Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Gizarte-sarerik 'berdeenak'

Aholku erraz batzuei jarraituta, gizarte-sareetatik probetxu handia atera daiteke ingurumenaren alde

  Twitterren idazten diren 140 karaktereei esker, ekologikoagoa izan daiteke eta beste teknika garestiago batzuekin baino emaitza hobeak lor daitezke jendearen artean ingurumenaren aldeko kontzientzia hedatzeko. Frogatuta dago gizarte-sareen bidez lan handia egin daitekeela ingurumenaren alde: herritarrak kontzientziatu, erakundeei eta enpresei ekimenak abiaraz ditzatela eskatu, zerbaitetan parte hartzeko taldeak antolatu, alor horretako profesionalen arteko harremanak erraztu, eduki berdeak argitaratu eta zabaldu, autoa partekatzeko ekimenetan izena eman, produktuak trukatu edo ideia-bankuetan iritzia eman. Ekologiaren zazpi arauei zortzigarrena gehitu beharko zaie aurrerantzean: gizarte-sareak.

Gizarte-sare nagusiak ezagutu eta horietaz etengabe baliatu

Gizarte-sareen bidez ingurumenaren alde jarduteko, lehenik eta behin, horiek erabiltzen jakin behar da, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko. Facebook-ek eta Twitter-ek, adibidez, "atsegin dut" aukerari eragiteko edo Twitter-mezua berbidaltzeko ez ezik, beste hainbat gauzatarako ere balio dute. Eta ezagunenak bi horiek badira ere, ez dira interesgarri jo daitezkeen bakarrak. Hor daude, esaterako, Google+, bilatzaile ezagunaren gizarte-sarea; Flickr delakoa, irudientzat; Vimeo, bideoak argitaratzeko... Horien inguruko informazio gehiago nahi duenak EROSKI CONSUMERek gizarte-sareei eskainitako monografikoan aurkituko du, honako helbide honetan: http://www.consumer.es/redes-sociales.

'Hashtag'-ak eta joerak sortzea... eta parte hartzea

Twitter da gizarte-sarerik dinamikoenetakoa eta jendearengan eragiteko ahalmen handiena duenetakoa. Ingurumenari tarte gehiago egite aldera, hashtag direlakoak sor daitezke, aurretik # ikurra daramaten hitzak, gainerako twuitterzaleek jarrai diezaieten eta parte har dezaten. Izan daitezke, adibidez, #ingurumena, #birziklatzea eta #kutsadura, edo ekimen jakin batzuk sustatzeko balio dutenak ere bai, esaterako Planetaren Orduan esaten zaiona (#planetarenordua edo #earthour). Jende multzo handi bat bilduz gero, twuitterzaleen hasierako orrian ageri diren gaiak Trending Topic edo Joera bihur daitezke, eta jende askoren jakin-mina pitz dezakete.

Eragin handiko kontuei jarraitu eta ingurumenaren aldeko ekintzak eskatu

Gizarte-sareek bi norabideko parte-hartzea eta komunikazioa eskatzen dute. Herritarrak zuzenean jarrai diezaiekete pertsona publikoei, enpresei edo eragin handiko erakundeei eta ingurumenaren alde egin dezatela eska diezaiekete, ingurumenari kalte egiten dion ekintzaren baten berri eman, ideia berdeak iradoki beren erakundea hobetzeko, eta abar. Zenbat saretan, adibidez, sinadurak biltzen dituzte, desegoki jotzen dituzten ekintzen arduradunei bidaltzeko; hor daude, esaterako, Change izenekoa edo Actuable (gaztelaniazko bertsioa da).

Ingurumenarekin zerikusi duten taldeekin bat egin (edo taldeak sortu)

Gizarte-sareek gaitasun handia daukate antzeko kezkak edo zaletasunak dituen jendea bildu eta taldeak sortzeko. Hain zuzen ere, horixe da jendeak gehien estimatzen dien alderdietako bat. Sare bakoitzak bere erara egiten du hori, baina ez da zaila ingurumenarekin zerikusia duten taldeak bilatzea edo sartzea (ekologia gai hartuta, birziklatzea, naturaren kontserbazioa edo desagertzeko zorian dagoen espezie bat, energia berriztagarriak, ura...). Elkartzeak indarra biltzea esan nahi du, eta sareko talde horietan ari direnek informazio hobea lor dezakete, elkarreraginean ari daitezke, talde horrentzako edo gizartearentzako jarduerak edo ekitaldiak antola ditzakete, presio-taldeak eratu ingurumena babesteko, erreklamazioak abiarazi, salaketak, eta abar. Ingurumen arloan ari diren GKEei eragiteko beste aukera bat sortu zaie gizarte-sareekin.

Arloko profesionalekin harremanetan jartzea

  Enpresa ekologikoetan lan egitea, lanpostu berdeak sortzea, ohiko enpresetan neurri ekologikoak barneratzea... hori ere bada gure inguruaren alde egitea. Zenbait gizarte-sarek (Linkedin izenekoak, adibidez) aukera ematen dute ingurumenaren arloan aritzen diren profesionalen arteko harremanak egiteko. Kideetako batzuek, banan-banango harremanak egiteaz gain, gai jakinak jorratzeko taldeak ere sortzen dituzte: ingurumena, lana, prestakuntza, energia berriztagarriak, urak araztea, arkitektura bioklimatikoa...

Eduki 'berdeak' argitaratzea eta hedatzea

Gizarte-sareak hedabide bihurtu dira, eta jende gehiagorengana iristeko modua ematen dute. Beraz, jendea kontzientziatzeko mezuak zabaltzeko, ingurumenaren gaineko informazioa emateko eta gisakoetarako, oso tresna onak dira. Formula ugari daude eduki berdeak argitaratzeko, hasi Facebook ataritik eta blogetaraino, baita kontzientziatze-kanpainak abian jartzeko ere. Birziklatzearen gaian, adibidez, aipatzekoak dira Ecoembes enpresaren ekimena (Amarillo, berde y azul) eta Ecovidriorena (Yo reciclo vidrio ¿y tú?). Ingurumenaren azken Nazio Biltzarrean (CONAMA) xehetasunez betetako txostena sortu zuten mota horretako ekimenetan gehiago sakondu nahi dutenentzat.

Ingurumenaren aldeko 2.0 ekimenetan izena ematea

Gizarte-sareak oso baliagarriak dira, halaber, murriztu, berrerabili eta birziklatzeko. Halaxe frogatzen dute 2.0 saileko zenbait ekimenek; hor daude, esaterako, enpresek eta erabiltzaile elkarteek autoa eta garajea partekatzeko sustatzen dituztenak edo produktu erabiliak trukatzeko asmoz sortuak, Freecycle sarea, besteak beste.

'Ideia-bankuetan' iritzia ematea

Ideia-bankuetan, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko ideiak argitaratzen eta partekatzen dira. Global:ideas:bank izan zen aitzindaria, eta beste asko etorri dira ondotik, batzuk ingurumenarekin zerikusia dutenak edo Gizarte Erantzukizun Korporatiboarekin (GEK). Halakoxea da Socialyell sarea, non erabiltzaileek iritziak ematen dituzten eta enpresei puntuak ematen dizkieten arlo horretan egin duten lana aintzat hartuta. Espainiako Estatuan, EROSKI Fundazioak Kontsumitzaileen Fokoak sortu zituen, eta hor ere ingurumen arloko ideiak eman zituzten erabiltzaileek.

Norberak nola sortu ingurumenari lotutako gizarte-sare bat

Gizarte-sarea norberak sortua bada, hobeki kontrola daiteke, eta pentsatzekoa da norberak dituen beharrei ere hobeki egokituko zaiela. Web-orri batek baino gehiagok eskaintzen dute aukera hori, Ning eta Socialgo izenekoek, adibidez, eta hor daude, nola ez, betiko eztabaidaguneak eta posta elektronikoko zerrendak ere, Google Groups edo wikiak, esaterako, eta azken horien artean,Wikispaces, zeinak aukera ematen baitu edukiak taldean eta oso erraz partekatzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto