Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Antikoagulatuta bizi behar

Enboliak izateko arriskua murrizteko hartzen dira koagulazioaren aurkakoak, baina areagotu egiten dute hemorragiak gertatzekoa

  Odolak ez du izan behar ez lodiegia eta ez meheegia, eta oreka zail hori lortzea da koagulazioaren aurkako sendagaien helburua. Tronboak, enboliak eta infartuak saihesteko hartzen dira, baina, ordainetan edo, beste arrisku bat ekarri ohi dute: hemorragiak. Hori dela eta, koagulazioaren aurkakoak hartzen dituzten gaixoak hari batetik zintzilik bizi izaten dira beti. Espainiako Estatuan, jende asko dago egoera horretan (800.000 eta milioi bat artean), eta kopurua handitzen ari da urtetik urtera: Antikoagulatuen Elkarteak biltzen dituen Espainiako Federazioaren arabera (FEASAN), urtero %10 ugaritzen dira gaixoak.

Gehien-gehienek aurikulako fibrilazioa daukate (AF), eta horrexegatik behar izaten dituzte koagulazioaren aurkako sendagaiak (arritmia bat da AF, eta hortik sortu ohi dira iktusen edo garun-hodietako istripuen %15); beste batzuek balbulak daramatzate bihotzean tronbosiei aurre hartzeko, eta horregatik hartzen dituzte; eta badira kirurgia ortopediko bat egin ondoren hartu ohi dituen jendea ere (aldakako edo belauneko protesi bat jarri ondoren, adibidez).

Bizitzan hainbat muga

Koagulazioaren aurkako ohiko sendagaiak azenokumarola (Sintrom ®) eta warfarina dira (Aldocumar ®), K antibitaminaren familiakoak. Desabantaila bat badute biek ere: dosia maiz-maiz doitu behar izaten da koagulazio maila tarte terapeutikoaren barnean ibil dadin. Goitik baldin badago, hemorragia izateko arriskua sortzen da, eta behetik badago, tronboak izatekoa.

Duela urte batzuk arte, gaixoak lau astez behin joaten ziren ospitaleetako hematologia-zerbitzuetara dosia doitzera. Gaur egun lehen arretako osasun etxeetara joaten dira, han odola atera eta dagokion ospitaleko hematologoari igortzen diote; hark emaitza aztertu, dosia doitu eta berriz ere lehen arretako zentrora bidaltzen du txostena. Dena dela, kalkuluek diotenez, gaixoen %50 gaizki kontrolatuta daude.

Kontrol horiek, ordea, zaildu egiten dute gaixoen egunerokoa, guztiak ezin dira-eta joan halako maiztasunez osasun etxera, adin handia dutelako, ezinduta daudelako edo lan egiten dutelako. Gainera, koagulazioaren aurkako ohiko sendagaiek hainbat muga sortzen dizkiete, behar ez bezalako eragina egiten baitute K bitamina duten hainbat sendagai eta elikagai hartuz gero. Eta larrialdiren bat gertatzen denean, osasun langileak ez badaki deskoagulatuta dagoela, arazo larriak etor litezke. Hori dela eta, Antikoagulatuen Elkarteak biltzen dituen Espainiako Federazioak (FEASAN) identifikatzeko txartel bat sortu du, "Antikoagulatuta nago" dioena ingelesez, txineraz eta gaztelaniaz, osasun langileek jakin dezaten zer-nolako egoeran dauden gaixo horiek konortea galdu eta hitz egiteko modurik ez badute.

Antikoagulatzaile berriak: gutxi batzuentzat baino ez

Koagulazioaren aurkako ohiko sendagaiei ez bezala, berriei ez zaie dosia doitu behar (dabigatran eta ribaroxaban daude merkatuan, eta aurki apixaban ere bai). Zenbait adituren uste, ordea, abantaila hori gaixoen kontra etor liteke denborarekin, gerta baitaiteke uneren batean pentsatzea beren gaixotasuna ez dela hain larria, erlaxatu egin daitezke tratamenduari jarraitzerakoan eta dosiren bat hartzea ahaztu; horrek, jakina, nabarmen areagotuko luke enbolia arriskua.

Koagulazioaren aurkako sendagai berriak irtenbide egokiak dira gaixo talde batzuentzat, baina ez guztientzat. Ikuspegi klinikotik begiratuta, sendagai horiek ezin zaizkie eman 65 urtetik gorako gaixoei, arrisku-faktore gehigarriak dituztenei, tarte terapeutikotik kanpo luzaroan egon direnei edo giltzurrunen funtzioa kaltetuta dutenei, ez eta bihotzeko balbula-protesiak daramatzatenei ere.

Autokontrola, horixe da helburua

Beste aukera bat da gaixoak berak kontrolatzea bere gaixotasuna, koagulazioaren aurkako ohiko sendagaiak hartuz eta koagulometroak erabiliz. Odoleko azukre mailak kontrolatzen diren bezalaxe, ziztako txiki bat egin, odol tanta tira erreaktibo batean jarri eta koagulazioa neurtzen duen gailuan sartzen da. Emaitza ikusi, eta gaixoek eurek doitzen dute dosia.

Autokontrol hori segurua da, adin guztietako jendeak egiteko modukoa, eta, meta-analisi batek berriki erakutsi duenez, espezialisten kontrola baino hobea. Gainera, Thrombosis and Haemostasias agerkarian 2012. urtean argitaratu den artikulu batek frogatu duenez, tronbosiari, odol-jarioari eta heriotzari aurre hartzeko, Sintrom® hartzen duten gaixoen autokontrola ez da txarragoa -zertxobait hobea ere bai- dabigatran berria baino. Eta, gainera, merkeagoa ere bada: 420 euro -urte eta gaixo bakoitzeko-, eta dabigatranek, berriz, 1.100 euro.

FEASANek egindako kalkuluen arabera, antikoagulatuta dauden gaixoen %60k baldintza egokiak dituzte autokontrola egiteko, baina %5ek baino ez dute erabiltzen, osasun publikoak ez duelako finantzatzen. Hori dela eta, osasun erakundeei eskatzen die bere gain har dezala neurketak egiteko gailuen kostua (700 euro inguru balio dute, eta Espainian Roche, Grífols, iLine Microsystems eta Izasa etxeek saltzen dituzte), baita tira erreaktiboena ere (120 euro balio dute, eta, oraingoz, Valentziako Erkidegoan baizik ez dituzte finantzatzen). Dena den, koagulometro bat erosi ezin dutenentzat, ekimen pribatu bat jarri du abian Monitor Medical zentroak (Katalunia): gailu horiek eta tira erreaktiboak alokatzeko aukera ematen du, eta hematologoen aholkularitza ere bai; 35 euro ordaindu behar dira hasieran, eta gero, hilean 5 euroko tarifa laua.

Gaixo antikoagulatuentzako aholkuak:

 
  1. Jarraitu medikuak emandako aginduei, sekula ez ahaztu koagulazioaren aurkako sendagaiak hartzea eta kontrolak egitea, eta harremanetan egon jarraipena egingo duen hematologoarekin.
  2. Jakinarazi medikuari zer-nolako sendagaiak hartzen ari garen, bat bera ere ahaztu gabe, okerreko eraginak saihesteko.
  3. Saihestu ebakiak eta kolpeak, baita kolpeak edo odol-jarioak sor ditzaketen kirolak ere.
  4. Ez erre eta ez edan, ohitura horiek hemorragiak ekar ditzakete eta.
  5. Odola agertzen bada gernua egiterakoan, ahoan edo hortzoietan, berehala joan behar da ospitalera, gerta daiteke-eta barne hemorragia bat izatea.
  6. Denetarik jan, neurrian betiere, baina saihestu K bitamina duten elikagaiak (brokolia, aza, Bruselako aza, espinaka), baldin eta K antibitamina duten sendagaiekin hartzen ari bagara tratamendua (Sintrom® eta Aldocumar®).
  7. Oso kontrol gutxirekin ibiliz gero, zaindu elikadura.
  8. Aztertu ongi autokontrola egiteko aukera, hobetu egiten du-eta bizitza kalitatea.

Iturriak: Luciano Arochena, FEASANeko lehendakaria; Jose Vicente Lozano, Serrería 2 Osasun Etxeko lehen arretako medikua (Valentzia); eta Joan Carles Souto, Santa Creu i Sant Pau ospitaleko Hemostasia eta Tronbosi Unitateko hematologoa (Bartzelona)



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto