Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Tantaz tanta, urari buruzko argibideak

Uraren inguruko jakingarri ugarien berri izateak lagundu egin dezake baliabide natural hori hobeki zaintzen

Ura ez da agortzear dagoen baliabidea. Uholdeek ez dute zertan hondamendia ekarri. Espainian berriz ere lehortea izango dute, beste inon baino presa eta ura gezatzeko planta gehiago dituzten arren. Botilako ura beti ez da iturriko baino hobea. Nekazaritzak hartzen du kontsumo osoaren % 70, eta lurpeko urarekin hornitzen dira hirietako eta industriako beharrizanen % 30. Horra hor urari buruzko zenbait jakingarri, kontsumitzaile askok jakingo ez dituztenak, segur aski. Horien berri izatea lagungarria gerta daiteke kontzientzia hartzeko eta zenbait aholkuri jarraitzeko, ura modu iraunkorragoan eta bidezkoagoan kontsumi dezagun.

Ura ez da agortzear dagoen baliabidea

  Nazio Batuen Erakundearen arabera (NBE), sei lagunetatik batek ez dauka ur garbirik, eta bostetik batek ez dauka komun soil bat ere bere beharrizanak egiteko. Orain adina ur kontsumituz jarraitzen badugu, 2025. urterako, hiru lagunetatik bik estres hidrikoa pairatuko dute (ur gutxiago eta kalitate txarragokoa izango dute). Datu horiek gorabehera, adituek azpimarratzen dute kudeaketa txarra dela arazoa, aski ur ba omen dago-eta guztiontzat. UNESCOk egindako kalkuluetan, pertsona bakoitzaren ur-beharrak asetzeko (ur garbiaz ari da), 20 eta 50 litro artean behar dira egunero (edateko, garbitzeko, sukalderako eta saneamendurako). NBEren menpeko erakunde horretako arduradunek diotenez, gure planetako biztanle guztiek egunean 50 litro eduki dezaten 2015. urtean, egun erabiltzen den uraren % 1 baino ez litzateke behar.

Baliabide hidrauliko bat baino askoz gehiago da ura

Urak gauza askotarako balio du, ez soilik gure egarria ase, alorrak ureztatu edo energia hidraulikoa sortzeko. Oinarri-oinarrizko elementua da natura eta bioaniztasuna egoera onean egon daitezen, ibai eta lakuentzat, hezeguneentzat, glaziarrentzat... eta, nola ez, baita gizakiontzat ere. Hori guztia aintzat hartu behar litzateke ura kudeatzerakoan ere.

Uholdeek ez lukete hondamendirik eragin behar

Uholdeak oso hedatuak daude, eta kalte handiak eragiten dituzte. Europan, uholdeek eragiten dituzte galera ekonomikorik handienak: 1998. urtetik 2009. urtera, 213 uholde izan dira, eta horien ondorioz, 1.126 lagun hil eta 52.172 milioi euroko galerak izan dira, Europako Ingurumen Agentziaren txosten batean ageri denez. Uholdeak, ordea, fenomeno naturalak dira. Horien bidez, urak bere bizi-eremua behar duela aldarrikatzen du. Egiazko hondamendia urak gainezka egiten duen lekuetan eraikitzea da. Europan bada zuzentarau bat uholde-arriskua ebaluatzeko eta kudeatzeko, eta arrisku-mapak esaten zaienak ere badaude; horiek guztiak tresna onak dira uraren kalteak murrizteko.

Lehortea fenomeno natural eta ziklikoa da

Azken urteetan, zenbait lehorte izan dira Espainiako Estatuan. Fenomeno hori Mediterraneoko klimaren ezaugarria da Iberiar penintsulan, eta ziklikoki gertatzen da, nahiz eta aurrez ezin den jakin noiz izango den. Berriz ere, arazoa ez da lehorteak izatea, horiek nola kudeatzen diren baizik.

Botilako ura ez da iturrikoa baino hobea

Botilako uraren kontsumoa izugarri handitu da azken urteotan. Komeni da oroitaraztea produktu hori ateratzeak, ontziratzeak, garraiatzeak eta gero desagerrarazteak hainbat eragin sortzen dituela ingurumenean, eta kontsumitzaileek badutela modua horiek desagerrarazteko. Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME) nabarmentzen duenez, Espainiako Estatuan hiriak hornitzeko erabiltzen den ura kalitate onekoa da, kasu bakan eta bereziren batean izan ezik. Besterik da ur hori zenbateraino gustatzen zaion norberari.

Espainiak ditu presa eta ura gezatzeko planta gehien

Espainiak du munduan presa gehien biztanle eta kilometro koadro bakoitzeko, eta guztira zenbatuta, bosgarren lekuan ageri da (1.300 inguru ditu), Txina, AEB, Japonia eta Indiaren ondotik. Ura gordetzeko lekuak izateaz gain, Espainiako presek argindarraren % 18,5 sortzen dute. Presen aldekoek gehiago eraiki behar direla esaten dute, eta aurkakoek, aldiz, hainbat eragozpen ikusten dizkiete ingurumenarentzat, eta irtenbide ekologikoagoak badirela oroitarazten dute.

Bestalde, itsasoko ura gezatzeko programa aipagarria dauka Espainiak, alderantzizko osmosiaren bidezkoa. Ura gezatzeko planta horiei esker, lehorte gehien izaten duten eremuetan ere badute ura. Zenbait adituk dioenez, ordea, horrek ere baditu alde txarrak, eta ez da irtenbiderik bikainena; hori dela eta, neurrian erabiltzeko gomendioa egiten dute.

Nekazaritza da ur gehien kontsumitzen eta galtzen duen jarduera

Mundu guztian, nekazaritzako beharrizanetarako erabiltzen da ur-horniduraren % 70 inguru, eta gainerakoa industriak, etxeek eta ingurumenak hartzen dute, Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programak (PNUMA) emandako datuen arabera. Ureztatzeko erabiltzen den uraren % 60 inguru galdu egiten da, bai isurketa-uren erruz (lursail baten gainetik joaten den euri-urari esaten zaio isurketa-ura), bai lurrundu egiten delako landarera iritsi aurretik; halaxe esaten du UNESCOren txosten batek. Beraz, ureztatzeko moduak hobetzea izan liteke ur faltari aurre egiteko era bat. Espainiako Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren arabera (MARM), ureztatze sistemen % 60k baino gehiagok hobetu egin dute eraginkortasuna.

Lur azpiko ura ez da ikusten, baino hori ere erabiltzen da

Akuiferoak lur azpiko formazio geologikoak dira, lurpeko ura mugitzeko eta ateratzeko aukera ematen dutenak. Espainiako Estatuan, hiri- eta industria-horniduraren % 30 inguru asetzen dituzte eta ureztatze-gainazalen % 27 inguru, Uraren Espainiako Liburu Zurian ageri denez. Kontrolik gabeko hondakinek sortzen duten kutsadurak eta gehiegizko ustiatzeek arriskuan jartzen dute horien iraupena.

Kontsumitzaileek badute aukera ura aurrezteko, baita modu birtualean ere

Urari buruzko kontu hauen berri jakin ondoren, hurrengo urratsa ura aurrezteko aholkuak aintzat hartu eta horien arabera jokatzea izan behar luke kontsumitzaileentzat, etxean bezala lorategian ere, euri-urak biltzen dituzten sistemak erabilita, adibidez, edo sukaldeko, konketako, bainugelako... urak berrerabilita. Nork bere etxean ur gutxiago erabiltzeaz gain, "ur birtuala" aurrezteko bitartekoak ere jar ditzakete herritarrek (kontsumo-produktuak egiteko, ontziratzeko eta garraiatzeko erabiltzen den ura da hori).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto