izan du urteetan, baina ezaugarri bikainak ditu elikaduraren ikuspegitik, eta ez da egia kolesterola igotzen duela

  Zer izan zen lehenago, arrautza edo oiloa? Dilema horrekin itzulika ibiltzea jolas polita izan daiteke, baina ez dago argi inork erantzunik aurkituko ote dion. Bada, dena den, argi dagoen gauza bat: gizakiak betidanik jan ditu arrautzak. Menderik mende, era guztietako iritziak eta ikuspegiak izan dira elikagai horri buruz. Greziarrek eta erromatarrek jaki bikaina irizten zioten, Erdi Aroan galarazia egon zen garizuman, eta 70eko hamarkadatik aurrera hainbat kontu zabaldu dira arrautzaren inguruan, kolesterol ugari ematen duela eta abar. Ondorioz, urteetan baztertu izan dute menu eta dietetatik. Familia askok, oraindik ere, mugak jartzen dizkio: "Arrautza? Astean hirutan, gehienez!". Eta ez da jende arruntaren kontua soilik: oraintsu arte, adituak ez ere dira ados jarri zenbat arrautza jatea komeni den. Arrautzak badu kolesterola, bai, baina 1997. urteko apirilean agertu zen ikerketa zorrotz batek frogatu duenez (American Journal of Clinical Nutrition aldizkarian argitaratu zuten), arrautza jateak ez du nabarmen areagotzen odoleko kolesterola. Orduz geroztik, hainbat ikerketak desegin dituzte arrautzaren inguruko uste eta mito okerrak. Horietan ageri denez, arrautzak berak duen substantzia batek blokeatu egiten du kolesterolaren zati handi bat, eta ez da sartzen gizakion gorputzera. Horregatik guztiagatik, lasai asko egin dakioke lekua dieta osasungarri batean eta ohiko elikagai bihur daiteke osasunari kalte egiteko beldurrik gabe. Arrazoi asko eta onak daudelako arrautzak jateko, elikadura balio bikaina du eta: mantenugai asko ematen ditu, proteina onak eta hainbat bitamina, eta prezioa ere, nahiko ona du, gainera (1,50 euro/dozenako, Espainiako Elikadura Ministerioaren Prezioen Behatokiaren arabera). Baina arrautza guztiak ez dira berdinak, askotarikoak daude merkatuan, eta bakoitzak ditu bere berezitasunak eta ezaugarriak. Erosterakoan, betiko arrautzontzia hartzera jotzen dugu askotan, ohituraz edo gustura gaudelako, baina merezi du ikuspegi osoago bat izatea eta bestelako irizpide batzuk ere aintzat hartzea. Horrexetan lagundu nahi du Erosketa Gida honek.

Zer leku behar du dietan

  Hainbat hamarkadatan, ospe txarra izan du arrautzak, kolesterolarentzat "arriskutsua" omen zelakoan. Ondorioz, ezagutza faltagatik edo gurasoei hala entzun izan zaielako, ohikoa izan da arrautzari mugak jartzea. 1999. urtean, ordea, Harvardeko Unibertsitateko Frank Hu doktoreak koordinatzen zuen aditu talde batek adierazi zuen pertsona osasuntsu batek egunean arrautza bat jan dezakeela osasuna arriskutan jarri gabe, eta aipamen horixe bildu zuen eslogan edo lelo ezagun batek: "Egg a day OK for healthy people" ("Arrautza bat egunean, ona pertsona osasuntsu dagoenean").

Dena den, ez da ondorioztatu behar zenbat eta gehiago jan, hainbat eta hobea dela, elikadura osasungarria neurtzeko orduan, ez baita soilik kontuan hartzen analisi batek eman dezakeen kolesterol maila edo mantenugai jakin batzuen kopurua; dieta osoari erreparatu behar zaio. Ildo horretan, argigarria da 2008. urtean Circulation aldizkarian argitaratu zen artikulu zientifiko bat, non esaten den egunean arrautza bat baino gehiago jateak areagotu egin dezakeela bihotz-hodietako eritasunak pairatzeko arriskua, kontsumitzaile bakoitzaren kolesterol maila gorabehera. Paradoxa horren azalpena, berriz, honako hau izan daiteke: arrautza asko jaten dituenak, normala denez, dieta osasungarriarentzat funtsezkoak diren elikagai ugari jateari uzten dio, landare-jatorrikoei, hain zuzen ere. Hau da, ikerketa horrek begi-bistakoa den gauza bat esaten du: landare-jatorriko elikagai gutxi jateak arriskua dakar osasunarentzat, jaki horiek gure organismoa babesten duten substantzia ugari dituztelako (zuntz dietetikoa, potasioa, bitaminak, herdoilaren aurkakoak, fitokimikoak). Bihotzaren Ameriketako Elkarteak dioenez, hobe da arrautzak barazkiekin laguntzea, osoko zerealekin jatea (osoko arroza edo pasta) edo lekaleekin (dilistak, garbantzuak, ilarrak...).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto