Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Haurren elikaduran agertu behar ez luketenak

Produktuetan ageri diren zenbait mezu nahasgarriak izan daitezke gurasoentzat, eta okerreko ondorioak atera ditzakete horien elikadura-formulari buruz

  Gurasoek onena eman nahi izaten diete haurrei. Baita elikaduran ere. Baina haurrei gehien gustatzen zaizkien jakiak beti ez dira izaten egokienak, ez haurrak elikadura-balio egokietan hezteko, ez osasunarentzat ere. Gaur egun, berariaz haurrentzat egindako produktu ugari daude merkatuan, eta osasungarrienak hautatzeko -eta ez beti gustagarrienak-, funtsezkoa da jakitea bakoitzak zer-nolako osagaiak dituen. Informazio hori ere, ordea, ez da aski izaten batzuetan. Gerta daiteke elikagai batek ez edukitzea trans gantzik (horiek dira kaltegarrienak bihotzarentzat), baina, aldiz, gantz saturatu ugari izatea, eta horiek ere, gehiegizko neurrian, txarrak dira. Beste zenbaitetan, mezu eta aipamen erakargarriak jartzen dizkiete produktu batzuei (adibidez, bitamina eta mineral asko eta askotarikoak dauzkatela), eta gurasoek okerreko ondorioak atera ditzakete horien egiazko elikadura-balioari buruz, eta gerta daiteke ohartu ere ez egitea azukre gehiegi daukatela, gantz asko edo haurrei komeni baino gatz gehiago.

  •   Gosaritarako zerealak: guztiek ez dute balio. Horien elikadura-balioak osasungarria izateari uzten dio azukre gehiegi dituztenean, gaziegiak direnean edo batere onak ez diren gantzak dauzkatenean (saturatuak edo, are okerrago, trans gantzak). Funtsezkoa da adi-adi irakurtzea etiketa nutrizionala eta osagaien zerrenda: horietan antzematen da gosaritarako zerealak osasungarriak diren edo ez. Haurrentzako zerealak bitamina-iturri gisa saltzen dituzte (B1, B2, B3, B6, folatoak, B12, D bitaminak) eta mineral-iturri gisa ere bai (burdina, kaltzioa); mantenugai horiek guztiak balio handikoak dira haurren hazkundean eta bilakaeran, baina zerealek galdu egiten dute balio hori azukre gehiegi dauzkatenean (fruktosa, glukosa-ziropa, sakarosa edo eztia), gantz asko dauzkatenean (landare-olioak) edo gatz gehiegi, baita gehigarri zapore-emaileak eta koloratzaileak ere. Gehien-gehien, zereal azukretsuak, txokolatedunak edo eztia daukatenak jaten dituzte haurrek, eta horietako batzuek neurriz kanpo ematen dute azukrea: 40-50 gramo ere bai, 100 gramo bakoitzeko. Hori dela era, askoz egokiagoa da haurrak zapore naturalagoetara ohitzea, azukrerik erantsi ez dieten zerealetara, adibidez (arto-maluta naturalak, mueslia, olo-malutak, arroz harrotua...).
  • Opilak, magdalenak, brioche-a: Etxean ezin zaie lekurik egin "landare-olio eta/edo -gantz partzialki hidrogenatuak" dauzkaten produktuei, eta halakoak izaten dituzte, oro har, opil eta gozo industrialek, nahiz eta etxean egindako elikagaien itxura eduki. Bestelako aukeren bila hasita, etxean bizkotxo bat egitea izan daiteke egokiena, oliba-olioa edo ekilore-olioa erabiliz, fruitu lehorrak, osoko irina eta azukre gutxi. Hala ere, ezin da izan egunero jatekoa, etxean egina izanagatik ere, bizkotxoa gozotzat hartzeko elikagaia da eta.
  •   Fruta zatiak dituzten jogurtak: apenas daukaten frutarik. Produktu horiek jateak ez dauka inolako eraginik guk hartzen dugun bitamina, mineral eta zuntz kopuruan. Oso fruta gutxi izaten dute jogurt horiek (8,25 gramotik 12,5 gramora bakoitzak, markaren arabera). Sagar ertain batek, berriz, 150 gramo inguru eduki ohi ditu, bi mandarinak 100 gramo inguru eta platano batek 80 gramo, gutxi gorabehera. Beraz, jogurt horien fruta kopurua ez da aintzat hartzekoa ere elikaduraren ikuspegitik.
  • Edari esnedunak eta zukuak: Publizitateak esaten du produktu horiek esnearen onurak eskaintzen dituztela alde batetik (proteinez eta kaltzioaz ari dira) eta frutaren bitaminak bestetik. Eta zenbait gurasok, ondorioz, esnearen eta frutaren ordezko gisa erabiltzen dituzte gosaritan, hamaiketakoan edo askaritan. Elikadura-ikuspegitik, ordea, edari horiek ez dira esne basokada baten edo fruta errazio baten pareko, ontzi bakoitza ez baita iristen errazio bat izatera. Esnea oso gutxi izaten dute (% 10 eta % 30 artean; hau da, 33 ml, eta asko jota, 100 ml, edalontzi baten erdia, alegia). Zuku kantitatea, berriz, aldatu egiten da etxe batetik bestera: ontzi batzuek % 7 ematen dute (23 ml) eta gehien daukatenek, % 41 (135 ml). Gehienei azukreak eransten dizkiete, eta beste hainbat gehigarri ere bai: egonkortzaileak, koloratzaileak, azidotzaileak eta lurrinak. Gainera, zapore nahasketak dauzkaten zukuak (fruta ugarirekin eginak izaten dira gehienak) ez dira batere egokiak haurrak frutaren zaporera ohitzeko, ez baitute ikasten fruta bakoitzaren zaporea bereizten.
  •   Oilasko-nuggets-ak edo arrain-ziriak, sanjakoboak, kroketak, enpanadillak, txibia-uztaiak, pizzak, hanburgerrak, saltxitxak...: Aurrez prestatuta dauden jaki industrial horiek maiz samar agertzen dira haurren menuetan, bai eskolako jantokietan eta bai etxean, baina ez luke hala behar. Zenbait marka, izan ere, gehigarriz gainezka egoten dira (emultsionatzaileak, zapore-emaileak, egonkortzaileak, lurrin-emaileak eta koloratzaileak), eta osagai nagusiak, aldiz, oso toki gutxi hartzen du: % 40a ere ez zenbaitetan. Hau da, produktu horietako 100 gramo bakoitzeko, 40 gramo baino ez dira izaten osagai nagusiarenak, eta gainerako guztia arrautza-irinek eta gehigarriek osatzen dute.
  • Arrain-taketak: Hainbat arrain freskoren gihar-hondarrak nahasiz egiten dituzte (abadira, platuxa, arrano-berrugeta, Japoniako itsasugea, hokia, bakailaoa, berdela eta legatza, besteak beste), baina gehigarri mordoa edukitzen dute (polifosfatoak, zapore-emaileak, kontserbatzaileak eta koloratzaileak), eta arrain freskoak baino proteina gutxiago eta gatz gehiago. Azken produktua ez da batere naturala. Ez da egokia, arrain errazio baten ordez, arrain-taketak eskaintzea haurrei.
  •   Urdaitegia: hestebeteak eta fianbreak edo hotz-egosiak. Halakoak gehiegitan jaten dituzte haurrek. Saltxitxek, mortadelak, choped-a eta txerri-gibelez egindakoak pateek osagai berberak izaten dituzte guztiek, baina hurrenkera desberdinean zerrendatuta. Honako hauek dira osagairik ohikoenak: txerri-haragia, patata-fekula, esne- edo soja-proteina, txerri-gibela, gatza, dextrosa, espeziak, lurrinak, egonkortzaileak, herdoilaren aurkakoak, azukrea, kontserbatzaileak eta koloratzailea. Elikadura-balio gutxiko produktuak dira, eta zapore artifizial eta oso biziak izaten dituztenak; haurrak horietara ohituz gero, gerta liteke gero ez atsegin izatea haragi edo haragiaren eratorri naturalagoak.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto