Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa Gida: garbigarriak: Garbigarriak: formatu eta kolore kontua

Hautsezkoak dira egokienak arropa zuriarentzat, nahiz eta koloreak ez hain ongi zaindu; garbigarri likidoak, berriz, hobeki babesten dituzte kolorezko jantziak eta ehun delikatuak, baina zikin orbanentzat ez dira hain eraginkorrak

  Lau laguneko familia batek astean 3-5 aldiz jartzen du garbigailua; hau da, urtean 200 aldiz ekin behar izaten die arropa zikinak garbitzeko lanei. Eta eskerrak garbigailuak egiten duen lanik zikinena! Garbitu bai, makinak egiten ditu, baina zabaldu, lehortzean bildu eta tolestu, horiek norberak egitekoak dira. Kate luze horretan, beste urrats bat ere ezinbestekoa da: lixiba egiteko garbigarria aukeratzea. Ez da atzo goizekoa garbigarri jakin batek egiten zuen iragarki hura, non etxekoandre bat agertzen zen bere garbigarriaz harro eta hura aldatzeko inolako asmorik gabe, hark bezain zuri arropa uzten zuenik ez zegoelako beste bat. Gaur egun ere, arropa zuri geratzea nahi izaten du jendeak, baina bestelako irtenbide batzuk ere bilatzen ditu. Era askotako produktuak daude orain merkatuan; formulazioak aldatu egiten dira batetik bestera, eta emaitzak ere bai; batzuk egokiagoak dira arropa mota batentzat, beste batzuk kolorezkoekin erabiltzekoak dira, eta badira zenbait larruazal motarentzat bereziki gomendatzen dituztenak ere. Era guztietako arropak garbitzekoak ere badaude (kolore guztietakoak nahasian jarrita), arropa beltzentzat edo delikatuentzat soilik balio dutenak, garbigarri eta leungarri lanak egiten dituztenak aldi berean... Eta hori gutxi balitz bezala, oraingo garbigarriak ez dira hauts eran soilik etortzen: likidoak ere izan daitezke, tableta formatukoak bestela, eta -horixe da merkatura iritsi den azken berrikuntza- kapsula erakoak ere bai. Horietako bakoitzak modu jakinean erantzuten dio zikinari eta ehun motari. Alderdi eta xehetasun asko izaten dira tartean, eta kontsumitzaileek beti ez dute jakiten zeri erreparatu. Hori dela eta, norberari komeni zaion garbigarria hautatzeko, funtsezkoa da jakitea zer motatakoak dauden eta bakoitzak zer aukera eta ezaugarri ematen dituen. Gainera, produktua hautatzerakoan, ikuspegi ekologikoa ere hartu behar da kontuan. Kasu askotan, izan ere, ingurumenari kalte gutxiago egiten zaio produktu kontzentratuak aukeratuta (energia gutxiago gastatzen da horiekin), eta berdin gertatzen da garbigailua jartzean neurri batzuk hartzen badira.

Hainbat formatu, hainbat erabilera

Garbitzeko produktuen korridorera iritsi, eta buruhauste franko sortzen ditu formatu baten alde egin beharrak. "Zer ote da hobea, betiko hautsa edo likidoa?, nola eragiten ote dute garbigarri-kapsulek?, zeinek garbitzen ote du ehunei kalterik egin gabe?". Gisa horretako galderak sortzen dira lehen begiratuan. Beste kontsumitzaile batzuek, ordea, ez dute izaten halako dilemarik: beti-betikoa hartzera jotzen dute, ohituraz batzuek, gustura daudelako besteek eta sentimentalismoak bultzatuta ere bai zenbaitek.

Garbigarri-formatu bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak, eta horiek laburbilduko ditugu hemen:

  •   Hautsa. Likidoa baino eraginkorragoa da orbanekin, eta horixe du abantaila nagusia. Oro har, garbigarri hauek hobeki garbitzen dute. Emaitza ona lortzeko, ordea, tenperatura handiak behar ditu, ezinbestekoa baita hautsa guztiz ongi disolbatzea; hotzean, beraz, ez dute hain ongi garbitzen. Alde txarrak nabarmentzen hasita, esan behar da hauts-hondarrak pilatu egiten direla garbigailuaren kutxatxoan, eta kentzen ibili behar da. Garbigarri eraginkorra denez, batzuetan jan egiten du arropen kolorea eta kalte egiten die ehunik delikatuenei. Hori dela eta, ehun berezirik ez duten arropa zurientzat dira aproposenak. Ingurumenari kalte gehien egiten diotenak ere hautsezko garbigarriak dira.
  •   Tableta. Hautsezko garbigarrien ezaugarri berberak dituzte funtsean, eta, beraz, alde on eta txarrak ere berdin-berdinak. Azken batean, produktu bera da, beste formatu batean aurkeztua. Erosotasuna da garbigarri mota honen abantailarik handiena: aski da tableta garbigailuan sartzea. Era horretan, saihestu egiten da behar baino dosi txikiagoa edo handiagoa erabiltzea, eta emaitza hobea lortzen da horrela.
  •   Likidoa. Beste muturrean, garbigarri likidoak daude. Hobeki errespetatzen eta zaintzen dituzte ehunak eta koloreak, ongi disolbatzen dira tenperatura txikietan (hotzean garbitzeko erabil daitezke, beraz), baina ez dira hain eraginkorrak orbanekin. Dena dela, garbigarri likidoak dira egokienak kolorezko arropak garbitzeko, arropa beltzentzat eta ehun delikatuentzat (artilea, zeta, biskosa...). Ingurumena gehixeago errespetatzen dute, bereziki bertsio kontzentratuek eta ultrakontzentratuek, energia gutxiago gastatzen dute eta: daukaten bolumenarentzat, besteek baino lehengai gutxiago eta bilgarri gutxiago erabiltzen dituzte, eta, ondorioz, modu eraginkorragoan biltegiratu eta garraiatu daitezke.
  •   Kapsulak. Horixe da merkatuko formaturik berriena. Film hidrodisolbagarriz egindako zakutxoak dira (disolbatu egiten dira urarekin), eta lixiba egiteko behar den garbigarri-dosia izaten dute barrenean. Garbigarri likidoek dituzten dohainak dauzkate, eta, gainera, erraz erabiltzekoak eta erosoak dira.

Dosiak garrantzi handia du ingurumena zaintzeko eta aurrezteko

  AISE erakundeak (Xaboi, Garbigarri eta Antzeko Produktuen Nazioarteko Elkartea) urteak daramatza neurri arautzaileak sustatuz garbigarriek ingurumenean duten eragina murrizteko. 90eko hamarkadaren amaieran, ingurumena zaintzeko jokamolde-kode bat abiarazi zuen, eta iaz sartu zen indarrean erakunde horrek egindako azken gomendioa. Neurri horrekin, garbigarriak birformulatzea lortu nahi da, eta lixiba bakoitzarentzako dosia kontzentratzea, gehienez ere 75 ml eduki ditzan, eraginkortasunik galdu gabe, jakina; ondorioz, aurreztu egingo da ontzietan, garraioan eta lehengaietan. Merkatuko marka gehienek aintzat hartu dute gomendioa eta kontzentratu egin dituzte formulak. Duela urte batzuk berdin egin zuten hautsezko garbigarriekin ere; lixiba bakoitzak gehienez 125 ml edukitzeraino kontzentratu zituzten formulak (80 gramo, gutxi gorabehera).

Produktua murriztu, gehiago aurreztu. Garbigarri baten formulak zer-nolako kontzentrazioa (materia aktiboaren eta uraren arteko portzentajea) duen, garbigarri gehiago edo gutxiago beharko du arropak ongi garbitzeko; zenbat eta kontzentratuagoa izan, hainbat eta materia aktibo gehiago izango du, eta, alderantziz, zenbat eta kontzentrazio apalagoa izan, orduan eta materia aktibo gutxiago (diluituagoa egongo da uretan); garbigarri kontzentratua erabiltzen duenak dosi txikiagoa beharko du lixiba egiteko. Prezioak alderatu eta garbigarri bat edo bestea hautatzeko orduan, bakoitzak zenbat dosi edo garbialdi dauzkan hartu behar da kontuan, eta ez ontziak zenbat litro edo kilogramo dituen.

Dosiak alderatu. Ekoizleak garbigarriaren dosi jakin bat erabiltzeko gomendioa egiten du ontziaren etiketan, eta horri kasu egitea komeni da. Dosi hori finkatzeko, jantzien zikin maila hartzen da kontuan batetik (ez oso zikina/zikin samarra/oso zikina) eta uraren gogortasuna bestetik (guria/erdibidekoa/ gogorra). Horrela, ekoizleak gomendatzen duen dosia erabiltzen bada, aurreztu egingo dugu produktua, eta ez dugu alferrik galduko ez garbigarririk eta ez dirurik; gainera, garbigailua osorik betetzen badugu eta ziklo motzak eta hotzean garbitzekoak aukeratzen baditugu, ur eta energia gutxiago kontsumituko dugu.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto