Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Fernando Martinez Gomez, Universidad-Empresa Fundazioaren zuzendari kudeatzailea: "Heziketa ekintzailea funtsezkoa da unibertsitarioen enplegagarritasuna hobetzeko"

 Universidad-Empresa Fundazioak, izenak dioen bezala, bi arlo horien arteko loturak eta harremanak erraztu nahi ditu. 1973. urtean sortu zen, beharrizan horrexek bultzatuta, eta zeregin horri emana ibili da orduz geroztik. Fernando Martinez Gomez du zuzendari kudeatzailea gaur egun, eta haren esanetan, 40.000 unibertsitario inguruk parte hartu dute ikasleak lan-munduan abiatzeko antolatzen dituzten programetan, eta horietako % 80 hasi dira lanean. Krisi garai honetan ere, bi arloen arteko harremanari eutsi egin behar zaiola azpimarratzen du, enpresen esperientzia eta iritzia oso aintzat hartu behar dela, bide luze eta oparoa egin baitute ikasleak konpetentzietan trebatzeko, eta argi esaten du sustatu egin behar dela unibertsitarioen espiritu ekintzailea. Dena den, ohar bat ere egiten dio hezkuntza-erakundeari: "Unibertsitateak erakutsi egin behar die ikasleei nola balia ditzaketen beren gaitasun handiak balizko enplegatzaileekin ari direnean".

Zer paper jokatzen dute unibertsitarioek garapenean?

Beti izan dira ezinbesteko eragileak garapen sozial, teknologiko eta ekonomikoan. Funtsezkoak dira lehiakortasunarentzat, eta uneotan inoiz baino beharrezkoagoa da hori, zeren susperraldiari behar-beharrezko zaio garapen-eredua sakon berraztertzea. Ekoizpen-eredu berri baten aldeko apustua egin behar da, ezagutzan eta balio gehigarria izango duten ekintzetan oinarrituko dena, eta hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan ere bai. Behar-beharrezkoa da egiaz elkarrekin uztartuta egon daitezela unibertsitateetan egiten den ikerketa eta ekoizpen arloak eskatzen dituen berrikuntza-prozesuak, eta beharrezkoa da, halaber, profesional proaktiboak prestatzea, ekintzaileak eta gaitasun, ezaugarri eta konpetentzia egokiak dituztenak merkatu gero eta nazioartekoago, teknologikoago eta lehiakorragoan aritzeko.

Zer ekarpen egiten dio horri unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzak?

Lehen esan dudan hori ezingo da lortu, baldin eta ez badugu indartzen hezkuntza-enpresa bikotea. Aliantza eta helburu estrategikoak sortu, elikatu eta mantendu behar ditugu, eta konpromiso sendoa ere behar dugu ahalik eta eraginkortasun eta bikaintasun gehien lortzeko emaitzetan. Kalkuluen arabera, Espainian 15.000 enpresa soilik ari dira unibertsitateekin lankidetzan, enpresa guztien % 0,45 baino ez. Unibertsitate-erkidegoak ahalegin handiagoa egin behar du gizartera zabaltzeko, batez ere enpresa txiki eta ertainei begira, eta hurbiltzeko eta sentsibilizatzeko ekintzen bitartez egin behar du hori, argi gera dadin, lehiakortasunaren ikuspegitik, bi aldeentzat dela onuragarria unibertsitatearen eta enpresaren arteko harreman hori. Sinergia berriak bilatu behar ditugu ekonomia indarberritu eta suspertzeko. Halaxe eskatzen du, gainera, Goi mailako Hezkuntzaren Europako Esparruak unibertsitate-ikasketentzat ekarri duen egoera berriak.

Zer-nolako zeregina da Universidad-Empresa Fundazioak testuinguru horretan?

Mundu akademikoa eta enpresa-mundua elkarri hurbiltzea da gure helburua. Kanalak identifikatzea, erraztea eta lantzea, elkarrengana hurbil daitezen, elkarlanean ari daitezen eta elkarrizketa egon dadin. Helburu jakin horrekin Espainian sortu zen lehen erakundea izan ginen, eta Europan ere aitzindari izan ginela uste dugu, eta, beraz, gure lana funtsezkoa izan da unibertsitarioek enpresetan praktikak egin ditzaten, kultura ekintzailea sustatzeko orduan edo teknologia-transferentzia egiterakoan.

Unibertsitatetik bertatik sustatzen al da jarrera ekintzailea?

Gai horren inguruko azterketa bat aurkeztuko dugu irailean, baina aurreratu dezaket unibertsitateek gero eta konpromiso handiago dutela heziketa ekintzailearen alde egiteko. Badakite hori dela tresnarik garrantzitsuena unibertsitatetik ateratzen direnen enplegagarritasuna hobetzeko. Gaur egungo egoera den bezalakoa izanik ekonomian, merkatuan eta lan-munduan, ez da aski prestakuntza ona izatea eta gaitasun egokiak edukitzea. Gero eta beharrezkoagoa da norberak jarrera proaktiboa edukitzea, ekintzailea eta berritzailea.

Horiek al dira lehenbiziko lana eskuratzeko gakoak?

Unibertsitate-bizitza da ikasle askorentzat beren bizi-helburu bakarra, eta badirudi zenbait urtez atzeratu egiten dutela etorkizunari buruzko erabakia. Baina aldi hori igarotzen denean, ezagutzen ez duten lurralde batean barneratzen dira. Ikasleentzako praktikek zubi gisa balio dute prestakuntza teknikoa lortzeko, eta horri esker lantzen dira merkatuak galdetzen dituen trebetasun eta konpetentziarik gehienak. Hortxe dago aldea unibertsitate beretik eta titulu berarekin ateratzen diren milaka ikasleen artean.

Lan-merkatuak ba al du eraginik unibertsitatean?

Desiragarria da unibertsitateko kudeatzaileak jabetu daitezela zer-nolako egoeran dagoen lan-merkatua. Batez ere, graduondoko programetan gertatzen da hori, non oso ekimen baliotsuak izaten diren merkataritza elektronikoari buruz edo enpresak sortzeari buruz, eta bakanago gertatzen da graduko tituluetan. Baina sortu dira titulu berriak ere, industria sektoreetan oso zentratuak eta etorkizun ona izan dezaketenak; hor daude, adibidez, bideo-jokoen eta eduki digitalen diseinua, baliabide energetikoak, gastronomia eta errestaurazioa, prebentzioa eta segurtasuna... Baliteke espezializatzen diren unibertsitateek ikasle gehiago txertatzea lan munduan. Dena dela, oinarrizko arazoa hauxe da: ikasleei ez zaie erakusten nola balia ditzaketen beren gaitasun handiak balizko enplegatzaileekin ari direnean. Bolognako Prozesuak ezarri duen metodologiak, ongi aplikatuz gero, gabezia horiek konpontzeko balio behar luke.

INNOVACEF 2012 txostenean ageri denez, ikertzaile gazteek "4 puntu ematen dizkiote 10en gainean Espainiako I+G+b sistemari". Zazpi txosten egin dira orain arte, eta aurtengoan lortu du emaitzarik apalena. Ba al da arriskurik gure zientzialariak galtzeko?

2009. urteaz geroztik aurrekontuetan egin diren murrizketek eragin bereziki handia izan dute ikerketa zientifikoan. Espero dugu sortu berri den Finantzaketa Agentziak suspertze-erritmo berria jarriko duela, zientziak etorkizuna izango duela eta unibertsitateek estrategia sendoagoak landuko dituztela bere jarduerak merkaturatzeko eta autofinantzatzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto