Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

287 finantza-produktu aztertu ditugu 32 finantza-erakunderen 100 sukurtsaletan: Erakundeek gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak gomendatzen dizkiete nagusiki inbertsiogile txikiei

Zor-agiriak ere gorantz ari dira, bankuek eta kutxek kapitala behar dute eta

  Diruak ez omen du zorionik ekartzen, baina egoera ekonomikoa hainbeste zaildu den honetan, funtsezkoa da jakitea zer egin litekeen gure aurrezkiak ongi erabiltzeko. Espainiako Estatuan, etxeetako aurrezkia 18.486 milioi eurokoa izan da 2011. urteko hirugarren hiruhilekoan (3.562 milioi euro apaldu da aurreko urteko garai berarekin alderatuta). Kontsumitzaile txikiak aurrezki horiek non inbertitu ditzakeen aztertu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, apustu seguru eta etekintsuak zein izan daitezkeen jakiteko. Horretarako, urtarril bukaeran, 32 finantza-erakunderen 100 bulegotara joan dira aldizkariko teknikariak, honako 18 hiru hauetan: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Kordoba, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza.

Teknikari bakoitza, ohiko erabiltzailea balitz bezala, 6.000 euro inbertitzeko asmoz joan da bankuetara (lehendik ez zen bezero), eta nolako finantza-produktuak eskura ditzakeen galdetu du 32 erakundeetako bakoitzean: Bancaja, Caja Madrid eta Caja Rioja (Bankia); Banco Popular; Banesto; Bankinter; Bankoa (Crédit Agricole); BBK, Vital Kutxa eta Kutxa (Kutxabank); Sabadell, Banco Herrero, Banco Guipuzcoano (Sabadell); BBVA; CAI; Caixa Bank; Caixa Galicia (Novacaixagalicia); Caja Cantabria; Caja Círculo; Caja España-Caja Duero; Caja Murcia; Nafarroako Rural Kutxa; Cajasol eta Nafarroako Aurrezki Kutxa (Gizabidezko Banka), Cajastur; Cajasur; CAM; Catalunya Caixa; Ibercaja; ING Direct; Banco Santander; eta Unicaja. Bisita horietan, gordailuak eskaini dizkiete teknikariei, inbertsio-funtsak eta zor-agiriak ere bai, baina, gehienbat, gordailuen aldeko apustua egin dute bankuetako langileek, produktu seguruak baitira, kapitala bermatzen dutenak. Oso deigarria izan da zor-agirien goraldia: asko hedatu dira aurrezki-formula gisa, eta, nagusiki, finantza-erakundeen kapital-beharrak bultzatuta. Ildo horretan, bezeroei eskaini dizkieten bost zor-agiritatik bi Banco Santanderrenak izan dira.

Eskaintza

EROSKI CONSUMERi, guztira, 287 produktu eskaini dizkiete 6.000 euroak inbertitzeko. Gehien, gordailuak eskaini dizkiete (halakoak izan dira eskaintzen % 45), zor-agiriak ondoren (% 22) eta inbertsio-funtsak gero (% 13). Hiriz hiri aztertuta, Madrilen eta Oviedon eskaini dituzte gordailuak gehien; inbertsio-funtsak Murtzian; zor-agiriak Sevillan; gordailu konbinatuak Oviedon; aurrezki-kontuak Madrilen eta Gasteizen; eta akzioak, A Coruñan.

  Bestelako produktu batzuk ere iragartzen saiatu dira saltzaileak. Honako hauek: aurrezki kontu-korronteak (bost bisitatatik batean), aurrezki-planak (zortzitik batean), burtsako inbertsioak (sei alditan bakarrik), aurrezki-aseguruak (lautan), pentsio-planak (behin), Estatu-obligazioak (behin) eta altxor-bonuak (beste behin).

Ia ez da alderik izan bankuen eta kutxen artean, nahiz eta kutxek joera gehiago agertu duten gordailuak eskaintzeko (produktuen % 52 izan dira gordailuak kutxetan, eta % 40 bankuetan). Arrazoia? Kutxek banku-izaera hartzera joko dutela. Higiezinen burbuilak eztanda egin duenetik, finantza-erakundeei kapital gehiago eduki dezatela eskatzen diete; eta kutxek, ahulagoak direnez, fusioak egin behar izan dituzte edo beste erakunde batzuen menpeko izatera pasatu behar izan dute, eta banku-itxura hartu.

Gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak

Guztira, 128 gordailuri buruzko informazioa jaso dute teknikariek. Ia finantza-erakunde guztiek eskeini dute produktu mota hori, salbu eta Bancajak, ING Directek eta Unicajak. Gordailua da produkturik seguruena, bermatu egiten baitu inbertsioa, nahiz eta bankuak edo kutxak porrot egin. Hori gertatuko balitz, Gordailuen Berme-Funtsak itzuliko lioke dirua, 100.000 euroko mugarekin.

Bigarren aukera gisa, 62 zor-agiri eskaini dizkiete hamabi finantza-erakundetan: Bancaja, Banco Herrero, Banco Popular, BBVA, Caixa Galicia, Caja España-Caja Duero, Caja Madrid, Caja Rioja, Catalunya Caixa, Sabadell, Banco Santander eta Unicaja. Bostetik ia bi Banco Santanderrenak izan dira. Errenta finkoko aktiboak dira zor-agiriak, eta bigarren mailako merkatuan negoziatzen dira (AIAF). Azken hilabeteetan, nabarmen egin du gora produktu mota horrek, nahiz eta kontsumitzaileek dirua gal dezaketen horiekin. Komeni da jakitea ezerk ez duela bermatzen erosi baino prezio hobean salduko direnik, eta horien likidazioa edo kitapena erakundearen egoera ekonomikoaren araberakoa dela; hau da, erakundeak porrot egingo balu, produktu horiek ez daukate ezein berme-erakunderen babesik.

Apenas aurkitu dugu alderik gure azterketan banku eta kutxen artean

Argi dago, beraz, zor-agirietan inbertitzeak arriskuan jartzen dituela aurrezkiak. Hori horrela izanagatik ere, zor-agiriak eskaini dituzten saltzaileen % 87k bezeroari adierazi diote % 100ean bermatzen zaiola inbertitu duen kapitala, eta % 19k soilik jakinarazi diote produktu horiek erakundearen beraren bermea baino ez dutela, eta ez berme-funts batena, gordailuek daukaten bezala. Nola liteke, orduan, finantza-erakundeek bezeroei zor-agiriak eskainiz jarraitzea? Erakundeek kapitala behar dute uneotan, Europako Batasunak Basileako azken hitzarmenean ezarri dituen baldintzei erantzuteko (bankuen legediari eta erregulazioari buruzko gomendioak eman ditu), eta horregatik hartu dute joera hori. Hitzarmen horretan, kontrol gehiago eskatzen du EBk eta kontuak onbidera ditzaten galdegiten die finantza-erakundeei, produktu toxikoei edo etorkizunean sor litekeen berankortasunari aurre egiteko. Hori guztia jakinda ere, kontsumitzaileak produktu horien alde egin nahi badu, eta zor-agiriak aukeratzen baditu zuhur jokatu behar du eta zaindu egin behar du agiri horiek jaulkitzen dituen erakundearen rating delakoa (zorraren kalitatea), aski kaudimen baduela jakiteko eta, beraz, erakunde hori finantza-konpromisoei aurre egiteko moduan dela.

Azkenik, 38 inbertsio-funts eskaini dituzte bisitatu ditugun 18 finantza-erakundetan. Era askotakoak daude horien artean: errenta finkokoak (obligazioetan, bonuetan, letretan eta zor-agirietan inbertitzen dute), aldakorrekoak (akzioetan inbertitzen dute) eta mistoak (errenta finko eta aldakorrekoak).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto