Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

^

Erosketa gida esnea: Esnea, adin guztietarako ezinbesteko elikagaia

Haurrek 2-3 errazio esneki hartu behar dituzte egunean (200 ml-koa bakoitza), helduek 2 eta 4 artean (250 ml-koa bakoitza) eta adinekoek 3 (250 ml-koa bakoitzak). Halaxe agintzen dute Erkidego Elikaduraren Espainiako Elkarteak eta Familia eta Erkidego Medikuntzako Espainiako Elkarteak

Kalitatea

  Industriaren ardura izaten da etxaldeetatik iristen den esne gordina kalitatezkoa eta segurua izan dadila. Kontuan hartu behar da esne gordin hori hainbat etxaldetatik datorrela, eta garraio-zisternak hustu aurretik, beharrezkoa izaten da lagin batzuk hartzea eta kalitate-kontrolak egitea. Besteak beste, kolorea aztertzen da, usaina, itxura eta kutsadura makroskopikoa. Esneak zenbateko azidotasuna duen ere zehazten da, baita zenbat gantz duen ere. Autokontrol-sistema hori beharrezkoa da industria guztietan, horrelaxe egiaztatzen baita etxaldeetatik heldu den esne gordinak arau guztiak betetzen dituela.

Iraungitze-data

Esne guztiak ez dira berdinak, eta, beraz, guztiak ez dira baldintza berberetan kontserbatzekoak. Ematen zaien tratamendu termikoaren arabera bereizten dira esneak (pasteurizatzea, esterilizatzea eta UHT dira tratamendu nagusiak). Beroa da elikagaiari ematen zaion tratamendu higienizatzaile nagusietakoa. Luzaroago irautea da helburua, mikrobio-zama murriztea eta eduki ditzakeen mikro-organismo patogenoak eta horien esporak desagerraraztea. Erostean, oso garrantzitsua da arretaz begiratzea zer produktu mota den, noiz iraungitzen den eta zer tratamendu termiko eman dioten. Tratamendu bakoitzak ondorio jakina du, eta tenperatura-denbora bikotearen araberakoa izaten da (beroak elikagaiari nola eragiten dion, era batekoa edo bestekoa izango da emaitza).

  • Esne pasteurizatua. Tratamendu termiko arina ematen zaio. Mikro-organismo patogenoak desagerraraziko dituen tenperaturan edukitzen dute (100 ºC-ren azpitik), horretarako behar den denboran; tratamendu honek, dena den, ez ditu desagerrarazten mikro-organismoen esporak (haien erresistentzia-formak dira). Ez da izaten luzaroan iraungo duen produktua: hotzetan eduki behar da, eta 2-3 egunetan kontsumitu. Eguneko esne fresko gisa saltzen da.
  • Esne esterilizatua. Esterilizatze-prozesu klasikoa ematen zaio; hau da, tenperatura handietan edukitzen dute (100 ºC-tik gorakoa) denbora luzez, eta horrela erabat desagerrarazten dituzte mikro-organismoak eta haien esporak. Hauxe da tratamendurik indartsuena, eta elikagaiak izan dezakeen bizitza-forma ororen jarduera geldiaraztea izaten du helburu. Produktu egonkorra atera ohi da hortik, luzaroan irauten duena. Ontzi opakuetan saltzen da, eta 5-6 hilabetez iraun dezake, ontzia itxita badago. Behin irekita, 4-6 egun egin ditzake hotzetan.
  • UHT esnea edo uperizatua. 100 ºC-tik gora jartzen dute esnea 3-4 segundoz, eta horri esker, ia ez zaizkio batere aldatzen bere elikadura-ezaugarriak eta mikro-organismo ia guztiak desagerrarazten dira. Ontzia itxita badago, hiru hilabete inguru egin ditzake giroko tenperaturan. Behin irekita, hozkailuan sartu behar da, eta hurrengo 4-6 egunetan hartu.
  • Esne-hautsa, deshidratatua. Esne likidoa deshidratatuz lortzen da, eta ez da lurrunduaren eta kontzentratuaren berdina, zeren bi horiei ez baitiete ura erabat kentzen. Esne-hautsak, urik batere ez duenez, likidoak baino luzaroago irauten du. Gainera, behin esne gisa prestatu ondoren, jatorrizko esneak bezalako elikadura-balioa izaten du.

Formatua

  Espainiako Estatuan, brick ontzietan saltzen da gehienbat esnea, eta ez hainbeste botilatan. Kontsumitzaile bakoitzak edo familia bakoitzak zer beharrizan dituen, formatu bat edo bestea hautatuko du. Batzuek nahiago dute botila, eta beste batzuek bricka, formatu jakin hori erosoagoa zaielako garraiatzeko, hozkailuan edukitzeko edo biltegian gordetzeko (ireki gabea dagoenean). Bi kasuetan, arreta jarri behar zaio iraungitze-datari eta kontsumo-data gomendatuari.

Esnearen inguruko gezurrak

  •   Esnearen ontzian ageri diren zenbaki batzuek zera adierazten dute: esnea zenbat aldiz berrerabili duten. Horrelaxe hasten zen duela zenbait urte jende artean izugarri hedatu den mezu elektroniko bat. Baieztapen hori guztiz okerra da. Tetra Brick ontzien azpialdean ageri den zenbaki hori ontziari buruzko kode bat baino ez da, ontzi-ekoizleek erabiltzen dutena erabilitako lehengaia zein sortatakoa den identifikatzeko. Gezurrezko albiste hori hainbeste hedatu zen, ontzien ekoizleak berak, Tetra Pack enpresak, azalpen-bideo bat egin baitzuen. Youtube-n ere ikus daiteke, "Significado del numero del Tetra Brick" izenburu jarrita. Esnea kontrolatzeko legedia oso zorrotza da, halaxe behar du-eta jendearen osasuna babesteko.
  • Esneak mukiak sortzen ditu. Herritar askok (eta profesional batzuk ere bai) uste dute esnekiak janda muki gehiago sortzen dela arnasketa-sisteman. Eta muki-ekoizpen horrek, haiek diotenez, asma eta beste arnasketa-arazo batzuk ekartzen dituela. Uste horren eraginez, jende askok utzi dio esnekiak hartzeari, baina funtsik gabea da jokabide hori. 2005. urteko abenduan, Journal of the American College of Nutrition aldizkariak artikulu zabala argitaratu zuen gai horren inguruan, eta honako ondorio hau ageri zen bertan: "Esnekiak hartzeari uzteko gomendioek -aasmaren sintomak eragiten omen dituztelako- ez dute oinarririk literatura zientifikoan".
  • Esneak bezalako ezaugarriak ditu hortxatak. Uste okerra da hor ere. Esneak eta hortxatak kolore bera dute (zuria), baina hortxataren elikadura-ezaugarri nagusia kaloriak dira. Izan ere, azukre gehien duen edarietako bat da (kolazko, limoizko edo laranjazko freskagarri batek baino gehiago). Gainera, urri samar ematen ditu zuntza, bitaminak eta mineralak, eta kaltzioa ere gutxi. Egungo legediari jarraiki (1924/2006 araudia), legez kanpokoa litzateke ezaugarri nutrizionalak dituela esatea. Azken batean, edari gozo bat baino ez da, neurrian eta noizean behin hartzekoa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto