Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Erosketa gida: Tomateak, nahi adina

Udare itxurakoa, raf erakoa, cherry... tomate mota bat dago plater bakoitzarentzat, baina ba al dakigu hautatzen?

  Esan liteke noranahikoa dela tomatea. Entsaladetan leku nagusia hartzen du, saltsa eta gisatu asko egiteko oinarria da eta beste hainbat plateri kolorea ematen die. Aspaldiko barazkia da, baina mila aukera berri ematen dituena. Solanazeoen familian sartzen da, berenjena, patata edo piperra bezalaxe, eta Ameriketatik ekarri zuten. XVI. mendean iritsi zen Europara, baina ez jaki gisa, landare apaingarri gisa baizik. Duela gutxi arte, erabileraren arabera sailkatu izan dira tomateak: entsaladakoa, frijitzekoa, ontzietan sartzekoa... Gaur egun, hainbat tomate mota dauzkagu merkatuan, bakoitza bere izen bereziarekin, eta horien artean aukeratu ohi dugu kontsumitzaileok, baina beti ez dugu egiten modurik egokienean. Lagungarria izango litzateke tomateek etiketa bat edukitzea, non esaten den zer motatakoa den bakoitza, baina ez dago horretara behartzen duen araurik. Hutsune horretaz jabetuta, EROSKI CONSUMERek atal berria sortzea erabaki du, kontsumitzaileei tresna erraz eta erabilgarri bat eskaintzeko asmoz, erabakiak hobeki hartzen laguntzeko. Kasu honetan, merkatuan zer-nolako tomateak dauden azaldu nahi diegu, eta bakoitza zertarako erabil daitekeen.

Tomatea, 'babes-emaile'

Tomatea ez da elikagai batere energetikoa. Datu bat: bi tomate ertainek 22 kaloria baino ez dituzte ematen. Bere pisuaren % 95, gutxi gorabehera, ura da, eta % 4 inguru karbohidratoak dira. Fruta-barazkien sailean sartzen da, beste berdura batzuek baino azukre sinple gehiago dauzkalako (horrexegatik du gozo ukitu hori). Gatz mineral garrantzitsu batzuk ere ematen ditu (potasioa eta magnesioa, nagusiki), zeinak beharrezkoak baitira giharren jarduera eta nerbio-bulkaden transmisioa gauzatzeko. Bitaminen artean, berriz, B1, B2, B5 eta C bitamina nabarmentzen dira, eta likopeno izeneko karotenoidea (pigmentu horrek ematen dio tomateari gorritasun berezi hori). Azken bi substantzia horiek herdoilaren aurkakoak dira, eta babes-funtzio garrantzitsua betetzen dute gure gorputzarentzat. Tomatearen C bitaminak herdoilak egin dezakeen kaltetik babesten du zelula, eta nerbio- eta immunitate-sistemek ongi funtziona dezaten laguntzen du. Egungo literatura zientifikoak dio likopeno ugari daukaten fruta eta barazkiak jateak murriztu egiten duela bihotz-hodietako eritasunak izateko arriskua, eta minbizi mota batzuk izatekoa ere bai, prostatakoa, bereziki.

Tomatea ona da likidoak eta toxina gehiegia kanporatzeko

Tomate mota guztiek ez daukate likopeno kopuru bera, eta umotasunak eta landaketa motak ere baldintzatzen du alderdi hori. Adibidez, udare-tomateek hamar halako daukate likopenoa, entsaladarako erabiltzen diren ohiko tomateen aldean, eta ongi umotuta daudenek ere gehiago izaten dute, berde daudenek baino. Eta berotegian landatu direnek edo landaretik kanpo umotu direnek, berriz, gutxiago izaten dute. Prestatzeko moduak ere badu eragina: tomatea xehatu eta sutan egiteak erraztu egiten du gure organismoak likopenoa xurga dezan, eta olioz onduta jateak ere bai.

Diuretikoa eta 'garbitzen' duena

  Urte askoan, giltzurrunetan harriak eduki dituztenek ezin izan dute tomaterik jan: azido oxalikoa dauka, eta erabat galarazi izan diete. Substantzia horrek, kaltzioarekin batera, gatz disolbaezinak sortzen ditu (kaltzio oxalatoa), eta horiek erraztu egiten dute harriak sortzea. Tomateak, ordea, neurrian ematen du azido oxalikoa (5,3 mg/100 g), ez beste hainbat elikagaik baino gehiago, eta beste zenbaitek baino gutxiago: letxuga (17 mg/100 g), tea (83 mg/100 g) edo espinakak (779 mg/100 g). Beraz, gorputza garbitzen duten elikagaien sailean sartzekoa da tomatea ere, potasio kopuru handia ematen duelako eta sodio gutxi. Ondorioz, ona da likido eta toxina gehiegia kanporatzeko. Horrek mesede egiten die likido debekua dutenei, hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria, baita giltzurrunetan harriak eta oliguria dituztenei ere (gernu ekoizpena murrizteari esaten zaio oliguria). Gainera, eraginkorra da idorreriari aurre egiteko zuntz ugariko dieta baten barrenean hartuta.

Nola hautatu eta kontserbatu

  •   Sasoikoa. Espainiako Estatuan tomate mota asko daude, eta baratzezaintza arloko zati handi bat hartzen dute barazki horren landaketek. Horri esker, urte osoan izaten da tomatea, nahiz eta, zalantzarik gabe, uda den tomatea jateko sasoirik onena, landareek 20 ºC eta 35 ºC artean lortzen baitute bilakaerarik onena, eta argia ere asko behar izaten baitute. Dena den, berotegiei esker, urte guztian jan dezakegu tomatea.
  • Dendan. Azal leuna eta txorten freskoa duten tomateak hautatu behar dira, orbanik ez dutenak eta kolpatu gabe daudenak. Baztertu egin behar dira guriegi daudenak, oso helduak edo kolpatuta daudenak eta eguzki-orbanak dituztenak (eremu berde edo horiek zurtoinaren inguruan). Pieza uniformeak dira kalitate onenekoak, eta hazkunde- eta erabilera-akatsik ez dutenak. Trinkotasuna ere garrantzitsua da: ez du izan behar ez guriegia ez gogorregia. Kolore gorri uniformea baldin badu, horrek esan nahi du behar bezala helduta zegoenean bildu dutela. Hobe da erdi-helduta dagoela hartzea, gordeta dagoela ere heltzen jarraitzen baitu.
  • Etxean. Tomatea gordinik jan aurretik, ongi garbitu behar da, germenak edo pestizida-hondarrak kentzeko. Hozkailuan, oso ongi irauten dute sei-zortzi egunez, osorik badaude; zuku eginda, xehatuta edo kontserban daudela, gehienez ere bi egunez eduki daiteke hozkailuan.
  • Berdeak. Tomateak heltzeko premia baldin badu, leku freskoan gorde behar da, baina ez eguzkiak zuzenean ematen duen lekuan. Hobe da tomate batzuk berde samar daudela hartzea, eta heldu ahala jatea. Tomatea jan nahi eta berde samarra badago, plastikozko poltsa batean sar daiteke eta poltsa itxi. Era horretan, azkarrago helduko da.
  • Izozkailua. Izoztu ere egin daitezke tomateak, baina aurretik ur irakinetan eduki behar dira eta azala kendu behar zaie. Izoztuta, tomateak galdu egiten du zukuaren zati bat. Hori dela eta, behin desizoztu ondoren, hobe da sutan prestatzea, eta ez gordinik jatea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto