Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Eskolan jatea: zer dago menu bakoitzaren atzean?

Ikastetxeetan eskaintzen duten plater bakoitzak lan handia eskatzen du, eta hainbat azterketa gainditu behar izaten ditu, osasun arlokoak, elikadura-alderdiei dagozkienak eta kalitatea neurtzen dutenak

  Eskolako menuen osagaiak ez dira platerean ikusten diren horiek soilik. Elikagaiak hortxe izaten dira, bakoitza bere zapore eta testurarekin, baina horiek mahaira iritsiko badira, profesional askoren eskuak, begiak, ezagutza eta lan ona behar izaten dira atzean, eta horiei esker lortzen da gure haurrek dieta orekatua eta osasungarria egin dezaten. Jaki bat gozoa egoteko, gozotasunez prestatu behar da, arreta eta kontu handiarekin. Neurri zorrotzak zaindu, elikadura-alderdiekin zerikusia duten gomendioak aintzat hartu, elikagaiak eskuztatzean higiene-neurriak bete, hotz- edo bero-katea ez eteteko baldintzak errespetatu... Hori guztia ez da ikusten, baina hori ere plateraren zati da. Eskolako menuak nola prestatzen dituzten xehe-xehe jakiteko, 40 urtean baino gehiagoan horretan aritzen den enpresa batera jo du EROSKI CONSUMERek. Erreportaje honetan, pausoz pauso azaldu dugu prozesu guztia.

Menuen prestaera, pausoz pauso

Haurren elikadura ez da txantxetako kontua, eta hori aski ongi dakite otordu horiek prestatzen aritzen direnek. Horien lanak milaka haurren hazkuntzari eta bilakaerari eragiten dio, eta horrexegatik bete eta zaindu behar izaten dituzte hain zorrotz hainbat neurri. Haurren osasuna elikaduraren bidez sustatzea da beren helburua, eta hori erantzukizun handia da. Haur bakoitzak bere beharren araberako menua izatea eta eskolan jan ahal izatea da erronkarik handiena arlo horretan aritzen direnentzat.

Diseinatu

 Ikasleen mahaira iristen diren platerak ez dira sukaldean sortzen, beste mahai batean baizik: horiek diseinatzen dituzten dietisten-nutrizionisten mahaian, hain zuzen. Horretarako, kontuan hartzen dituzte Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak eskoletako elikadurari buruz ematen dituen gomendioak eta lurralde bakoitzaren berezitasunak. Menua diseinatzeko orduan, zenbait alderdiri erreparatu behar zaie: zenbateko maiztasunez agertzen diren elikagai motak menuetan, zenbat produktu komeni zaion adin jakin bakoitzari, sasoian-sasoian zer lehengai dagoen, zer-nolako kultura gastronomikoa daukaten inguru bakoitzean, zer festa ospatzen dituzten tokian-tokian eta haurrek zer-nolako beharrizan bereziak dauzkaten. Alderdi horietaz gain, eskoletatik heltzen zaizkien iradokizunak ere hartzen dituzte aintzat profesionalek, eta ahal dela saiatzen dira hobetzen plateren zaporeak, lurrinak, testurak, koloreak, elikadura-ezaugarriak, aniztasuna eta aurkezpena. Elementu horiek guztiak esku artean dituztela, plateraren fitxa sortzen dute, eta dokumentu horretan biltzen dute plater bakoitzaren ezaugarriei buruzko oinarrizko informazioa. Adibidez, zer-nolako osagaiak dauzkan, bakoitzetik zenbat duen, nola prestatzen den, elikadura-balorazioa, izan ditzakeen alergenoen zerrenda, kontrolatu beharreko alderdiak eta platera kontsumo-baldintza egokietan eskolara iristeko zer-nolako logistika behar den ere bai.

Hornitu

  Zer lehengai behar diren jakitea bezain garrantzitsua da horiek aukeratzea. Hau da, ez da aski lehengai osasungarrien zerrenda bat egitea: non erosiko diren ere erabaki behar da. Horregatik, behin plateren fitxak onartzen direnean, enpresa hornitzaileekin harremanetan jarriko da erosketen saila, platerak prestatzeko lehengaiak nork ekarriko dizkien erabakitzeko. Hornitzaile bat edo bestea hautatzeko, zenbait ebaluazio eta ikuskatze egiten dituzte, eta prozesu horien ondotik, homologatu egiten dituzte egokienak iruditzen zaizkienak.

Lehengaiak jaso eta kontrolatu: Lehengaien hornitzaile homologatu bat enpresara iristen denean, produktuak jasotzeko eta kontrolatzeko prozesua jartzen da abian. Biltegiko langileek deskargatu egiten dituzte salgaiak, paletetan zer dagoen aztertzen dute emate-agiriaren laguntzarekin, zer epetan erabili beharrekoak diren begiratzen dute eta -oso garrantzitsua baita- elikagaien tenperatura hartzen. Dena ongi badago, barne-kode bat jartzen diete produktuei, eta horrekin bermatzen dute guztien trazabilitatea.

Biltegiratu: Lehengaiak biltegiratzeko prozesua ere oso garrantzitsua da, elikagai guztiak ez baitira berdin kontserbatzekoak, eta iraun ere ez dute berdin egiten. Tenperatura txikiak behar dituztenentzat, gela hotz handiak izaten dituzte hotz-kateari eusteko. Lehorrean edukitzeko elikagaiak badira (arroza, irina, olioa), apal egokietan jartzen dituzte, bakoitza bere etiketarekin. Era horretan, hornigai guztiak antolatuta geratzen dira, eta erraz aurkitzeko moduan egoten dira behar denean hartu eta sukaldera eramateko.

Menua sukaldean prestatu

  Errestaurazio kolektiboan aritzen direnentzat, leku berezia izaten da sukaldea. Higiene-neurri zorrotz-zorrotzak izaten dituzte, eta arreta handiz kontrolatu behar izaten dute tenperatura, bai elikagaiena eta egosaldiena, eta bai sukaldeko bertako giroarena ere. Sukaldarien zeregina ez da mugatzen plater gozo, erakargarri eta orekatuak egitera; horretaz gain, haurren osasuna bermatzeko ardura ere badute. Hori dela eta, zenbait gunetan bereizita egoten da sukaldea, eta taldeka aritzen dira sukaldariak, bakoitza plater mota bat prestatzen.Sukaldean arduradun nagusi bat izaten da, eta orkestra-zuzendari baten gisa, hark gainbegiratzen du nola ari diren gune batekoak lehen platera prestatzen, nola beste batekoak bigarrena... Eta berdin gertatzen da postreekin edo menu bereziekin ere (glutenarekiko intolerantzia, diabetesa edo beste elikadura-beharrizanen bat daukaten haurrentzako platerak izaten dira, are arreta gehiagoz prestatu beharrekoak hutsegite edo deskuiduak saihesteko). Modu koordinatuan lan eginda eta tenperaturak zainduta -70 ºC-tik gorako egosaldiak ematen dizkiete jakiei eta prestatu ondoren 65 ºC-an baino gehiagoan edukitzen dituzte-, plater egoki eta gustagarriak prestatzen dituzte, haurren osasuna zaintzeko aproposak.

Ontziratu eta etiketak jarri

  Behin elikagaiak prestatu ondoren, ezinbestekoa da ontziratzea eta etiketak jartzea. Gauza bakoitzak du bere lekua, eta, gainera, informazio zehatza eman behar du: argi adierazi behar du zer den eta norentzat prestatu duten. Leku isolatuak eta gainazal garbi-garbiak erabiltzen dituzte jakiak ontziratzeko, edozein kutsadura saihesteko. Jakiak erretiluetan jarri, eta horiek ere ontzi isolatzaileetan sartzen dituzte, janariaren tenperaturak ez dezan gorabeherarik eduki gainerako prozesu guztian.

Sailkatu, garraiatu eta banatu

  Banaketan aritzen diren kamioiak bereziak izaten dira, elikagaiak kontserbatzeko prestatuak, sukaldetik ateratakoan bezala iraun dezaten banatzerakoan. Ibilgailu horiek, adibidez, konpartimendu bereiziak izaten dituzte, batzuk hotzak, besteak beroak... Ontzi bakoitza dagokion gunean jartzen dute, tarte txiki-txikiak utziz ahalik eta leku gutxien har dezaten, eta ikastetxeen arabera ordenatuta. Banaketa-denborak optimizatzea da helburua, eta minutuz minutu neurtu behar da jarduna. Elikagai-erretiluek bazkalordurako iritsi behar dute ikastetxeetara, eta, gainera, baldintza onetan egon behar dute. Horregatik da hain garrantzitsua banaketaren logistika. Bidean ahalik eta denborarik gutxien emateko, zehatz-mehatz aztertzen dira ibilbideak: zirkulazioa eta enpresatik ikastetxerako distantzia kontuan hartu, eta horrelaxe erabakitzen da nondik joan.

Eskolako jantokian jaso eta mantendu

  Erretiluak eskolara heltzen direnean, jantokiko langileen zeregina izaten da horiek jaso eta baldintza egokietan edukitzea bazkalordua iritsi bitarte. Hotzean eduki behar diren elikagaiak -jogurtak, adibidez- hozkailuetan sartzen dituzte, eta bero jatekoak direnak, berriz, beroari eusten dioten mahai berezietan jartzen dituzte. Fase hori azkenetakoa da, baina haurrek horixe ikusten dute lehenbiziko.

Garbitu eta Desinfektatu (G+D)

  Ikastetxeentzat, jantokian hasten eta bukatzen da eguneroko otordua. Ez, ordea, errestaurazio kolektiboan aritzen diren enpresentzat. Haurrak elikatzeko helburua eskolan gauzatzen den arren, beste pauso bat eman behar izaten dute ongi eta arriskurik gabe egiteko: ondorengo higienea. G+D sailean aritzen diren langileak oso garrantzitsuak dira, nutrizionistak, sukaldariak eta banatzaileak adina. Alor horretako arduradunen hitzetan, "bat ezin da ulertu bestea gabe". Sukaldeko tresna guztiak, erretiluak eta ontziteria enpresara eramaten dituzte berriz ere, eta han, tenperatura handietan garbitu eta desinfektatzen dituzte; horrela bermatzen dute elikadura-arloko segurtasuna eta, ondorioz, baita osasuna ere.

Menu bereziak

 Haur guztiek eskolan jateko modua izan dezatela, horixe da errestaurazio kolektiboan aritzen diren enpresen helburua. Ez da nolanahiko asmoa. Ikastetxe eta haur askori erantzun behar diete, eta zenbait haurrek, gainera, elikadura-beharrizan bereziak izaten ditu. Horientzat ere, nutrizionistek lantzen dituzte menuak, eta era guztietako egoerak hartzen dituzte aintzat: alergiak, elikadura-intolerantziak (zeliakia, diabetesa, eta abar), gizentasuna eta gisako patologiak, eritasun metabolikoak, erlijio eta sinesteak edo elikadurari lotutako erabakiak (txerri-haragirik gabeko menuak egiten dira, baita barazkijaleentzako menuak ere). Kasu horietan guztietan, sukaldeko gune berezi batean prestatzen dituzte platerak, ohiko ekoizpengunetik bereizita eta planifikazio bereziari jarraituz, ez dadin gerta inolako kutsadura gurutzaturik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto