Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Proba praktikoa: mugikorrean jartzeko hiru aplikazio, kirola egin nahi duenarentzat

Izaera sozialik handiena Endomondo-k du, kirol-jarduera gehien Runtastic-ek hartzen ditu eta hasiberrientzat Runkeeper da egokiena

  Erlojuari edo GPSari esker, aukera asko ematen dituzte azken belaunaldiko mugikorrek edo smartphoneek, eta, besteak beste, kirol-jarduerak kudeatzeko eta kontrolatzeko zentroak ere izan daitezke: kronometro gisa erabiltzeko, pultsometro gisa edo eskumuturrean jarri ohi den edozein gailu espezifikoren ordezko. Eta berdin balio dute aire zabalean egiten diren kirolentzat edo eremu itxietan egiten direnentzat. Programak ere sortu dira kirol-jardueren datu guztiak gordetzeko, eta estatistika osatuak eta ibilbideei eta lasterketei buruzko informazioa ere eskaintzen dituzte.

EROSKI CONSUMERek proba praktiko bat egin du era horretako hiru programarekin, eta bakoitzak zer-nolako abantailak eta eragozpenak dauzkan aztertu du. Honako hauek dira hiru aplikazio horiek:

Hauxe da onena:

  • Estatistika osatuak doan eskuratzeko: Endomondo eta Runtastic
  • Smartphonearentzako aplikaziorik osatuena edukitzeko: Runtastic
  • Oinarrizko web-bertsiorik osatuena erabiltzeko: Endomondo
  • Izaera sozialeko funtzionalitate gehien baliatzeko: Endomondo
  • Noizbehinkako kirolariek erabiltzeko: Runkeeper
  • Kirol-jardueren datuak esportatzeko eta inportatzeko: Endomondo
  • Ahalik eta kirol gehien hartzeko: Runtastic
  • Entrenamenduen jarraipena denbora errealean egiteko: Endomondo eta Runtastic

Elkarrekin dituzten ezaugarriak

Hirurek eskaintzen dituzte oinarrizko funtzioak entrenamenduak denbora errealean kontrolatzeko: iraupena, distantzia, abiadura, erritmoa, kaloria kontsumituak edo bihotz-taupaden maiztasuna. Bihotzaren jarduerari buruzko datuak eskuratzeko, beharrezkoa da pultsometro bateragarri bat erostea. Hiru aplikazio horietako bakoitzak bere denda dauka Interneten, eta han saltzen dituzte modelo bateragarriak.

Aplikazio guztiek erabat erabiltzen dute GPSa, eta, beraz, gailuaren bateria bete-betea egotea komeni da. Kontuan hartu behar da, dena den, eremu itxietan GPSak ez duela izaten behar bezalako estaldurarik zerbitzua aktibatzeko, eta, agian, bestelako irtenbide profesionalagoak bilatu beharko dituela erabiltzaileak.

Aplikazio horiek, beste zenbait ezaugarriren artean, egindako jardueren inguruko estatistika osatuak eskaintzen dituzte, entrenamendu-programa bat planifikatzen laguntzeko helburuz. Honako datu hauek agertzen dira estatistika horietan: zenbat kilometro egin dituen, zenbat denboraz aritu den eta zenbat kaloria kontsumitu dituen. Izaera soziala duten funtzioak ere badituzte, izena eman duten beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko norberak egindako jarduerak.

Horrez gain, premiun bertsio bat ere eskaintzen dute, eta urtean 20 eta 50 euro artean ordainduta, funtzio sofistikatuagoak eskura daitezke, baita osagarriak erosteko eskaintzak ere, edo entrenamendu-plan pertsonalizatuak, estatistika osatuagoak...

Runkeeper

  Azterketa hau egiteko hautatu ditugun zerbitzuetatik, honek soilik eskaini du doan mugikorrarentzako aplikazioa, nahiz eta ez den berdin gertatu ordenagailutik webgunera sartzerakoan, non Elite izeneko bertsio bat eskaintzen duen, ordaindu beharrekoa, eta doako beste bat, oinarrizkoagoa. Ingurune grafiko sinplea dauka oso, eta aukera ematen du jarduera berri bat abiarazteko edo aurrekoei begiratu bat emateko. Gainera, pausaldi automatikoa aktiba daiteke, pultsometro bateragarriak erantsi edo audioaren atala konfiguratu (kirola egiten ari garela, aplikazioak berak esango dizkigu datuak). Horrez gain, modua ematen du lagunek eta solaskideek ere norberaren bilakaerari jarraipena egiteko Runkeeper-en web-orrian sartuta. Aukera hori, dena den, Elite bertsioa erabiltzen dutenek soilik eskura dezakete.

Runkeeper-en web-orriak ingurune grafiko sinplea du, honako informazio hau ematera bideratua: egindako kirol-jardueren informazio historikoa, baita solaskideek plataforman egin dituzten azken eguneraketak ere. Beste erabiltzaile batzuek egindako ibilbideen berri jakiteko aukera ere ematen du edo mundu guztian egiten diren herri-lasterketen berri.

Kirol-jarduera bakoitzeko datuak esportatzeko bitartekoak ere baditu; GPX formatuan egin daiteke eta KML formatuan ere bai (Google Earth mapa-aplikazioak erabiltzen du azken hori). Plataformara datuak inportatzeko modua ere badago, eskuz eginda, edo GPX edo TCX formatuetan dagoen fitxategi bat igota (beste edozein gailuk sortua izan daiteke). Azkenik, Garmin etxeko gailu batzuen datuak onartzeko aukera bat ere eskaintzen du.

Endomondo

  Bi bertsio dauzka, bat doakoa eta bestea ordaindu beharrekoa. Lehenbizikoak oinarrizko funtzioak eskaintzen ditu: aire zabaleko kirol-jarduerak grabatu eta iraupenaren, abiaduraren eta kalorien datuak denbora errealean jasotzea, eta datu horiek audioz entzutea kilometro bat egin ahala. Bertsio horrek badu beste funtzio interesgarri bat ere, "Pep" delakoa: denbora errealean solasaldiak egiteko aukera, zeinaren bidez erabiltzaileek mezu bat idatz dezaketen Endomondoren web-orrian, eta audio-sistemak irakurri egiten du kirola egiten ari garen unean.

Ordaindu beharreko bertsioak, Pro delakoak, grafiko osatuak eskaintzen ditu, non ageri den zenbat denbora behar izan den itzuli bakoitza egiteko, bihotz-taupaden maiztasuna, altuera eta abiadura. Gainera, distantzia berarentzat helburu bat baino gehiago jar ditzake erabiltzaileak, eta bere buruarekin lehia daiteke, lehendik egindako jarduera bat hobetzeko asmoz. Horrez gain, energia gutxi kontsumitzeko sistema bat ere badu, telefonoak bateriari etekin hobea atera diezaion.

Endomondoren web-orria aski osatua da, eta ingurune grafikoak komunikazioa eta harremanak sustatu nahi ditu plataformako kideen artean. Erabiltzaile taldeak sortzeko aukera ematen du, pribatuak edo irekiak, elkarrekin lehiatzeko eta lasterketa jakinetan izena emateko, baita mundu guztiko kirol-probetan, apustuetan eta ibilbideetan ere. Kirol-jarduera bakoitza ibilbide batekin erakusten du, mapa batean irudikatua, eta jardueraren datuak eta estatistikak ere ematen ditu. Endomondok ere badu ordaindu beharreko bertsio bat, Lounge izenekoa; urtean 39 euro dira, eta beherapenak eskaintzen ditu kirol-arropa erosteko.

Aplikazioak aukera ematen du kirol-jarduera grabatuaren datuak plataformatik esportatzeko, TCX eta GPX formatuan; horrez gain, Garmin etxearen modelo batzuek sortutako fitxategiak igo daitezke.

Runtastic

  Aplikazio honek doako bertsio bat eskaintzen du, eta programa hauetan ohikoak diren ezaugarri eta funtzioak aurki litezke bertan: entrenamenduak denbora errealean erregistratzea, mapekin, grafikoekin eta neurketen datuekin. Ordaindu beharreko bertsioak ahots bidezko erretroelikatzea eskaintzen du entrenamenduetarako, erabiltzaileen solaskideek denbora errealean jarraipena egiteko aukera ematen du, bihotz-erritmoa adierazten du pultsometro bateragarri bat erantsita edo denbora-tarte jakinei dagozkien taulak eskaintzen ditu. Nahiz eta aztertu ditugunen artean hau izan osatuenetakoa, kirol-jarduera orokorretan erabiltzeko egina dago, eta gero baditu zenbait aplikazio espezifiko, jarduera jakinetarako: podometroa edo urrats-kontagailua, mendiko bizikleta edo neguko kirolak.

Web-bertsioaren helburu nagusia, berriz, erabiltzaileak egindako entrenamenduen informazioa gordetzea eta erakustea da. Gold izeneko bertsio bat ere badu, urtean 49,90 euro ordaintzen dena eta funtzio gehiago eskaintzen dituena: errendimendu-analisietarako sarbidea, iragarkirik gabe; solaskideek egindako jarduerekin alderatzeko aukera; erosketetan beherapenak eskuratzeko modua... Entrenamendu-planak ere eskaintzen ditu, adituek eginak, jendeak emaitza hobeak lor ditzan lasterka egitean, ariketa egitean edo argaltzeko ahaleginean (ordaindu egin behar dira horiek ere).

Aplikazio honek ere bi formatutan esportatzen ditu datuak, GPX eta KML formatuetan (azken horretan, Google Earth-erako), baina web-plataformaren erabiltzaile oinarrizkoek 24 orduan behin soilik egin dezakete. Beste gailu edo aplikazio batzuetatik ere igo daitezke kirol-jardueren datuak, baina eskuz egin beharra dago nahitaez.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto