Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Salda, krema edo purea?

Zer-nolako osagaiak erabiltzen diren salda, krema edo purea egiteko, digestiboagoak, diuretikoagoak, arinagoak, energetikoagoak edo asegarriagoak izango dira

  Oso lagungarriak gertatzen dira edozein menu eta karta prestatzeko, eta giroa hoztu ahala, gero eta ohikoago bihurtzen dira gure sukaldeetan ere. Gorputzari berotu bat emateko egokiak dira saldak, kremak eta pureak, baina guztiek ez daukate elikadura-balio bera. Trinkotasunak eta osagaiek bereizten dituzte elkarrengandik. Hirurek balio dute gorputza berotzeko eta bizkortzeko, hirurek asetzen eta hidratatzen dute, baina mantenugaiei erreparatuz gero, alde nabarmenak dituzte. Saldak, adibidez, ura eta gatz mineral batzuk izaten ditu, ez besterik. Kremak eta pureak, berriz, osatuagoak izaten dira, eta hori antzeman egiten da haien ezaugarrietan; gehienean, zenbait berdurarekin eginak izaten dira, eta, ondorioz, digestioa erraztekoak izan daitezke, duiretikoak, energetikoak edo asegarriak (berdurak ere hala diren heinean). Barazkiak egoki hautatuz gero, gainera, kremek eta pureek balio dezakete zenbait gaitzi aurre hartzeko edo elementu terapeutiko gisa.

Begetalak konbinatzeko modu egokia bilatu behar

Jendeak badu ohitura berdura-kremei esnea eranstekoa, baita gazta edo esne-gaina ere. Testura krematsuagoa eta homogeneoagoa emateko egiten dute, baina horrek aldatu egiten du errezetaren elikadura-balioa. Esneki horiek kaltzioa dakarte berekin, eta hori aintzat hartzekoa izan liteke, baina mineral horrek oztopatu egiten du berdurek daukaten burdinari probetxua ateratzea, eta mugatu egiten du hura xurgatzeko gaitasuna eta haren onura. Hortaz, hobe da esnekirik ez erabiltzea berdura-kremak egiteko, eta sinergia gehiagoko beste elikagai batzuez baliatzea kaltzioa eransteko: gomasioa (sesamo-gatza), sesamo-haziak edo fruitu lehortu xehatuak.

  •   Krema arinak. Menu batean sarrerako gisa salda edo krema bat hautatzea ez da aukera batere txarra argaltzeko dieta egiten ari denarentzat. Ura izaten dute osagairik ugariena, eta edandakoan, aseta sentiarazten gaitu. Horretaz gain, begetalen zuntza ere izaten dute. Tenperaturak ere laguntzen du, elikagai beroek gehiago asetzen dute-eta hotzek baino. Saldek eta kremek energia gutxi ematen dute, oro har (ontzeko erabiltzen den olioa izaten da elementurik kalorikoena modu sinplean prestatuta dauden salda eta kremetan). Hori dela eta, oso egokiak dira menu hipokalorikoetan sartzeko. Gainera, trinkotasun handiagoa eman nahi bazaio, ez da zertan patata erantsi: aski da berdura mamitsuak erabiltzea, kalabazina eta kalabaza, eta ur edo salda gutxiago. Oliba-olio sorta bat botata, gaztarik, esnerik eta esne-gainik gabe, plater arina eta aldi berean elikagarria egingo dugu.
  • Krema energetikoak. Berdura-krema soil bat plater sendoagoa izan dadin, kopuru txikietan ere kaloria dezente ematen duten elikagaiak erantsi behar zaizkio (arroza, zopa egiteko pasta, gari-semola, artahia edo arto-semola, lekaleak, garbantzu-irina, kuskua, kinoa, patata), eta proteinak ere bai (haragia, arraina edo arrautza xehatua edo birrindua, fruitu lehor xehatuak, lekaleak...). Esne-gaina, gurina eta gazta ere ohiko osagaiak izaten dira kremetan; horiek ere kalorikoak dira, baina ugari samar ematen dituzte gantz saturatuak eta kolesterola, eta horiek ez dira osasungarriak. Osagai energetikoak eta gantzatsuak nahi badira, hobe da, horien ordez, fruitu lehorrak eta oliba-olioa botatzea. Hona hemen plater energetikoagoak egiteko proposamen batzuk: fideo-zopa zapo eta ganbekin; itsaski- edo arrain-krema; krema, arrautza galdarraztatuarekin; krema, oilasko zatitxoekin; lekaleak (dilistak, ilarrak, garbantzuak...) arrozarekin eta berdurekin; kalabaza, intxaurrekin eta hurrekin...
  • Salda eta krema diuretikoak eta arazgarriak. Honako hauek dira eragin diuretiko nabarmenena duten begetalak: zainzuriak, orburuak, lekak, zerbak, espinakak, aza eta borraja. Berdura horiek ugari izaten dute ura eta potasioa, eta sodio gutxi, eta horrexek egiten ditu diuretiko. Salda diuretiko on bat prestatzeko, berriz, aukera ona da berdurak egosteko erabili den urarekin egitea. Zer-nolako eragina izango duen gugan? Bada, gernu gehiago egingo dugu eta kolore argiagoa edukiko du; hortxe ikusten da berehalako eragin diuretikoa.
  •   Plater digestiboak. Berdurak, berez, erraz digeritzekoak dira, salbu eta azak, haizetsuak gerta baitaitezke. Oro har, kremak eta saldak erabil daitezke digestio-organoen funtzioa bateratzeko balio duten platerak egiteko: urdaila, adibidez, azido gehiago jariatzeko prestatu behar da, beharrezkoa izaten baita proteinak digeritzeko; pankreak eta hesteek ere prest egon behar dute entzima gehiago jariatzeko, eta gibelak behazun gehiago ekoitzi behar du, ezinbestekoa da-eta gantzak digeritzeko. Badira zenbait osagai, zaporea emateaz gain, zeregin horretan laguntzen dutenak; hor daude, esaterako, tamaria (soja-saltsa), misoa edo chucruta, zeinak digestio-entzimen antzekoak izaten baitituzte. Horiek errazio egokietan erabiltzea lagungarria izaten da urdaila sentibera samarra dutenentzat eta otorduren bat egin ondoren urdaila astun, hanpatuta edo haizez betea sumatzen dutenentzat.
  • Krema mineralizatzaileak. Kremak egiteko erabiltzen diren barazkiek ugari ematen dituzte gantz mineralak eta oligoelementuak. Mineral-dentsitaterik handiena duten berduren artean, honako hauek nabarmentzen dira: espinakak, azak, zerbak, orburuak, kardua eta kalabaza. Balio mineralizatzaile hori areagotu egingo da kremari sesamo-haziak eranste badizkiogu, ekilore- edo kalabaza-haziak (ugari ematen dute kaltzioa, fosforoa, magnesioa), edo fruitu lehor xehatuak.
  • Lasaigarriak. Berdura-kremak eta -pureak lasaigarriak dira berez; zuntz ugari izaten dute, eta mantenugai horrek lagundu egiten du hesteetako mugimendua, eta zuzendu egiten ditu idorreria-arazoak. Eragin hori indartu egiten da lekaleekin nahasten badira edo sesamo-haziak, kalabazarenak edo ekilorearenak eransten bazaizkio, edo fruitu lehor xehatuak.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto