Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Linkedin-etik etekin ona ateratzeko

Profesionalen arteko harremanak egiteko balio du gizarte-sare horrek, eta aukera ematen du lana eta negozio-bide berriak bilatzeko

  Lan-munduko harremanak kudeatzeko eta norberaren lan-esparruarekin zerikusia duten pertsonekin hartu-emanetan hasteko bitarteko gisa funtzionatzen du Linkedin gizarte-sareak. Era horretan, erabiltzaileek beren marka susta dezakete eta aukera berriak bilatu. Gizarte-sarearen sortzaileek diotenez, 175 milioi profesionalek eman dute izena eta bi milioi enpresak baino gehiagok jotzen dute bertara hautagaien bila.

Fremium eredua darabil Linkedinek. Hau da, oinarrizko funtzio batzuk eskaintzen ditu, eta funtzio gehiago eskuratu nahi dituztenek ordaindu egin behar izaten dute. Prezio-plan bat baino gehiago dituzte aukeran. Badira hilean 22 euro ordaintzekoak, eta badira 88 eurokoak ere. Plan horietako batzuekin, erabiltzaileak aukera du Linkedineko kide diren guztiei mezuak bidaltzeko haien solaskide gisa ageri ez arren ere (zer plan hautatzen den, mezu gehiago edo gutxiago bidaltzeko modua izango du; oro har, hilean 3 eta 25 artean).

Profila zaindu

Linkedin erabiltzean, komeni izaten da argazki berri samar eta txukun bat jartzea, eta datuak sartzeko beta hartzea, ahalik eta osatuenak eta zehatzenak izan daitezen; hori egin ondoren, eguneratu egin behar da aldian-aldian, eta berrikuntzak eta jakingarri berriak sartu.

Era horretan, lan-munduko solaskideek une orotan jakin dezakete zer-nolako aldaketak gertatu diren profesional baten jardueran, eta, horretaz gain, lanpostu edo lan-aukera bati ongien egokitzen zaizkion profilak aurki ditzakete. Bestalde, Linkedinek aukera ematen du url pertsonalizatu bat sortzeko erabiltzailearen izen-abizenekin. Aukera hori oso komenigarria da solaskide baten profila erraz-erraz bilatzeko gizarte-sareetan, baita helbidea beste gizarte-sare eta plataforma batzuetan partekatzeko ere.

Garrantzitsua da norberaren profilean harremanetarako bideak zehaztea: helbide elektronikoa, beste gizarte-sareetarako sarrerak edo lanarekin zerikusia duten eduki interesgarriak ageri diren orrialde pertsonaletarako loturak. Ez da komeni, ordea, laneko gaietarako erabiltzen ez diren sareen helbideak jartzea. Hau da, Twitter-en kontu bat izanez gero, Linkedinek aukera ematen du norberak bidali duen tuit bakoitza automatikoki bertara eransteko, eta, horrela, Linkedineko egoera eguneratzeko. Baina Twitterreko kontua gauza pertsonaletarako erabiltzen bada eta ez lanerako, solaskideentzat inolako garrantzirik ez duen edukia agertuko da, eta hori ez da komeni.

Gomendioak lortu

  Linkedinek aukera ematen du erabiltzailearen lankideek edo harekin lanean aritu direnek oharrak eta gomendioak egin ditzaten haren jardunaren inguruan, baita onespenak eman ditzaten ere endorse funtzioaren bidez. Gomendio mota horiei esker, informazio interesgarria erants dakioke erabiltzailearen curriculumari. Gomendio eta ohar horietan, dena den, kalitatea lehenetsi behar da (ongi idatzita egon behar dute eta itzal pixka bat duten solaskideek eginak izan), eta ez kantitatea; irakurtzen duenak ere horri erreparatuko dio.

Erabiltzaile askok solaskide gisa ahalik eta jende gehien izateko erabiltzen du Linkedin. Era horretan, mezuak doan bidaltzeko modua dute, baina beti ez da izaten aukerarik onena. Networking delako bat egitean, hau da, lanaren inguruko solaskide-sare bat sortu eta nork bere burua ezagutaraztean, interesgarri izan daitezkeen erabiltzaileekin hornitzea da egokiena, eta beti bigarren hurbiltasun mailan egitea (nire solaskideen solaskideak). Horrela eginda, erabiltzaile horiek ikusi egin dezakete zein solaskide partekatzen dituzten. Bilaketak egiteko orduan, Linkedinek aukera ematen du izena osorik bilatzeko, lan egiten den enpresa edo lan egin izan dena bilatzeko, eta norberak nahi duen lan-esparrura mugatuta bilatzeko.

Solaskideak eransteko aukera ona izaten da posta elektronikoaren helbide-agenda inportatzea. Horretarako, Linkedinek aukera ematen du agenda hori hainbat kontutatik inportatzeko: Gmail, Hotmail, Yahoo! Mail, Outlook edo beste edozein posta-helbide. Norbaitekin hitzordu bat egin badugu, oso lagungarria izan daiteke haren profila bilatzea, haren jarduerari buruz gauza gehiago jakite aldera. Kontuan hartu behar da, hala ere, Linkedinek aukera ematen duela gure profila berriki nork bisitatu duen jakiteko.

Taldeetan parte hartu

Linkedinek atal berezi bat eskaintzen du lan-esparru bati edo gai jakin bati lotutako taldeak sortzeko edo gehitzeko. Erabiltzaileei eztabaidetan parte hartzeko aukera ematea du helburu, eta elkarren esperientziak eta ezagutzak trukatzea. Horietan parte hartzea modu ona da norberak esparru jakin batean dituen gaitasunak eta trebetasunak erakusteko. Gainera, aukera ematen du beste erabiltzaile batzuek sarbidea izan dezaten bertako kide guztien profiletara iristeko; horri esker, lan-esparru edo eremu geografiko jakin batean aritzen diren profesionalen datu-base moduko bat eduki dezakete, eta, ondorioz, ikusgarritasun gehiago lor daiteke.

Talde horiek erabiltzeko unean, zaindu egin behar da mezuen tonua eta idazkera, eta ideiak emateko eta beste erabiltzaile batzuen zalantzak argitzeko ahalegina egin behar da. Dena den, nork bere burua gehiegi agertzea eta nork bere lana gehiegi goratzea ez da jendearen begiko izaten, eta norberaren kaltetan ere gerta daiteke.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto