Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Nola ezkondu: ondasunak banatuta edo irabazpidezko erregimenean?

Ezkontzako erregimen ekonomiko bat baino gehiago daukate aukeran ezkonlagunek: irabazpidezkoa, ondasunak banatzekoa edo parte-hartzekoa

  Ezkontza batek buruhauste eta gorabehera asko sortu ohi ditu. Ezkongaien jantziak hautatu behar direla, menua erabaki, ezkonbidaia lotu... Gauza garrantzitsuak dira horiek guztiak, eta ez du garrantzi txikiagoa ezkontzako erregimen ekonomikoa hautatzeak. Beren arteko ondasun-harremanak eta harreman ekonomikoak gidatzen dituen arau-esparrua da horrako hori, eta horren arabera erabakiko da ondasunak nola banatu, ezkontza-harremana desegiten denean. Bikote bakoitzak, beraz, ikusi egin behar du zer erregimen den egokiena eurentzat.

Ezkontzako hiru erregimen ezartzen ditu Kode Zibilak: irabazpidezkoa, ondasunak banatzekoa eta parte-hartzekoa. Autonomia erkidego gehienetan, oro har, irabazpidezko sozietate-erregimena ezartzen dute, salbu eta Katalunian, Balearretan, Nafarroan, Valentzian, Galizian, Aragoin eta Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait lekutan.

Erkidego horiek berezko foru-arauak dauzkate, eta tokian tokiko berezitasunak ezartzen dizkiote ezkontzako erregimen ekonomikoari. Zenbaitetan, irabazpidezko erregimenaren antzekoa da (Ezkontza Partzuergoa, Aragoin), eta gehienetan, ondasun banaketaren antzekoa (Katalunia, Balearrak, Nafarroa edo Valentzia).

Nahiz eta erregimen bat edo beste automatikoki ezarri, aldatzeko aukera dago ezkontzeko unean edo ezkonbizitzako uneren batean, aldakortasun-printzipioa oinarri hartuta. Ezkonlagunek, Kode Zibilaren 1.315 artikuluari jarraiki eta ezkontza-hitzarmen esaten zaienen bitartez, nahi duten erregimena ezar dezakete. Aski da hitzarmen horiek notario aurrean formal bihurtzea eta, hirugarrenen aurrean baliozkoak izan daitezen, Erregistrora eramatea.

Irabazpidezko sozietatea

  Espainian zuzenbide komuna baliatzen duten lekuetan, gehienean berez ezartzen da sistema hori. Ezkontza desegiten bada, ezkonlagunen irabaziak eta/edo etekinak erdibana egingo dira, salbu eta ondasun pribatuak (bikotekideetako batenak soilik direnak, eta ez irabazpidezko sozietateko zati). Ondasunen izaera aintzat hartuz, bi mota bereizten ditu Kode Zibilak: irabazpidezkoak edo komunak batetik (aldi berean bi ezkonlagunenak direnak, irabazpidezko sozietatearen zati izaki) eta izaera pribatuko ondasunak bestetik.

Abantailak:

  • Sistema bidezkoagoa da. Errespetatu egiten du ezkontzako elkartasun-printzipioa. Ezkontza desegiten denean, erdibana egiten da ezkonbizitzan osatu duten ondasun-komunitatea.
  • Lehenagoko ondasunen eta herentzien esklusibotasuna. Bikotekide bakoitzak ezkondu aurretik zeuzkan ondasunek norberarenak izaten jarraituko dute, eta ez beste inorenak, eta berdin gertatuko da ezkontza-aldian bietako batek jasotzen dituen herentziekin edo dohaintzekin.
  • Ondasunak banaka kudeatzea. Salbuespenezko egoeretan, adibidez, bikotekideetako bat ezindu jotzen badute, familia uzten badu edo izatezko banaketa bat gertatzen bada, gerta liteke auzitegiek bikotekideetako bati soilik ematea irabazpidezko sozietatea administratzeko zeregina.

Eragozpenak

  • Zergak. Zergen ikuspuntutik, ezkonlagunen errenta komunak zenbat eta handiagoak izan, hainbat eta tasa handiagoak ezarriko dizkiete.
  • Negozioak arriskutsu izan daitezke. Ez da sistemarik egokiena, baldin eta bikotekideetako bat merkataritza-jardueretan aritzen bada eta erantzukizunak baditu hirugarrenen aurrean.

Ondasunak banatzea

  Bikotekide bakoitza da bere ondasunen jabea, ezkondu aurretik eta ondoren lortu dituen ondasunena. Askatasun osoz administra dezake bere ondarea eta erabateko independentziaz joka dezake, baina, betiere, erantzun egin beharko die ezkontzak ezarritako betebeharrei. Erregimen honetan, pribatuak dira ondasun guztiak.

Abantailak

  • Independentzia gehiago. Bikotekide bakoitzak eutsi egiten die ezkongaitan zeuzkan jabetzei eta nahi bezala erabil ditzake, baita ezkondu ondoren jaso dituenei eta etorkizunean herentzia bidez etor daitezkeenei ere.
  • Erraztu egiten du banaketa. Argi dago bakoitza bere ondasunekin geratzen dela, eta elkarrekin erosi dituztenak soilik banatu behar direla.
  • Zergak. Ondasunak banakakoak direnez, horien adierazpena egitean, errenta ez da izango elkarrekin egitean bezain handia, eta, beraz, zerga-tasa apalagoak ezarriko dizkiete.

Eragozpenak

  • Neurriak hartzen ez badira, bikotekideetako bat bestea baino okerrago gera liteke. Banatzen badira, ondasunak banatzeak babesik gabe uzten du etxeaz arduratu dena eta lanik egin ez duena. Hori saihesteko, Kataluniako legediak konpentsazio-pentsio bat ezarri zuen lan hori egin duenarentzat, eta auzitegiek onartu izan dute ezkonlagunaren pentsioa handitzea, haren bikotekide ohiak ondasunak areagotu egin dituelako banatu ondoren.
  • Ezkonduta egon direnean eskuratutako ondasunak bietako bakarraren izenean badaude, ondasun horien jabe gisa ageri dena geratuko da horiekin, epaile batek besterik esan ezean.

Parte-hartzekoa

  Espainian oso bakan ezartzen da. Erregimen horrekin, ezkonlagun bakoitzak eskubidea du bestearen irabazietan parte hartzeko, sistema horrek iraun bitartean. Baina norberari dagokio bere ondasunak administratzea eta nahi bezala erabiltzea. Bikotea banatuz gero, ezkonbizitzan etekin gehien lortu duen bikotekideak ordaina eman behar dio besteari.

Abantailak

  • Sistema mistoa. Ondasun banaketak dauzkan onurak (ezkonlagunen independentzia) eta irabazpideko erregimenak dauzkanak (elkartasun ekonomikoa eta etxean egindako lanaren ordaina ematea) bildu nahi ditu. Erregimen hau, dena den, ezkontza-harremana desegin eta ondasunak behin betiko banatzean gauzatzen da, eta ez ezkonduta dauden bitartean.
  • Ezkonlagunetako baten ahultasuna ordaintzen du. Aldeetako batek ezintasun ekonomikoa baldin badu bestearen aldean, eskubidea izango du erregimena indarrean egon den bitartean besteak lortu dituen irabazietan parte hartzeko.

Eragozpenak

Espainian gutxien erabiltzen den erregimena da. Adituek diotenez, konplexuegia da, eta berri samarra gure legedian.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto