Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Gatza, bizigarria... baina neurrian

Gazitzat jotzen diren elikagai guztietatik, otorduetan ohikoak diren lau nabarmentzen dira, dieta osoko gatzaren % 72 ematen dute eta

  Egunean bost gramo gatz. Ez gehiago eta ez gutxiago. Kopuru hori gomendatzen du Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Eta hor sartzen da bai etxeko gatzontzitik eransten dugun gatza eta bai elikagaiek dakartena, berez edo prozesatu ondoren. Espainiako Estatuan, ordea, herritar bakoitzak 9,7 gramo hartzen ditu egunean, kopuru gomendatua halako bi ia. Zehazki, herritarren % 80k komeni baino gatz gehiago kontsumitzen dute.

Gatza da arteria-hipertentsioa agertzeko faktore garrantzitsuena, eta bihotz-hodietako eritasunak ere hortixe datoz: miokardioko infartuen % 45ek eta garuneko infartuen (iktus) % 50ek zerikusia dute arteria-hipertentsioarekin. Gainera, gatz askoko dieta egiteak baditu zuzeneko beste eragin kaltegarri batzuk ere: handitu egiten du ezkerreko bentrikuluan hipertrofia izateko arriskua (arrisku kardiobaskularra) eta giltzurrunetako eritasuna izatekoa, eta nahasi egiten du gibelaren funtzionamendua eta hezurren osasuna.

Gazienak

Espainiako Estatuan, ikerketa bat egin du AESAN erakundeak (Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia), eta eguneroko otorduetan maizen agertzen diren elikagaietatik sodio gehien dutenak zein diren identifikatu ditu. Elikagaien bitartez hartzen dugun sodio guztiaren % 72 elikagai prozesatuetatik dator; % 20 etxean eransten zaien gatzetik, eta % 8 baino ez elikagai naturaletatik (ez prozesatuetatik). Gazitzat jotzen diren elikagai guztietatik, otorduetan ohikoak diren lau nabarmentzen dira, dieta osoko gatzaren % 72 ematen dute eta.

  1. Hestebeteak. Haragiaren eratorrietatik, urdaiazpiko onduak eransten dio gatzik gehien dietari, eta ondotik datoz txorizoa, saltxitxoia eta fueta. Hestebete egosien artean, urdaiazpiko egosia, indioilarra eta saltxitxak nabarmentzen dira. Aukera bat izan liteke urdaiazpikoa beratzen jartzea zenbait errezetatan erabili aurretik eta ur hori arraskatik botatzea gero (gatzaren zati bat diluitu egingo da uretan).
  2. Ogia. Ogi zuria, moldeko ogi zuria eta txigortua, horiek dira talde honetako elikagairik arazotsuenak. Dena den, AESANek eta okintza arloko eragileek egindako hitzarmenari esker, lau urtean (2005-2009) poliki-poliki murriztu egin da ogia egiteko erabiltzen den gatz kopurua. Gaur egungo ogiak %25,9 gatz gutxiago du orain lau urtekoak baino.
  3. Gazta. Esneki guztietatik, gaztak dira elikagairik gazienak, eta gaztetan, Mantxakoa, urtua eta gazta freskoak, gehien kontsumitzen diren hirurak hain zuzen. Gaztak, gainera, ugari izaten ditu gantza eta kolesterola ere (onduenek, batik bat), eta, beraz, gutizia gisa hartzekoa da, noizean behin eta zati txikietan, ez egunero.
  4. Plater prestatuak. Janari prestatu izoztuak nabarmentzen dira gainerako jaki prestatuen edo aurrez prestatuen artetik, horiek ematen dute-eta sodio gehien. Etiketa nutrizionalean ageri den informazioak lagunduko die kontsumitzaileei zenbait etxetako produktuak alderatzen eta osasungarrienak bereizten. Horretaz gain, dietari gatz gutxiago eransteko, aukera ona da etxean janari gehiago prestatzea, soberan geratzen dena izoztea eta behar den neurrian desizozten joatea.

Aldiz, elikagai fresko eta gordin gehienek ez dute gatzik izaten edo oso gutxi izaten dute: frutak, barazkiak eta berdurak, esaterako, gezak edo motelak dira berez, haragia, arraina edo arrautzak baino gehiago, horiek sodio pittin bat izaten dute eta, oso gutxi bada ere. Egia da gatza erabiltzen dela horiek prestatzeko, baina poliki-poliki murrizten bazaie, ahosabaia ohitu egiten da.

Zaindu beharreko elikagaiak

  Eguneroko jakietan gazienak zein diren bereizteaz gain, erreparo handirik gabe jaten ditugunei ere begiratu behar zaie, sarri askotan ez baitugu kontuan hartzen zenbat gatz duten. Gure jokabidea zuritzeko, noizean behin hartzen diren elikagaiak direla esaten dugu, baina pentsatzen hasita, horietako batzuk astero jaten ditugu, eta, azkenerako, pilatu egiten da gatza.

  • Aperitiboak: gusanitoak, pajitak, patata frijituak... oso hedatuak daude haurren artean, eta maiz jaten dituzte. OMEk gomendatzen du 7 urtetik beherakoek ez dezatela hartu egunean 4 gramo gatz baino gehiago (1,6 gramo sodioren parekoa da; gatzaren %40 sodioa da). Patata frijitu zorro txiki batek (30 gramo) 425 miligramo sodio izaten ditu, haurrei egunean komeni zaienaren herena. Pajita zorro batek (20 gramo), egunean gehienez hartu beharreko kopuruaren herena eta gusanito zorro batek (36 gramo), haur batek egun osoan behar lukeenaren bostena.
  • Gosaritako zerealak. Zereal mota askori gatza edo gehigarriak (glutamato monosodikoa edo antzeko zapore-indargarriak) eransten dizkiete zaporea emateko eta testura kurruskatsua lortzeko eta mantentzeko. EROSKI CONSUMERek 2008. urtean egin zuen azterketa batean ikusi zen gatz asko izaten dutela produktu horiek: haurrentzako zerealik gazienen 30 gramok 150-190 mg sodioa ematen zituen, haien organismoak egun osoan behar duen sodio guztiaren % 10.
  • Zereal-opiltxoak. Opiltxo horietako bakoitzak 40 eta 100 mg artean izaten du sodioa; 100 gramo bakoitzeko, beraz, 600 eta 1.300 mg artean ibiliko lirateke. Elikagai batek sodio asko duela esateko, 500 mg-ko muga jartzen da 100 gramo bakoitzeko. Hortaz, opiltxorik gehienek sodio asko dute, eta ez zaizkie komeni medikuaren aginduz gatzik gabeko dieta egin behar dutenei.
  • Opil meheak eta ogi-ziriak. Gatza da aperitibo horren alderik txarrena. Guztiak dira sodio asko dutenen sailekoak, 700 eta 1.400 mg artean izaten dute-eta 100 gramo bakoitzeko. Etiketak ongi irakurtzea komeni da gatzik gutxien dutenak hautatzeko. Zapore gustagarria izaten dute, eta baten atzetik bestea jateko gogoa ematen du; hori dela eta, aldiro jango den errazioa bereizi eta gainerako gordetzea komeni izaten da.
  • Mikrouhin labean egindako krispetak. Eginda saltzen diren krispeta batzuek gantz eta gatz ugari izaten dute, eta gantzak, gainera, ez dira izaten batere osasungarriak. Mikrouhin labean egiten diren krispetek 500 kaloria ematen dute 100 gramo bakoitzeko (etxean egindakoek baino 100 Kcal gehiago); gantza ere bost aldiz gehiago izaten dute, eta gatz ugari: 1,3 eta 2,6 gramo artean 100 gramo bakoitzeko (etxeen arabera aldatu egiten da kopurua).


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto