Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Bat aski ez, eta bi krisi: ekonomikoa eta bikotekoa

Irtenbidea? Elkarrizketa eta komunikazioa dira gako nagusiak lan gehiegiak edo faltak sortzen dituen gatazken zama arintzeko

  Ez da egoera samurra etxe askotan bizi dutena. Bikotekideetako bat -edo biak!- lanik gabe geratu, eta horrek sortzen duen tentsioaren ondorioz, bikote asko bereizi egiten dira. Arrazoia guztiz bestelakoa izanik ere, egoera berean daude beste hainbat bikote: lanean ordu mordo bat sartu behar dutelako lanik gabe ez geratu nahi ez badute, hain justu. Eta orduantxe hasten dira lanak, bereiztea ez baita "agur" esanda gauzatzen. Abokatuak kontratatu behar izaten dira, bietako batek etxea utzi eta beste norabait joan behar izaten du, mantenu-gastuen auzia erabaki behar izaten da... Gorabehera eta gastu ugari izaten dira tartean, eta horregatik, agian, 2011. urtean % 2,3 murriztu ziren ezkontza-hausturak.

Krisi ekonomikoaren eraginez, pilatu egiten da tentsioa, bikoteak erabakiak hartu behar ditu (zer egin gastuak murrizteko, nola egin aurre etorkizun zailari), eta horrek guztiak, azken batean, eragin egiten dio bikoteari. Eta bikotearen oinarriak ongi finkatuta ez badaude, beren artean elkarrizketa edo komunikazio gutxi badago, ugaritu egiten dira gatazkak. Etxeraino sartzen da ekaitza.

Etorkizuna: itxaropen handirik ez

Pertsona askok frustrazioz hasten dute eguna eta etsita bukatzen dute: lana bilatu nahi eta ezin, eguneroko gastuei erantzuteko komeriak, zortzi ordutik gorako lanaldiekin ibili behar kaleratuko dituzten beldurrez... Krisiaren erruz, asko ugaritu dira depresio kasuak, antsietatea eta loezina, eta horien eragin psikologikoek bete-betean astintzen dute bikote-harremana. Baita sexu-harremanak ere, zeren gogo-aldarteekin batera pizten edo itzaltzen baita sexua. Etorkizunera begira jarrita ere, dena ilun ikusten dute hainbatek, eta horixe da, hain zuzen, krisiaren alderik makurrena: etorkizun onik ez dagoela sentitzea erabat suntsitzailea izan daiteke bikote askorentzat.

Haurrak tartean eta bietako bat langabezian

Gatazka eta larritasun giro hori are hondagarriagoa izan daiteke haurrak dituzten bikoteetan. Murrizketak egiten hasita, aisialdiari eta arropari kendu behar zaie, eta, are okerragoa dena: zenbaitek arazoak izaten dituzte seme-alabak behar bezala elikatzeko ere. Adituek diotenez, gizonezkoei gogorragoa gertatzen zaie lanik gabe geratzea, historikoki haien ardura izan delako etxera dirua ekartzea. Nahiz eta emakumeen langabezia-tasa handiagoa den, oro har gizonezkoengan handiagoa izaten da porrot sentimendua lanik ez dutenean. Lana diru-iturri gisa soilik hartzen delako gertatzen da hori sarritan, baina lana hori baino gehiago da, nortasuna ematen du, munduan leku bat aurkitzeko bidea...

Lanegun amaigabeak

Lehen deus ere ez, eta orain gehiegi. Bikote askotan, aldaketa nabarmena ekarri du krisiak. Biak lanean ari zirenean, denbora gutxi izaten zuten elkarrekin egoteko; orain, bietako bat edo biak lanik gabe geratu ostean, luzaroago egoten dira elkarrekin, eta denek ez dute jakiten egoera hori nola kudeatu. Beste muturrean, lanaldi amaigabeak dituzten bikoteak daude; horiek badute lana, baina elkarrekin egoteko astirik ez. Akituta eta laneko arazoek itota iristen dira etxera, eta ez dute izaten ez gogorik eta ez indarrik hitz egin, elkar goxatu eta harremana zaintzeko. Askotan, bakarraren bizkar geratzen dira etxeko zereginen ardurak, eta hortik ere etorri ohi dira gatazkak. Beste zenbait bikoterentzat, aldiz, elkarrekin eta elkarren alde borroka egiteko modua da hainbeste lan egitea, elkartuta sentitzeko modua.

Ez da ahaztu behar, bestalde, bikote askok galdu egin dutela etxea, eta bietako baten gurasoen etxean bizi beharra dutela, eta horrek ere pitzadura handiak sor ditzake harremanean. Hautsi egiten da bien artean lortu zuten oreka, eta txarrena izaten da ez jakitea noiz arte bizi beharko duten egoera horretan.

Nola saihestu krisi ekonomikoak bikotea krisira eraman dezan

  •   Komunikazioa: funtsezkoa alderdia da bikoteek zailtasunei aurre egiteko. Ez du axola lan-egoera egongaitzak okertu duen egoera edo lanaldi luzeek eraman duten harremanari eskaini beharreko denbora. Oso garrantzitsua da hitz egitea eta bestearen ikuspegia ulertzea. Pertsona askok estali egiten dute beren sufrimendua, baina ezin da jokatu deus gertatuko ez balitz bezala.
  • Elkarrekin hitz egin: sentimenduak beldurrik gabe adierazi behar dira, onartu egin behar da krisiaren errua ez dela bietako inorena, eta ulertu egin behar da, astean 60 orduz lan eginez gero, inor gutxik izaten duela gogorik kalera atzeratzeko, erosketak egiteko edo etxean laguntzeko. Jarrera horrek lagundu egingo du bikote-arazoak saihesten.
  • Aukera: paradoxa dirudien arren, egoera ekonomikoak indartu egin dezake harremana, baldin eta biek sentitzen badute elkarrekin ari direla egoera gainditu nahian edo arazoei irtenbide bat eman nahian. Eta, egoerak atsekabe handia eragin arren, beti bilatu behar dira uneak elkarrekin goxo egoteko eta ongi pasatzeko.
  • Seme-alabak: ez da beldurrik eduki behar zer gertatzen ari den kontatzeko. Garbi ulertarazi behar zaie lanik gabe ez dagoela dirurik eta dirudik gabe ezin direla hainbat gauza erosi. Zinemara joan beharrean, mendira joan daiteke eguna edo arratsaldea pasatzera. Krisi garaian, ez zaio uko egin behar aisialdiari. Aukera merkeagoak bilatzea da kontua.
  • Profesionalen laguntza: bikotea krisian sartzen bada, gomendagarria da oso terapia bati ekitea; elkarrekin hitz egiteko eta bikote-loturak indartzeko gunea izaten da.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto