Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Ametsak: gaiztoak ere badira!

Tentsioak edo estresak eragin dezakete gaizki lo egitea eta gauez atsedenik ez hartzea

  Negar hots beldurtuek eten dute isiltasuna. Gau-ikara batek esnatu du haurra, eta ohean eserita dago, begiak zabal-zabal dituela, erabat izututa. Beste batzuetan, senide zaharragoek izango dituzte amesgaiztoak, edo gurasoek, eta haiek ere beldurra sentituko dute, larritasuna eta antsietatea, eta sentsazio fisiko desatsegin batzuk ere bai, bularraldeko oinazea edo arnasa hartzeko zailtasunak, adibidez. Egoera hori nahiko ohikoa izaten da hainbat etxetan. Kalkuluek diotenez, helduen % 50 inguruk izan dute noizbait amesgaiztoren bat, eta haurren % 35ek, berriz, nahiko maiz izaten dituzte. Haurtzaroan, 4 urtetik 12 urte bitartera agertzen dira maizen amesgaiztoak, garai horretan, gurasoengandik bereizten ari direla sentitzen baitute haurrek. Aldentze horrek estresa eragin diezaieke ikuspegi emozionaletik, eta amesgaiztoen bidez agertzen da horrek sortzen dien antsietatea: bat-batean esnatzen dira gauaren erdian, negarrez eta oihuka. Haurra hazi ahala, bakanago izaten ditu amesgaiztoak. Adituek diotenez, eguneroko bizitzan zerbait ongi ez doan seinale izaten dira, bai haurrengan eta bai helduengan ere. Hori dela eta, garrantzitsua da horiei aurre hartzen jakitea, agerrarazten dituzten faktoreak saihestea eta egoera horretan zer egin jakitea.

Lehenik eta behin, ikusi egin behar da egiaz amesgaiztoak diren edo gau-ikarak diren. Amesgaiztoak gauaren bigarren zatian edo REM fasean gertatzen dira; begien mugimendu azkarra da fase horren bereizgarria, eta, hain zuzen, horixe esan nahi du REM siglak: Rapid Eye Movement (begi-mugimendu azkarra). Baina gauaren lehen zatian gertatzen badira (lehenengo 90 minutuetan) edo ez-REM fasean, orduan gau-ikarak izaten dira. Gainera, pertsona batek amesgaizto bat izaten duenean, esnatu egiten da gauean, baina ez da oroitzen zer amets egin duen, eta berriz lo hartzen duenean, ez du jarraitzen amets horrekin. Ikuspegi psikologikotik, gau-ikarak okerragoak dira, loa ez baita izaten hain sakona, eta jendeak okerrago pasatzen du.

Amesgaiztoak, zerbaiten sintoma

Amesgaiztoak ez dira patologikoak, zerbaiten sintoma baizik, eta zerbait hori bai, izan daiteke patologikoa. Egunean zehar pilatu den tentsioaren ondorioz sortzen dira, edo egoera emozional ahul baten eraginez edo estres handia sortzen duen trauma emozional batek eraginda. Horrela, bada, amesgaiztoen atzean, nortasun-nahasmendu bat egon liteke, bizipen traumatiko bat, estres- edo antsietate-egoera bat, edo ongi itxi gabeko dolu bat (maite genuen norbait hil delako, adibidez).

Badira amesgaiztoak agerrarazten dituzten beste faktore batzuk ere: iraganean ezagutu genuen norbaitekin oroitzea, kanpoko zarataren bat entzutea (berogailuena edo aire girotuarena; izan ere, garunak erregistratu egiten ditu, nahiz eta ez ohartu), sukar handia, alkohol-uztea, antsietateari eta segurtasunik ezari lotutako izaera, eta egungo krisi ekonomikoak ere bai. Krisia dela eta, adibidez, gerta liteke lanarekin amets egitea, amets horretan nork bere burua pobre ikustea eta larritasuna sentitzea. Hori guztia transmititu egiten da ametsera, non errealitatea modu esajeratuan ikusten baita. Berdin gertatzen da maite dugun norbait hiltzen denean ere. Eta pertsona bat bakarrik eta nekatuta badago eta ohiko bizi-egoeretan hori ez badu kanporatzen, ametsetan agertuko zaio.

Nola jokatu haurrekin?

Gaur egungo familiek garai batekoek baino haur gutxiago dauzkate, eta, horren ondorioz, gurasoei atxikiagoak egoten dira. Haurrak ez dira ongi egokitzen atxikimendu handiago horretara, zeina amesgaizto gisa agertzen zaien gauetan. Amesgaiztoei aurre egiteko modurik onena prebentzioa da. Hona hemen aholku batzuk:

  • Zaindu haurrak zer ikusten duen telebistan, batez ere lotara joan aurretik. Saihestu egin behar dira irudi oldarkorrak edo helduentzako modukoak.
  • Joan berehala haurrarengana amesgaizto batengatik negarrez ari denean.
  • Eskaini arreta, lasaitu eta babestuta sentiarazi.
  • Hitz egin patxadaz eta bare, eta transmititu lasaitasuna. Hori oso garrantzitsua da, guraso asko nahasita gelditzen baitira haurrak halako oihuak eta negarrak egiten ikusita, eta larri eta urduri daudela sumatuta.
  • Geratu haurraren ondoan, eta adierazi berriz ere lo egin behar dutela.
  • Ez atera gelatik haurrak berriz lo hartu arte, era horretan segurtasuna transmitituko diogu.
  • Sekula ez eraman haurra helduen ohera, ohitura txar bat har dezake eta: gerta daiteke amesgaiztorik eduki gabe ere gurasoei deika hastea, haiekin lo egin nahi duelako, eta, ondorioz, are lotura eta atxikimendu gehiago sortzea, noiz eta independenteagoak eta autonomoagoak izaten lagundu behar zaienean.
  • Garrantzitsua da amesgaiztoari buruz hitz egitea, ametsa izan dela azaltzea, lasaitu daitezen, eta amaiera on bat bilatzen laguntzea.
  • Haurra sekula ere ez dugu esnatu behar ametsetan negarrez ari dela entzuten badugu, berez utziko baitio negar egiteari eta bera bakarrik lasaituko da; bat-batean esnatuko bagenu, larriago sentituko litzateke.
  • Sekula ez zaie esan behar amesgaiztoak ez direla egiazko ametsak; egiazkoak direla esan behar zaie, eta amets onak eta txarrak izaten ditugula.

Amesgaiztoak helduek izaten dituztenean...

  1.   Lotara joan aurretik, ez edan alkoholik, ez edari estimulatzailerik (tea edo kafea), ezta freskagarri energetikorik ere.
  2. Loaren "higiene" ona eduki: beti ordu berean lotaratzen eta esnatzen saiatu behar da.
  3. Ez erabili lasaigarriak luzaroan, zeren amesgaiztoak edo amets astunak eragin baititzakete.
  4. Egin ariketa fisko pasiboa maiz samar (ez-aerobikoa), ona da-eta lotara joan aurretik erlaxatze-jarduera bat egitea: yoga, Pilates...
  5. Amesgaiztoak maiz izanez gero, joan terapia batera, horren atzean antsietate-arazo bat egon liteke eta, edo estres postraumatikoak edo adaptatiboak eragindako nahasmenduren bat.

Iturria: Maria Jesus Recuenco, neuropsikologoa, psikologo klinikoa eta ISEP Clínic-eko zuzendaria (Kordoba)



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto