Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa

Λ

Haurrak eta etxeko lanak: horiek ezineramanak!

Arau batzuk jartzea oso lagungarria da eskolatik bidalitako eginbeharrengatik eztabaidan ibili beharrik ez izateko eguna joan eta eguna etorri

  Eskolatik atera eta ez da hor bukatzen ikasleen jarduna. Etxeko lanak izaten dituzte zain, eta horiei ekiteko gogo handirik ez sarri askotan. Ez da harritzekoa, beraz, gurasoek gogor egin behar izatea batzuetan, eta egoera gatazkatsuak sortzea hortik, familia-bizitzaren kaltetan eta heziketa-prozesuaren trabagarri. Halakoak saihesteko, komeni izaten da zenbait gomendio aintzat hartzea, hala nola errutina bat ezartzea eta lagunduko duen giroa sortzea, haurrei laguntza eta adorea ematea lanean ari direnean eta lanak haiekin batera berrikustea bukatzen dituztenean. Horrek motibatu egiten ditu haurrak, pizgarri gertatzen zaie, eta hori funtsezkoa da haientzat. Haurrek etxeko lanak egitea garrantzitsua dela azaldu nahi dugu artikulu honetan, eta zergatik den hala, eta hamar aholku baliagarri eman ditugu helburu hori lortzeko.

Zergatik den garrantzitsua etxeko lanak egitea

Hezkuntza-komunitatean gai eztabaidatua da etxeko lanena, eta aldian behin berpiztu egiten da galdera: onuragarria al da haurrei etxeko lanak bidaltzea?, eta bidaltzekotan, zenbat bidali behar zaie? Askotariko iritziak agertzen dira gai horren inguruan, baina, gaur-gaurkoz, etxeko lanak funtsezkoak dira haurren heziketa-prozesuan. Etxeko lanek, izan ere, badituzte alde on batzuk: lagundu egiten dute ardura- eta diziplina-ohiturak sortzen, indartu egiten dute kontzentrazioa, lagungarriak dira egun horretan eskolan ikasi dutena finkatzeko eta, gainera, gurasoen eta haurren arteko harremana sendotzeko balio dute. Haurrek, ordea, ihes egin nahi izaten diete etxeko lanei, eta eztabaida ekartzen du horrek etxean, haserrea, tentsioa eta disgustuak ere bai; eta egoera hori denen kaltetan izaten da. Hori dela eta, komeni da aintzat hartzea orain emango ditugun hamar aholkuak, lagungarriak izango dira-eta haurrei gogoa piztu eta etxeko lanak egin ditzaten.

Hamar aholku haurrek etxeko lanak egin ditzaten

  1. Etxeko lanak egiteko leku egoki bat prestatu. Ez du zertan idazmahai batean aritu, ezta bere logelan ere, baina beti leku berean egin behar ditu etxeko lanak; ongi argiztatua egon behar du, eta haurrak eskura eduki behar du etxeko lanak egiteko beharko duen guztia. Haurrari arreta galaraziko ez dion lekua izatea komeni da, eta, denborarekin, ikasketekin lotuko duena. Funtsezkoa da, lanean ari den bitartean, telefonoa eta telebista ez ditzala eskura eduki.
  2. Beti garai bertsuan egin. Horrek lagundu egiten du ikasketa- eta diziplina-ohiturak sortzen, eta eztabaidak saihesten ere bai: ordua iristen denean, etxeko lanak egiteko garaia da. Goiz samar izatea komeni da: eskolatik itzuli, zertxobait jolasteko tartea hartu eta gero. Zenbat eta beranduago izan, haurra orduan eta nekatuagoa egongo da, gehiago kostako zaio eta emaitzak kaskarragoak izango dira.
  3. Arauak eta ordutegia jartzen badira, betearazi egin behar dira. Puntu honek zerikusi zuzena du aurreko biekin. Ez du esan nahi zorrotz eta zurrun jokatu behar denik, inolako malgutasunik gabe, baina argi geratu behar du, noizbait ordutegi bat betetzen ez bada, salbuespen gisa hartu behar dela.
  4. Lanean ari denari lagun egin. Lagun egiteak zera esan nahi du: haurrengandik gertu egotea, baina ez gain-gainean, eta are gutxiago etxeko lanak geuk egitea. Beren jarduerak ahalik eta modurik independenteenean egin ditzaten uztea komeni da, horrela onartu egiten baitugu haien autonomia, adimena eta gauzak beren kabuz egiteko gaitasuna, nahiz eta beti ez atera nahi bezain ongi. Jarrera hori oso ona da beren ardura kudeatzen ikas dezaten, eta sendotu egiten die autoestimua.
  5. Eredu ona eman. Oso ona izaten da helduek, ahal duten guztietan, haurrak ikusteko moduan egin ditzatela beren etxeko lanak: etxeko kontuak egin, ordainagiriak eta bestelako paperak berrikusi, liburu bat irakurri, eta abar. Aparteko motibazioa emango die horrek, bi arrazoirengatik eman ere: alde batetik, haurrak beti saiatzen direlako helduek egiten dutena egiten, eta, bestetik, horrela ezin hobeki erakutsiko diegulako orain ikasten dutenak gero ere balioko diela.
  6. Adi egon haurrari laguntzeko, batez ere ariketaren batean trabatzen bada. Kontua ez da, ezta gutxiago ere, ariketa guk egitea haren ordez; argibideren bat ematea da egokiena, irtenbide egokia bila dezan. Haurra oso estu ikusten badugu ariketak zail samarrak direlako, atseden tarte bat ematea da beste aukera bat: joan dadila arnasa pixka bat hartzera, eta saia dadila geroxeago.
  7.   Erakutsi baino gehiago, pentsatzeko tresnak eman. Haurrak zerbait galdetzen duenean, gurasoak erantzuteko moduan izango dira askotan, baina beti ez dute jakingo irtenbide egokia zein den. Halakoetan, ez da larritu behar: gurasoen rola haurrari lagun egitea da eta ideiak, pentsatzeko tresnak ematea, eta beste aukera batzuk bilatzen laguntzea. Ez da komeni errietan egitea zalantzak eskolan argitu ez dituelako; adierazi behar zaio hurrengo aldian galdetu egin behar diola irakasleari.
  8. Egindakoak berrikusi. Lehenbiziko zuzenketa egiteko balioko du horrek, baina, batez ere, haurrak egindakoa interesatzen zaiela erakutsiko diote gurasoek, eta hori funtsezkoa da, asko motibatzen baititu. Berrikusterakoan, ongi eginak nabarmendu hasi behar da, haurrak egindako aurrerapenak eta hobekuntzak azpimarratuz. Haurrak ikusiko du gurasoek aintzat hartzen dutela haren lana, eta aurrera jarraitzeko gogoa emango dio. Gero etorriko da hutsegiteak edo ongi egin ez dituenak aipatzeko garaia, baina dramatismorik eta gehiegikeriarik gabe. Nahiz eta larriak izan, beti dago zuzentzeko aukera eta denbora, eta, gainera, ikasketa-prozesuaren zati gisa hartu behar dira.
  9. Ez eman saririk etxeko lanak egiteagatik. Motibazioa beti da ona, baina ez da komeni sariren bat agintzea etxeko lanak egiteagatik. Era horretako eskaintza batekin, arriskua izaten da egoera desnaturalizatzeko, eta saria behar zuena ordain bihur liteke. Motibazioak eta pizgarriak beste era batekoak izatea komeni da.
  10. Hitz onak erabili etxeko lanei buruz aritzeko. Hitzen konnotazioa funtsezkoa da ildo horretan: etxeko lanei buruz hitz egiten hasi, eta gurasoek zigorraren pare jartzen badituzte eta aspergarriak direla ematen badute aditzera, haurrak halakotzat hartuko ditu. Horrexegatik, beti hitz onak erabiltzea komeni da, haurrari ulertaraztea asko ikasiko duela etxeko lanak eginez, etorkizunean hau edo hura egiteko balioko diola, gauzak jakitea oso lagungarria dela...


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto