Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa

Λ

Haurdun baten egunerokoa

Lehenbiziko asteetatik bertatik hasita, hainbat aldaketa fisiko eta emozional izaten ditu emakumeak, eta haurra sortzearekin batera eteten zaizkio

Haurdunaldiak irauten duen 40 asteetan, egiazko iraultza fisikoa eta hormonala gertatzen da emakumearen gorputzean, barnean hazten ari zaion fetuari leku egiteko egokitu behar du eta. Baina nolakoak izaten dira bederatzi hilabete horiek, eta nola bizi izaten ditu amagaiak?

Lehen hiruhilekoa (1. astetik 13.era)

  Espermatozoide batek lortu du obulua iristea. Zigoto ernaldua umetokiraino joango da, eta hantxe handituko da haurtxo bihurtu arte. Horretarako, dena den, denbora puska bat pasatu beharko du oraindik. Berrogei aste inguru, hain zuzen. Emakumea haurdun geratzen denean, desagertu egiten da hilekoa, eta horixe da aldaketarik adierazgarrienetakoa. Baina ez bakarra. Egiazko iraultza hormonala gertatzen da emakumearen gorputzean. Goragalea agertzen da (hamar emakumetatik zazpik izaten dute), goitika egiten dute (erdiek), arteria-tentsioa jaitsi egiten da, eta zorabioak eta bertigoa ere izaten dituzte. Janariak ere lan dezente ematen du. Elikagai eta zapore batzuk ezin izaten dituzte jasan, eta beste batzuk, aldiz, neurrigabe gutiziatzen dituzte.

Aldaketa fisikoak azkar hasten dira. Sabelaldea puztu egiten da eta min ere eman dezake; bularrak handitu egiten dira eta sentiberagoak bihurtzen; eta maizago izaten dute gernua egiteko gogoa. Haurdun dauden emakumeek nekea suma dezakete, bizkarreko mina ere bai, eta ohikoa izaten da aldarte gorabehera (bat-batekoak) izatea ere.

Une horretatik aurrera, hilero egingo dizkiote mediku-azterketak (are maizago haurdunaldiaren azken fasean). Azterketa horietan, pisua eta arteria-tentsioa kontrolatuko dizkiote, eta odol- eta gernu-analisiak ere egingo dizkiote (azken horiekin, infekziorik baden edo ez ikusten dute).

Lehen hiruhilekoaren amaieran, ziklo guztiko unerik zirraragarriena bizi izaten da: lehen ekografia egiten dute (hiru izaten dira guztira, eta, besteak beste, sortzetiko malformaziorik baden ikusteko balio dute). Garai horretan -hamabigarren astean, gutxi gorabehera-, bost eta sei zentimetro artean neurtzen du fetuak, baina dagoeneko antzematen zaizkio bizkarrezurra eta gero zango-besoak izango direnak.

Bigarren hiruhilekoa (14. astetik 27.era)

  Lehendik ama izan diren emakumeek diote bigarren hiruhileko honetan gozatzen dela gehien. Trantsizio garaia izaten da: aldaketa eta gorabehera fisikoak arindu egiten dira (hein batean, behintzat), eta badirudi ordurako gorputza egokitu egin zaiola barrenean hazten ari den fetuari. Sabelak, dena den, egokitzen -handitzen- jarraitzen du, eta ordu arte konturatu gabe zeudenak ere ohartuko dira haurdun dagoela. Horretaz gain, umetokia ere handitu egiten da, eta birikek gero eta leku gutxiago izaten dute. Zenbaitetan, emakumeari arnasa falta zaiola esan liteke. Ahalegin fisiko handiak baztertu, eta behar den atseden guztia hartu behar izaten da. Ariketa fisikoa, hala ere, neurrian eginda eta fetuarentzako arriskurik gabea, osasungarria izaten da. Egunero oinez eta igeri ibiltzea komeni izaten da.

Bigarren hiruhileko honen erditsuan, sabelean lehen mugimenduak sumatzen hasten da emakumea. Bigarren ekografiaren txanda izango da: bihotza, garuna eta birikak aztertzeko moduan egongo da ginekologoa, eta neska edo mutila izango den esateko moduan ere bai gehien-gehienean. Garai horretan, beste proba garrantzitsu batzuk ere egiten dituzte: test hirukoitzaren proba, Down sindromea eta beste nahasmendu batzuk antzemateko; O' Sullivan-en testa, zeinak haurdunaldiko diabetesa antzemateko balio duen; eta amaren odoleko Rh-a negatiboa denean, Coombs-en testa egiten da, zeinaren bidez egiaztatzen den haurtxoaren jariakinak eta amarenak bateragarriak ote diren. Haurdunaldiko bosgarren hilabetetik aurrera, normala izaten da oinak (eta zangoak) puztea, eta puztuta jarraitzea azken hiruhilekoan ere. Ildaxkak ere agertzen dira bularretan eta tripan, eta sabelaldeko larruazala hainbeste tenkatzen da, azkura ere ager baitaiteke.

Hirugarren hiruhilekoa (28. astetik 40.era)

  Haurdunaldiaren azken txanpan, asko handitzen da sabela eta, zenbaitetan, oso denbora gutxian; ez da izaten harritzekoa astean kilo erdi hartzea. Ezkerreko aldean lo egiteko garaia da, kaba zaina babestu egin behar da eta. Umetokia handitu egiten da eta presio egiten dio urdailari; ondorioz, hobe izaten da egunean bost edo sei otordu arin egitea, eta ez hiru otordu oparo. Gerta liteke bularrek oritza sortzea, amaren lehen esnea, haurrak hartuko duen lehenbizikoa. Erditze garairako prestatu beharra dago, eta ikastaroetan hasteko unea izaten da.

Amaren umetokia ere prestatzen hasten da erditzeko garaia heltzen denerako: mugitzen eta indartzen hasten da. Emakumea uzkurdurak sentitzen hasten da (Braxton Hicks-en izena hartzen dute); umetokia uzkurtu egiten da poliki-poliki, eta gogortu. Haurdunaldiko seigarren astetik aurrera has daitezke, baina amagaiak orain sumatzen ditu lehenengoz.

  Uzkurdura horiek ez dira erditze garaikoak bezalakoak; laburragoak izaten dira, eta ez dira maiztasun jakinarekin gertatzen. Dena den, mugimendu horiei adi egotea komeni da. Azken ekografia 34. astearen inguruan egiten dute, haurdunaldiko azken garai honetan haurraren bilakaera egokia den edo ez ikusteko. Handik bi astera, baginako eta ondesteko jariakinen lagin bat hartuko dio ginekologoak amagaiari, streptoccocus saileko bakteriorik badaukan edo ez jakiteko (lau emakumetatik batek eduki ohi ditu, eta meningitisa sortzen dute haurtxoarengan).

Azken aste hauetan, atseden hartu behar du amak, eta adi erreparatu behar die gorputzak ematen dituen seinaleei, horiek adierazten dute-eta erditzeko garaia hurbiltzen ari dela: uzkurdura gogor eta jarraituak, zaku amniotikoa apurtzea (urak haustea), baginako jariakinean odola agertzea edo gerrialdeko min handiak. Hori gertatzen denean, amaren maleta eta haurtxoaren saskitxoa hartu, eta ospitalera joan beharra dago. Han, dilatazio-gelan jarriko dute amagaia, gero ebakuntza-gelan eta, azkenik, haur jaioberrien eremuan. Hortik aurrera, atseden hartu eta umearekin gozatzeko garaia helduko da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto