Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Azukre asko: pisu gehiago, gantz gehiago

Elikagai azukretsuak eta edari gozoak maiz hartzeak baldintzatu egiten du gorputzaren pisua eta gantz kantitatea

  Azukre asko duten elikagaiak neurriz kanpo edo maiz-maiz jateak ez dakar ondorio gozorik: pisua hartzen da, kilo ez batere osasungarriak, batik bat gantza ugaritzen baita gorputzean. Halaxe frogatzen du Otagoko Unibertsitatean (Zeelanda Berria) egin duten meta-analisi batek (Giza Nutrizioko Sailak eta Medikuntzakoak elkarlanean egin dute). Azukreak hartzeak edo elikagai gozo eta azukretsuak (edariak barne) jateak baldintzatu egiten du gorputzaren pisua eta gantz kantitatea.

Azukrea: energia beharrizanen eta gehiegizko kalorien arteko lehia

Gizentasuna da herrialde aurreratuetan eragin edo inpaktu gehien duen gaixotasun kronikoa. Hori dela eta, zientzialariak buru-belarri ari dira gaitz horren funtsezko arrazoia zein den jakin nahian. Glukosa azukre mota bat da -sinpleenetakoa-, eta giza gorputzaren oinarrizko elikagaia ere bada, baina ezin da esan elikagai ezinbestekoa denik. Elikaduraren eta osasunaren ikuspegitik, "azukre libre" guztiak bazter daitezke, ahogozo hobea emateko baino ez baitizkiete eransten elikagaiei.

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen ditu "azukre libreak": elikagaiei eransten dizkieten monosakarido eta disakarido guztiak, bai prozesatzerakoan (ekoiztean), prestatzerakoan (sukaldean) edo mahaian (kontsumitzaileek), baita zenbait elikagaik berez dituzten azukreak ere: eztiak, ziropek eta fruta-zukuek. Oro har, elikagai prozesatuek, gozoek edo azukretsuek ugari izaten dute azukrea, batez ere haurrentzat diren produktuek. Haurrek, gaur egun, hainbat eta hainbat elikagai dituzte eskura, eta horietako asko azukre ugarikoak izanik, oso zaila da beren dietan azukrearen gehienezko muga gomendatuak errespetatzea eta %10 soilik izatea "azukre libre" gisakoak.

Azukrearekin gehiegikeriak egiteak baditu ondorioak. Glukosa, funtsean, giza gorputzaren erregaia da, baina organismoaren jardueran erabiltzen ez den glukosa gantz gisa metatzen da. Azukre ugariko dieten arazoa zera izaten da: intsulina goraldiak eragiten dituzte eta, jarraian, gluzemiaren beheraldi azkar bat gertatzen da, eta horrek gozo gehiago hartzeko beharra ekarri ohi du. Joera horrek, denborarekin, zenbait arazo sor ditzake, besteak beste intsulinarekiko erresistentzia eta sabelaldeko gizentasuna.

Azukrea eta pisu gehiegia: zer-nolako lotura dute?

  Ez da gauza berria azukrea osasunaren kaltetan izan daitekeelako ustea, eta horren inguruko ikerketa asko egin izan dira aspaldi samarretik. Zenbait baieztapenek diote azukre ugari hartzeak lotura izan dezakeela gizentasuna eta bihotz-hodietako eritasunak pairatzeko arrisku handiagoarekin, baita diabetesa eta gibel gantzatsua izatekoarekin ere. Ikerketa horietako batzuek, dena den, gabeziak dituzte (besteren artean, aldeak daude hartzen diren azukre kantitateetan edo laginaren neurrian), eta, beraz, zenbait emaitza funsgabeak dira, eta bi alderdi horien arteko loturak ezin dira erabat frogatutzat eman. Gaur egun, loturarik sendoena edari azukretsuen eta gizentasunaren artean dagoena da.

Azukre kontsumoaren inguruko gomendioak eguneratzeko helburuz, OMEren Nutriziorako eta Osasunerako Taldeak (NUGAG) literatura zientifikoa eta medikua sistematikoki berrikusteko agindua eman zuen, azukre libreen kontsumoak eta gantz gehiegiak duten loturaren inguruko galderei erantzuteko. Galdera horietako bat da ea dietako azukre kopurua areagotzeak zer neurritan eragiten duen gorputzeko gantzaren neurrian pertsona helduengan eta haurrengan; horretaz gain, berrikuste-lan horrekin, argudio sendoak aurkitu nahi izan dira "azukre libreen" kopuru gomendatua murrizteko, energia guztiaren %10 eman dezaten gehienez ere.

OMEk agindutako meta-analisian egin diren saioetan, pertsona helduen dietan azukre kopurua murrizteak pisu-galera nabarmena ekar dezakeela ikusi da, %13 eta %38 artekoa. Beste ikerketa batzuek frogatu dute pisuan ez dagoela alderik hartzen den azukrea sakarosa gisa ageri bada (ohiko azukrea) edo fruktosa gisa (eztitzaile kalorikoa da, produktu eta edari askori gozotasuna emateko erabiltzen dena).

Azukrearen lau ordezko natural

  Elikagai, osagai eta gehigarri batzuk osasunari onik ez diotela egiten ikusita, horien ordezko osasungarriagoak bilatzeari ekin zaio. Azukrea da horietako bat. Elikadura-industriak fruktosa erabiltzen du hainbat produkturi eta edariri gozotasuna emateko, azukre sinple horrek sakarosak berak baino ahalmen eztitzaile handiagoa du eta. Aldaketa hori, ordea, ez da onerako izan, fruktosarekin eztituta dauden produktu ugari hartzeak erraztu egiten baitu gibelean gantza meta dadin eta, gainera, aldatu egiten du odoleko lipidoen izaera. Badira beste aukera batzuk azukrearen ordez erabiltzeko. Hona hemen horietako batzuk:

  1. Naturak ematen dituen eztitzaileen artean, agabe-ziropa aipatu behar da; sakarosak halako bi gozatzen du, batik bat fruktosa ugari duelako (%70).

  2. Astigar-izerdiz egindako ziropak ere antzeko osaera du, nahiz eta zapore desberdina izan; produktu gozo ugarirekin erabiltzen da hori ere. Bi eztitzaile horiek azukre naturalak izan arren, gozoak dira eta fruktosa ugari daukate, eta, beraz, neurrian hartzekoak dira, are gehiago azukrea kontrolatzeko dietak egiten dituztenek: diabetikoek, pisu gehiegi dutenek, gizentasun-arazoak dituztenek, triglizeridoak goi samarrean dauzkatenek edo gibel gantzatsua dutenek.

  3. Gozo naturalen artean, estebiak du, oraingoz, osperik onena. Landare bat da, eta, itxuraz, ezaugarri osasungarriak ditu gluzemia eta arteria-hipertentsioa kontrolatzeko orduan.

  4. Melazak ere oso aintzat hartzeko aukerak dira azukrearen ordez erabiltzeko (zerealak hartzituz lortzen dira).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto