Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikadura kezkak Consumer Eroskiko adituen erantzunak

Jakin nahi nuke zer motatako haziek, zerealek, lekaleek eta frutek lagun dezaketen hezurrak sendotu eta osteoporosia saihesten

  Hezurrak elikatu eta sendotzeko, laguntzen duten elikagaiak ez ezik, kontuan hartu behar dira gehiegi janez gero hezurren osasunari kalte egiten diotenak ere. Animalia-jatorriko proteina gehiegi hartzea (haragia, batez ere), eta sodioa/gatza eta fosforoa ere gehiegi hartzea ez da ona hezurrentzat: bai eragotzi edo aldatu egiten duelako kaltzioa xurgatzeko prozesua, bai erraztu egiten duelako mineral hori gernuaren bidez desagerraraztea. Hori dela eta, aztertu egin behar da haragi asko jaten ote dugun (egunero eta ia egunero, eta ugari), haragiaren eratorriak (hestebeteak, hanburgerrak, saltxitxak, eta abar), latako jakiak hartzen ote ditugun, edo kontserbakoak, aurrez prestatuak... eta ea gatz asko erabiltzen ote dugun entsaladak eta gainerako platerak ontzean. Elikagai horiek guztiak, maiz samar janda, ez dira onak hezurren osasunarentzat. Eta hezurrak babesten dituztenen artean, hor daude, besteak beste, begetalak, haziak, zerealak, lekaleak eta frutak, eta talde horien artean, batzuk besteak baino egokiagoak dira. Barazki eta fruta azidoak, adibidez (tomatea eta anana), ez dira batere onak artikulazioetako oinazea izaten dutenentzat, eta, aldiz, oso onak dira hosto berdeko berdurak (espinakak, zerbak, borraja, brokolia eta Bruselako azak). Egunero fruitu lehor eskukada bat hartzea ere ona da (almendrak, hurrak, pistatxoak, piku lehorrekin eta aranpasekin nahasita). Lekaleen artean, soja-aleak eta dilistek ematen dute kaltzio gehien.

Zer diozue esaldi honi buruz: fruta eta likidoak otorduetatik kanpo jan behar dira, moteldu egiten dute-eta digestioa. Egia al da hori?

Digestio motel eta astunak izaten dituztenek, haize asko eduki ohi dituztenek eta sabelaldea puztua, mesede izan dezakete fruta otordu artean jatea eta ura ere otordutik kanpo edatea.

Ez da kaloriengatik, baina bai digestioa errazteagatik. Otorduan ur asko edanez gero, luzatu egin liteke digestioa, ura nahasi egiten delako jandako elikagaiekin eta urdaileko jariakinekin. Horren erruz, gerta daiteke urdaileko urinak -digestioa egiten laguntzen dute- disolbatzea.

Aholkurik onena da norberak ikustea ea baduen goian aipatu dugun digestio-arazo horietakoren bat. Ohitura ona izan daiteke fruta goiz erdian edo arratsalde erdian jateko uztea. Kontua ez da noiz jan, neurri egokian jatea baizik.

Elikaduraren oinarriak: probiotikoak

  Mikroorganismo biziak dira (hesteetako florako bakterio edo legamiak), eta kopuru egokietan janda, dieta osagarri gisa edo elikagai baten osagai gisa (jogurtak eduki ohi ditu, esne hartzituek, chucrut erako produktu hartzituek, misoak...), on egiten diote osasunari. Probiotikoek daukaten eragin aipagarrienen artean, nabarmentzekoa da aurre egiten dietela hesteetako epiteliora itsasten diren patogenoei, mikrobioen aurkako substantziak sortzen eta jariatzen dituztela, zeinak inhibitu eta desagerrarazi egiten baitituzte patogenoak, eta sendotu egiten dutela organismoaren immunologia-erantzuna.

Haurrak ez dira hain gizenak, amak egindako otorduak janez gero

Granadako Unibertsitateko zientzialariek frogatu dute elkarri lotuta daudela adingabeek zer-nolako elikadura-egoera duten eta etxeko otorduak nork prestatzen dituen. Berriki egin duten ikerketak erakutsi duenez, amak prestatutako menuak jaten dituzten haurrak hobeki elikatuta daude eta ez dira hain gizenak, eta, aldiz, haurren elikadura-egoerak okerrera egiten du otorduak beste norbaitek prestatzen badizkie.

  Ikertzaileek nabarmen utzi dute, beraz, sukaldean ama aritzea funtsezkoa dela familia guztiaren dieta zaintzeko. Haien hitzetan, amak ezagutzen ditu ongien seme-alaben elikadura beharrak zein diren, eta hura dago prestatuena, elikaduraren ikuspegitik, familia ongi elikatuta edukiko duten otorduak prestatzeko. Zientzialariek 9 eta 17 urte arteko 718 haur eta neraberi egin diete azterketa, zeinak Granada hiriko eta probintziako hamahiru ikastetxetan -publikoak eta pribatuak- ari diren. Haur bakoitzari azterketa antropometriko bat egin diete (adina, sexua, pisua, altuera, gorputz-masaren indizea, larruazaleko tolesdurak, gorputz-perimetroak eta familiari buruzko alderdiak) eta elikadura-ohiturei buruzko beste bat (kontsumo-maiztasunen eta ariketa fisikoaren ingurukoa).

Ikertzaileen ondorioen artean, honako hau nabarmentzen da: "Premia larria dago" bizimodu eta bizi-jarduera osasungarriak sustatzeko familien artean, eta oso komenigarria litzateke ariketa fisikoa egitea "jolas klasikoen" bidez.

Piku lehorrak, aranpasak eta almendrak

Fruitu lehorren artean, almendrek ematen dute, batez beste, kaltzio gehien (248 mg/100 g), gainerakoek halako hiru, hain zuzen. Pikuek 160 mg kaltzio izaten dute 100 gramo bakoitzeko, gainerako fruta lehortuek halako hiru edo lau. Aranpasek, berriz, hezurren elikadura eta osasuna laguntzen dute, zeren ikerketa batzuek adierazten dutenez, polifenol ugari izaki, substantzia bioaktibo horiek osteoblastoen gain eragiten baitute (hezurra osatzen duten zelulak dira) eta hezurrak mineralizatzen laguntzen baitute. Elikagai horiek egunero har daitezke, hezurren osasuna indartzeko.

Zenbait proposamen: nahasi fruitu horiek gosaritarako muesliarekin, edo arto- edo olo-malutekin; elkartu fruitu horiek arroz likatsu edo glutinosoarekin, eman barratxo itxura eta txigortu labean (otordu tartean zatitxo bat jateko).

Gurinaren ordez erabiltzekoak

  Gurinak ugari izaten ditu gantz saturatuak eta kolesterola. Zenbait jendek maiz samar jaten du gosaritan edo askaritan (ogi tartean edo tostadekin), edo hainbat errezeta prestatzeko erabiltzen du (berdura-kremak, saltsak, oreak, bizkotxoak, postreak...), baina ohitura desegokia da hori.

Gazta freskoa gurinaren ordezko egokia da tostadari eman eta ezti pixka batekin edo marmeladarekin gozatzeko; kolesterola edo triglizeridoak goi samarrean dauzkatenek hobe dute gazta gaingabetua hautatzea. Sesamo-pasta edo tahinia ere aukera ona da; elikagai gantzatsu eta osasungarria da, eta ezti edo melaza pixka batekin, goxo-goxoak geratzen dira gosaritako eta askaritako tostadak.

Gainerako errezetak eta platerak prestatzeko, gurinak ematen duen gantzaren ordez, oliba-olioa erabili behar da, eta, ahal dela, birjina.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto