Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Udazkenean ere, naturak jokabide burutsuak nahi ditu

Inguru natural batean modu ekologikoan jokatzeak lagundu egiten du hura kontserbatzen eta iraunarazten

  Udazkena sasoi paregabea da naturarekin gozatzeko. Bakoitzak izango du bere urte-sasoi kutuna, baina mendizaleek, naturazaleek, igandeetako txangolariek eta xendazaleek oso begikoa dute urtaro hau, eta erruz mugitzen dira parke naturaletara, biosferaren erreserbetara eta beste edozein naturgunetara. Eremu horiek guztiak hor egon dira lehendik, eta hor egon behar dute gerora ere; beraz, arduraz jokatzea dagokigu guri, eta, horretarako, ohitura egoki batzuk hartzea: modu jasangarrian egitea joan-etorriak, modu ekologikoan jatea, zaborrak behar bezala tratatzea, surik ez egitea... Naturarekin gozatzea da kontua, errespetuz beti.

Joan-etorriak modu jasangarrian egin

Hautatu dugun eremu naturalera iristeko modurik onena garraio publikoa erabiltzea da. Norberaren ibilgailua erabili beste aukerarik ez badago, beste erabiltzaile batzuekin parteka daiteke eta modu eraginkorrean gidatu. Behin mendian gaudela, oinez edo bizikletaz joatea da ekologikoena, eta saihestu egin behar dira noranahiko ibilgailuak, motorrak edo quad-ak; ibilgailu horiek, lurra higatzeaz gain, soinu handia egiten dute, eta horrek traba egiten die inguruari eta gainerako bisitariei.

Errespetatu eremu naturalean dauden oharrak eta arauak

  Natura-eremu babestuetan seinaleak eta erabilera-arauak izaten dira. Arretaz irakurtzea komeni da, eta, ahal bada, joan aurretik, toki bakoitzak zer-nolako berezitasunak dituen ikastea. Oso lagungarria gerta daiteke, adibidez, Parte Naturalen, Nazionalen eta Biosferako Erreserben Gida, EROSKI CONSUMERek argitaratzen duena. Jakin behar da, esaterako, leku horietako batzuek sarrera mugatua izaten dutela eta erabiltzaile gutxi batzuk soilik sar daitezkeela, eta aurrez izena emanda, gainera.

Modu ekologikoan jan

Egun-pasa joanez gero, etxetik eraman daiteke janaria, zumitzezko saski batean edo bizkar-zorroan. Jakiak eramateko, ontzi berezi berrerabilgarriak erabiltzea komeni da (sekula ez erabili eta botatzekoak edo bilgarri gehiegi dutenak), eta edaria, berriz, termotan eraman behar litzateke, eta aluminiozko edalontziak erabili edateko. Plastikozko botilak eta poltsak eramanda, gerta liteke lurrean botata geratzea, eta horrek kalte handia egiten dio ingurumenari; hori dela eta, hobe da halakorik ez erabiltzea. Beira birziklatu egin daiteke, baina ez da aukerarik onena mendira-eta eramateko, beti dago-eta arriskua norbaitek ebakiren bat egin dezan, edo lurrean botata utzi eta suteren bat eragiteko.

Zaborra behar bezala tratatu

Mendira joandakoan sortzen dugun zaborra modu egokian tratatu behar dugu. Natura-eremu batzuetan izaten dira edukiontziak, baina halakorik ez badago edo zalantza sortzen bazaigu gero birziklatuko dituzten edo ez, hobe da norberak aldean eramatea eta birziklatuko dituzten lekuan uztea gero. Hondakin batzuk oso kaltegarriak gerta daitezke ingurumenarentzat (pilak, adibidez). Horrexegatik, horiek ere gorde egin behar dira eta egoki tratatuko dituzten lekuan utzi.

Neurrian erabili ura eta energia

Gero eta baliabide preziatuagoa da ura -gero eta gutxiago baitago-, eta are preziatuagoa izaten da mendira joandakoan. Iturririk aurkitzen badugu, behar dugun ura hartu eta itxita utzi behar da, eta saihestu egin behar da xaboia erreketara, aintziretara edo itsasora hel dadin, kutsatu egingo lituzkete eta.

Ez egin surik

Txinparta txiki bat aski izaten da (gaizki itzalitako zigarrokin batena edo barbakoa batena) sutea piztu eta izugarrizko hondamendia eragiteko. Ahal bada, mendian ez da erre behar, eta erretzen duenak, gutxien-gutxienez, zigarrokinak eta errautsak lurrean botata ez uzteko ardura hartu behar luke. Bestalde, sua egitea galarazita egoten da piknik guneetan eta parke naturaletan (sute-arriskua dagoen garaian, batez ere), eta hori zorrotz errespetatu behar da; sua egiteko aukera ematen duten lekuetan, berriz, horretarako prestatuta dauden eremuetan soilik egin behar da.

Ez egin trabarik espeziei eta ez nahasi ingurua

Ekosistemak eta horietan dauden espezieak oreka hauskor batean bizi dira, eta oreka hori edozein aldaketa txikirekin hauts daiteke, batez ere arriskuan dauden espezieak tartean daudenean. Ez da komeni izaten, beraz, hegaztien habiak ukitzea, kalte egin diezaiekeen jakirik ematea animaliei, oihu egitea eta kutsadura akustikoa eragingo duten elementuak sartzea (musika edo ibilgailu zaratatsuak), edo "oroitzapen gisa" zerbait eramatea. Laburbilduz, aurkitu bezala utzi behar da dena.

Ez sartu espezie inbaditzailerik

  Espezie inbaditzaileak kalte handia egiten diote ingurumenari eta ekonomiari. Zenbaitetan sartu izan dira espezieak oharkabean edo ezjakinean. Sekula ez da eraman behar espezie bat leku batetik bestera.

Saihestu egin behar da espezie babestuen legez kanpoko zirkulazioa

Espezieen kontrabandoa delitua da (mundu osoko merkatuaren % 30 pasatzen da Espainiatik), eta horretaz gain, arriskuan jartzen ditu egoera zailean dauden espezie asko eta asko. Horixe gertatzen da espezie exotiko bat eskuratzen denean, edo haren zatiekin egindako oroigarri bat erosten denean, koralak edo boliz egindako zintzilikario bat, adibidez.

Salatu egin behar dira ekologiaren aurkako jokabideak eta ingurumen-hondamendiak

Jardueraren batek natura arriskuan jartzen duela ikusiz gero (legez kanpoko isuria, espezie-kontrabandoa, suteak...), salatu egin behar da. Larrialdi Zerbitzuetara deitu behar da (112), edo Natura Babesteko Zerbitzura bestela (062).

Turismo ekologikoa egin

  Turismo ekologikoak aukera ematen du egonaldi atsegin bat egiteko eta inguruarekin harmonian egoteko. Hainbat aukera daude horretarako: xenda-bideetan ibiltzea, birdwatching delakoa (hegaztiak beren habitat naturalean ikustea) eta hamaika gehiago. Hotel ekologikoen eskaintza ere hor dago; Espainiako Estatuan gutxi daude oraindik, baina dauden horietan, badira egoki askoak.

Borondatezko ingurumen-jarduerekin gozatu

Elkarte ekologistek eta erakunde batzuek zenbait programa eskaintzen dituzte borondatezko ingurumen-jarduerak egiteko. Herritarrak sentsibilizatzeko izaten dira batzuk, eta badira baliabide faltan dauden natura-eremuak kontserbatzen edo lehengoratzen laguntzeko ekimenak ere.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto