Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Informatika eta ekologia: uztarri berean?

Aholku erraz-erraz batzuk aintzat hartuz gero, gure ordenagailuak ekologikoagoak izango dira eta, bide batez, dirua aurreztuko dugu

  Informatikak eta ekologiak elkarrekin zerikusi gutxi dutela pentsa dezake batek baino gehiagok, baina ez da hala. Etxe bakoitzean hainbat gailu informatiko izaten da gaur egun, mahai gaineko ordenagailuak, eramangarriak, miniak, tableta ertainak eta txikiak, liburu elektronikoak... Horietako bakoitzak energia kontsumitzen du, eta, ondorioz, ingurumenaren gain eragiten du. Arreta pixka bat jarriz gero, bada modua horiek guztiak era ekologikoagoan erabiltzeko. Gailu horiek kontzientzia eta jokabide berdeagoarekin baliatuz gero, gehiago iraungo digute, eta, gainera, dirua aurreztu ere egingo dugu.

Gehien komeni den ordenagailua erabili

Merkatuan dauden aukera ugarietatik bat hautatu aurretik, bakoitzak zertarako balio duen eta zer-nolako berezitasunak dituen jakitea komeni da. Era horretan, norberari gehien komeni zaiona hautatu ahal izango da: zenbat denboraz eta non erabiliko den, zer-nolako aplikazioak behar izango diren, eta abar. Hala egin ezean, gerta daiteke erabili ez eta bazterrean geratzea, edo behar baino baliabide gehiago erabiltzea alfer-alferrik. Etxean noizbehinka erabiltzeko, nork bere zaletasunetan-eta, aski da tableta batekin. Lanerako baldin bada, egunero hainbat ordutan erabiltzekoa, mahai gaineko ordenagailu bat erostea da onena. Erabileraren alderdia ez ezik, energia-kontsumoarena ere oso kontuan hartzekoa da. Ordenagailu eramangarriek energia gutxiago kontsumitzen dute mahai gainekoek baino, eta tabletek, berriz, eramangarriek baino gutxiago.

Ongi erreparatu etiketei eta ingurumen-txostenei

Ordenagailuen etiketak informazio jakingarria ematen du bakoitzaren ezaugarrian inguruan, eta lagungarria izaten da modelorik ekologikoena zein den jakiteko: zer-nolako materialekin egina dagoen (batzuk kutsatzaileagoak dira besteak baino); kontuan hartzen ote duen ondoren birziklatzeko aukera; ingurumen-etiketarik baduen, EPEAT delakoa adibidez (hiru sail ditu, urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa) edo Energy Star izenekoa; eta ekoizleak ingurumenaren alde jarduteko politikarik abian jarri duen edo ez.

Ingurumen-txostenak ere lagungarriak izaten dira. Greenpeace erakunde ekologistak urteak daramatza gisa horretako txostenak argitaratzen: Elektronika berdeagoaren aldeko Gida edo Elektronika Berdearen Inkesta, adibidez. Ordenagailuak eta telefono mugikorrak ekoizten dituzten konpainia nagusiek ingurumenaren arloan zer-nolako jokabidea duten azaltzen da argitalpen horietan.

Modelorik eraginkorrenak hautatu

  Eraginkortasun energetiko handiena duten modeloek argindar asko aurrezten dute. Erabiltzailearentzat mesedegarria da hori, eta bai ingurumenarentzat ere. Ekoizleek gero eta gailu eraginkorragoak egiteko joera dute, gero eta baliabide gutxiago kontsumituko dutenak. Horren adibide da, esaterako, Intel Core 2 Duo prozesadorea, zeina % 40 azkarragoa eta eraginkorragoa bere aurrekoa baino. Txartel grafikoek energia asko behar izaten dute, eta, horregatik, 3Dko jolas ahaltsuak instalatzeko asmorik ez bada, hobe da baliabide gehiegi beharko dituztenak ez hautatzea. Pantailetan, berriz, LED motakoak dira eraginkorrenak, eta horiek dira aukerarik onenak pantaila handiak behar direnean.

Energia aurrezteko ohiturak hartu

Zenbait ordutan ordenagailurik erabiliko ez bada, hibernatze modua aktibatzea komeni da, gutxiago kontsumitzen duelako, eta pantaila itzaltzea. Sistema eragile bakoitzak bere erara aktibatzen du hibernatze modua denbora bat igaro ondoren, eta badira ordenagailua itzaltzen dutenak ere. Gailu periferikoak ere itzalita eduki behar izaten dira erabiliko ez badira (inprimagailuak, eskanerrak...). Beste zenbait neurri ere har daitezke energia gutxiago gastatzeko: pantailari distira kendu, gailu harigabeak deskonektatu erabiliko ez badira (Wi-Fia, bluetootha), disko gogorra desfragmentatu hobeki funtziona dezan, programa sinpleak erabili, programa espioirik ez dagoela ziurtatu, bateria zaindu, funtzio anitzeko gailuak hautatu (inprimagailua, fotokopiagailua eta eskanerra... Era berean, zenbait programa informatikok lagundu egiten dute argindar gutxiago kontsumitzen eta, bide batez, ingurumenaren aldeko kontzientzia hartzen.

Ahal denean, berrerabili

Ordenagailuaren bizia luzatzeak dirua aurreztea dakar berekin, baita hondakin gutxiago sortzea eta baliabide natural gutxiago behar izatea ere. Zenbait osagai eguneratuz gero, RAM memoria esaterako, edo ahalmen handiagoko disko gogorra jarriz gero, luzaroago iraungo digu. Beste aukera bat da ordenagailu zaharra norbaiti oparitzea, edo GKEren bati ematea (Mugarik Gabeko Ingeniariak edo Telekomunikazio Solidarioak erakundeei adibidez). Zenbait zerbitzuk, gainera, osagai informatikoak biltzen dituzte berrerabiltzeko, eta ordaindu egiten dute trukean (Clickyrecicla da horietako bat).

Ez dabiltzanean, birziklatu

  Ordenagailua ez badabil, birziklatzea da hurrengo pauso ekologikoa. Bi aukera daude horretarako: berria erosteko asmorik ez badugu, gertuen dugun Garbigunera eraman dezakegu. Ecolec Fundazioak horien berri ematen du bere web-orrian. Eta berria erosiko badugu, dendak hartu beharko digu zaharra, doan.

Ordenagailu 'ekologikoak' erosi

Zenbait ordenagailuk garrantzi handia ematen diote ekologiaren arloari. Gutxi dira oraindik ere, banaka batzuk baino ez, baina, gutxienez, ekoizleak hasi dira kontsumitzaileen ingurumen-kontzientzia gero eta handiagoari erantzuten. Periferikoetan ere, gero eta gehiago erreparatzen zaio alderdi berdeari, eta hasi dira agertzen eguzki-kargagailuak eta material biodegradagarriz egindako osagaiak.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto