Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa

Λ

Esneko hortzen inguruko mitoak eta egiak

Okerreko hainbat uste hedatu dira haurren behin-behineko hortzen inguruan; besteak beste, txantxarrik ez zaiela sortzen edo sukarra eta beherako eragiten dituztela

  Haurdunaldian sortzen dira esneko hortzak, baina ikusten ez direnez, etxeko denak zain-zain egoten dira lehenbiziko kikak noiz aterako. Eta noiz eroriko ere bai gero, burukiaren azpian utzi eta hurrengo goizean sagutxoak zer ekarri duen begiratzeko. Horixe baita lehenbiziko hortz horien patua: erortzea. Eta erori, haurrak bost edo sei urte betetzen dituenean egiten dira, eta orduan hasten dira behin betiko hortzak ateratzen. Hori dela eta, zenbaitek uste izaten du ez dagoela esneko hortzak zaindu beharrik. Baina hori ez da horrela. Dentistek baieztatzen dutenez, hortz horiek ongi zaintzea eta garbi edukitzea funtsezkoa da atzetik datozenak egoera onean etor daitezen, baita txantxarrari, infekzioei eta oinazeari aurre hartzeko ere.

Noiz "sortzen" dira esneko hortzak?

Haurrak 6-8 hilabete dituenean hasten dira esneko hortzak ateratzen, baina sortu, lehenago egiten dira, haurdunaldiko seigarren hastetik aurrera, hain zuzen. Hori dela eta, funtsezkoa da haurdunaldian amak elikadura egokia egitea. Esneko hortzak ez ezik, behin betikoak izango direnak ere erditu aurretik hasten dira sortzen.

Haurdunaldiak, beraz, ez du murrizten amaren hortzetako kaltzioa eta ez ditu hortzak ahultzen. Esaten da haurrak hortik "ateratzen" duela mantenugai hori bere hortzak eratzeko, baina ez da hala: amaren elikaduratik lortzen du berak behar duen kaltzio guztia.

Zein dira hortzaldiaren ondorioak?

Hortz-haginak ateratzeko prozesua, hortzaldia, haurrak 20 edo 30 hilabete egin arte luza liteke, hau da, bi urte edo gehiago iraun dezake. Baina hori oso aldakorra da, eta salbuespenak ere izaten dira. Ez da egia hortzak ateratzeko ohi baino denbora gehiago behar izaten duten haurrek kaltzio falta izaten dutela, nahiz eta asko atzeratzen bazaizkie -haurrak urtebete inguru egin eta oraindik hortzik ez badu-, medikuari galdetzea komeni da, gerta baitaiteke errakitismoa edo elikadura-nahasmenduak egotea arazo horren atzean.

Zerk erakusten du haurra hortzak ateratzeko prozesuan dagoela?

Batez ere, hortzoietan antzematen zaie: hanpatu egiten zaizkie, eta sentiberagoak eta narritagarriagoak jartzen zaizkie, eta gerta liteke hematoma batzuk agertzea ere. Haurrak lerde gehiago jariatzen du -horrek narritatu egin diezaioke kokotsa-, eta uko egiten dio jateari (baina ez goserik ez duelako).

Eragozpenik sortzen al dio hortzaldiak haurrari?

Bai. Hortz bakoitzak presio egiten du barrutik, eta hortzoietan dagoen ehuna zeharkatzen du, mintz periodontala esaten zaiona; horrek ondoeza eta mina sortzen ditu. Horrez gain, gerta liteke haurrak gorabeherak edukitzea loarekin. Mina arintzeko, haurrak zernahi objektu eramaten du ahora, edo behatzak sartzen ditu. Halakoetan, elementu hotz eta gogor bat ematea da onena, hozkatu dezan; adibidez, haurrentzako dendetan saltzen dituzten "hozka egitekoak" (badira hoztaileak direnak ere). Hortzoietan masaje arin bat ere eman dakieke. Haurrak ondoez handia badu, baliteke odontopediatrak minkentzaile edo analgesikoren bat ematea, haurraren adinarentzat egokia dena. Horrek eragiten du haurrek jateari uko egitea: xurgatzen dutenean edo koilara ahoan sartzen zaienean, mina sumatzen dute, eta horregatik jaten dute gutxiago, ez goserik ez dutelako.

Egia al da hortzak ateratzerakoan hotzeriak, beherakoak eta bestelako digestio-arazoak edo infekzioak izaten dituztela?

Ez. Egoera horretan daudenean, mina arintzeko, haurrek ahora eramaten dute aurkitzen duten guztia, eta, ondorioz, germen gehiago iristen dira haien digestio-sistemara. Bestalde, haurra hazi ahala, elikagai berriak hartzen hasten da, eta aldaketa horiek askotariko erreakzioak sor ditzakete.

Izaten al dute sukarrik?

Ez. Espezialista guztiak ez datoz bat gai honetan, baina gehienek diote hortzaldiak ez duela sukarrik eragiten. Sukarra agertzen denean, haurraren organismoan sortu den beste arazoren batengatik izaten dela diote. Halakoetan, pediatrarengana eraman behar da haurra, eta hark esango du zer gertatzen zaion eta zer sendabide komeni den.

Eta hortzen bat ateratzen ez bada?

Ez da batere ohikoa, baina gerta liteke, zenbaitetan, hortz-piezaren bat ez ongi eratzea, jaiotzetiko arrazoiren bat dela medio (hortz-agenesia esaten zaio horri). Espezialistak adieraziko du nola jokatu behar den kasu bakoitzean.

Beharrezkoa al da esneko hortzak garbitzea?

Hainbat uste oker hedatu dira hortzen higienearen inguruan, eta ondorio kaltegarriak eragin ditzakete. Esaten da, adibidez, esneko hortzek ezin dutela txantxarrik izan, eta edukita ere ez duela axola, erori egiten direlako. Baina ez da horrela. Txantxarra lehenbiziko hortzean ere sor daiteke. Horregatik, funtsezkoa da hortzen osasuna zaintzea, hainbat arrazoirengatik: bakterio bidezko higatze hori oso mingarria izan daiteke, eta okerreko eraginak sor ditzake murtxikatzean (eta, bidenabar, elikaduran), loan, hitz egiteko eta jolasteko moduan, haurraren autoestimuan eta eskolan hasitakoan eduki dezakeen prestakuntzan. Gainera, infekzio bat agertzen bada, behin betiko hortzetara igaro daiteke, azpian baitaude.

Hamar haurretatik bik txarrantxa dute, eta inolako tratamendurik gabe daude

  Espainiako Odonpediatria Elkarteak dioenez, txantxarra da haurtzaroko infekziorik ohikoena: 2 eta 4 urte bitarteko haurren ia % 20k izaten dute espezialista batek tratatu gabeko txantxar kasuren bat. Hori dela eta, erakunde horrek nabarmendu nahi du zaindu egin behar direla hortz-haginak, eta hainbat higiene-neurri ematen ditu:

  • Hortz-haginak garbitu egin behar zaizkio haurtxoari, ateratzen hasi orduko. Egunean bi aldiz egin behar da, gutxienez, jaten eman eta gero; zapi edo gaza leun heze batekin egin behar da, edo haurtxoentzako eskuila batekin.
  • Ez utzi haurrari biberoirik lotarako, salbu eta ura besterik ez badu.
  • Haurrak urtebete egiten duenean, saiatu egin behar dugu edalontzitik edo katilutik edatera ohitu dadin.
  • Eraman haurra dentistarengana. Haurrak urtea bete baino lehenago egin behar da lehen bisita, eta hortik aurrera, helduak bezalako maiztasunez eraman behar da: sei hilabetetik behin.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto