Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua: gauza bera al dira?

Produktuak segurua izateari noiz uzten dion adierazten du lehenbizikoak, eta bigarrenak, noiz hasten den kalitatea apaltzen

  Iraungitze-data eta kontsumo-data gomendatua ez dira gauza bera. Lehenbizikoaren bidez, kontsumitzaileari adierazten zaio elikagai hori zer egunetatik aurrera ez den kontsumitu behar, ez delako egokia osasunaren ikuspegitik; kontsumo-data gomendatuarekin, berriz, erosleei jakinarazten zaie produktu baten ezaugarriek noiz arte irauten duten batere aldatu gabe, baina horrek ez du esan nahi hortik aurrera arriskutsua denik osasunarentzat. Itxuraz, argi samar dago bien arteko aldea, baina itxuraz baino ez. Izan ere, kontsumitzaileek bi kontzeptuak nahasi egiten dituztela ohartu dira Erresuma Batuko Gobernuko arduradunak, eta, ondorioz, zaborretara botatzen dituzte ontzian ageri den data pasatu duten elikagai guztiak. Horretaz gain, beren baliabideak ere ez dituzte batere ongi kudeatzen, ez baitute ohiturarik planifikatzeko eta elikagaiak egoki biltegiratu eta administratzeko. Elikadura-baliabideak hain zabar eta desegoki erabiltzeak, jakina, ondorio larria uzten du: urtean 8,3 milioi tona jaki eta edari galtzen dira alferrik, zaborretan.

  • Iraungitze-data: Egun horretatik aurrera, produktua ez da kontsumitu behar, baina lasai kontsumi daiteke egun horretan bertan. Ikuspuntu mikrobiologikotik oso galkorrak diren produktuekin erabiltzen da formula hori: pasteurizatuekin (esnea, jogurtak, kremak), haragiekin edo hutsean ontziratuekin. Arrisku handiko elikagaiak dira, osasunari kalte egin diezaioketenak garaiz kanpo janda. Honako aipamen hau ageri dute etiketan edo ontzian: "Iraungitze-data" eta, jarraian, data bera (edo data non ageri den esaten duen oharra), hurrenkera honetan emana: eguna, hilabetea eta urtea. Informazio horien osagarri, elikagaia zer-nolako baldintzatan kontserbatu behar den ere adierazten da.
  • Kontsumo-data gomendatua: Informazio horrek adierazten du zein egun arte irauten duen produktu batek kontserbatze-egoera egokian, itxita dagoen bitartean. Egun hori pasatzen denean, gerta liteke produktuaren kalitatea apaltzea, baina ez da izaten arriskurik osasunarentzat.

Ur gutxi daukaten elikagaiekin erabiltzen da (olioa, lekaleak, zerealak), deshidratatuekin (pureak, zopak), esterilizatuekin (latak, esne-kaxak) eta arrautzekin. Elikagai baten kontsumo-data gomendatuaren edo gutxieneko iraupen-dataren bidez, kontsumitzaileei jakinarazten zaie produktu batek noiz arte eutsiko dien bere ezaugarri bereziei, kontserbatze-baldintza egokietan edukiz gero, betiere. Ontziek edo etiketek ekarri ohi dituzten aipamenetan, zer egun baino lehenago jatea komeni den esaten da batzuetan ("consumir preferentemente antes del..."), eta besteetan, eguna ez, baizik eta hilabetea edo urtea zehazten dute ("consumir preferentemente antes del fin de o de finales de..."). Zenbaitetan, informazio hori osatu egin beharko da, eta produktua zer-nolako baldintzatan kontserbatu behar den adierazi. Datak argi eta garbi adierazia egon beharko du, hurrenkera honetan: eguna, hilabetea eta urtea. Dena den, hiru hilabetez azpiko iraupena duten elikagaietan eguna eta hilabetea soilik agertzen dira.

Zenbait elikagaik ez dute behar izaten iraupen-datarik. Sail horretakoak dira fruta eta barazki freskoak (prozesatu gabeak), ardoak, okintzako produktuak (berehala jatekoak), sukaldeko gatza eta ozpina, azukrea, ia osagai horrekin bakarrik egindako gozogintza-produktuak edo mastekatzeko gomak.

Iraungitze-data edo kontsumo-data gomendatua pasatu badira, produktu horiek ezin dira saldu, eta salgai badaude, kendu egin behar dira saltokietatik. Kontsumitzaileren bati "epez kanpoko" elikagairen bat egokitzen bazaio, eskubidea dauka saltzaileak beste bat eman diezaion, zeinak ezin baitu pasatuta eduki iraungitze-data edo kontsumo-data gomendatua.

Elikagaien etiketari eta aurkezpenari buruzko egungo legediak esaten du (1334/1999 Errege Dekretua) derrigor zehaztu behar dela gutxieneko iraupenaren aurreko tartea (kontsumo-data gomendatua) edo iraungitze-dataren aurrekoa.

Eta ontzia ireki badugu?

  Kontserbatze-datak (iraungitzeari eta kontsumoari dagozkionak) ezartzeko orduan, osasun- eta kalitate-irizpide zorrotz-zorrotzak hartu behar izaten ditu kontuan ekoizleak, eta kontserbatze-baldintza estandar batzuetarako balio dute (tenperatura, hezetasuna, eguzki-argia), zeinak produktuen ontzietan ageri diren. Parametro horiek betetzen ez badira, produktuaren bizia nabarmen laburtzen da. Bestalde, elikagaia babesten duen ontzia hondatua badago edo produktua ireki egiten bada, kontserbatze-baldintzak aldatu egingo dira, eta, ondorioz, iraungitze-data edo kontsumo-data gomendatua ez dira izango ontzian ageri direnak, beste batzuk baizik. Gehienean, ekoizleek adierazi egiten dute ontzia ireki ondoren zer epetan kontserba daitekeen eta nola egin behar den.

Biltegia ongi ordenatuta

Elikagaiak gordetzeko hautatzen den tokiak baldintza batzuk bete behar ditu. Hasteko, produktuak ordenatuta eta ikusteko moduan edukitzeko bezain handia izatea komeni da. Horretaz gain, leku fresko, lehor eta ongi haizeztatuan egon behar du biltegiak.

Giroko tenperaturan iraun dezaketen elikagaiak edukiko ditugu han, lekaleak, zerealak eta horien eratorriak (irina, pastak, galletak), azukrea, gatza, kafea, kakaoa, espeziak eta olioa. Higienizatze-tratamendua hartu duten produktuentzat ere leku egokia da, baldin eta ez badira hotzetan edukitzekoak: esne esterilizatua edo kontserbak, adibidez. Horiek ere oso ongi irauten dute giroko tenperaturan.

Frutarik eta berdurarik gehienak ere eduki daitezke giro lehor, fresko eta oso ongi haizeztatuetan. Elikagai horiek, dena den, oso azkar hondatzen dira, eta ezinbestekoa da egunero-egunero begiratu bat ematea. Elikagaiak, ontzietan egonik ere, sekula ez dute egon behar zoruaren gainean. Horretaz gain, biltegia armairu batean jarri badugu, ateak eduki beharko ditu, elikagaiak babesteko kanpoaldeko eraginetatik.

Biltegian, elikagaiak ez ezik, garbiketa produktuak eta bestelakoak ere gordetzen ditu jendeak, baina ez da komeni, kutsatzeko arriskua izaten baita: elikagaien biltegian, elikagaiak soilik gorde behar dira. Erdi-kontserbak (antxoak eta) eta hutsean ontziratutako elikagai batzuk (hotz-egosiak edo fianbreak, izokin ketua) hotzetan edukitzekoak dira. Produktu pasteurizatuek oso bizitza laburra izaten dute, eta horiek ere hotzetan edukitzekoak dira.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto