Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Miopia operatzea: gertu ikusten da irtenbidea

Laser bidezko kirurgiari esker, betaurrekoak eta ukipen-leiarrak bazterrean uzteko moduan dira miopeak, horiek gabe ere ongi ikusiko baitituzte lehen lausotuta agertzen zitzaizkien irudiak

  Betaurrekoak ezinbestekoak dira miopeentzat. Gehien-gehienek gustura kenduko lituzkete ia betidanik aldean eraman behar izan dituzten beste bi begiak, baina miopia ez da berez desagertzen. Gaur egun, laser bidezko kirurgiak berme ona eskaintzen du miopia sendabidean jartzeko, eta, horretaz gain, beste aukera batzuk ere sortu dira: begi-barneko leiarrak edo lenteak jartzea, adibidez. Miopiaren arazoa aski hedatua dago gizartean, eta 40 urtetik gorako herritarren artean, esaterako, % 25 dira miopeak. Aurpegiak eta aurpegierak lausotuta ikusten dituzte miopeek, eta ezin izaten dituzte irakurri kalean jarrita dauden afixak eta errotuluak, baldin eta begi aurrean eduki arte hurbiltzen ez badira. Garai batean, "bista motzekoak" zirela esaten zieten miopeei, gertura bai, baina urrutira ez dutelako ongi ikusten. Ezinbestean, betaurrekoak edo ukipen-leiarrak erabili beharra dute, eta horien mende ez bizitzeko, ebakuntza egitea erabakitzen dute pertsona askok.

Begiaren neurriari lotua dago miopia, edo kornearen kurbadurari bestela, edo bi faktore horien konbinazioari. Begiak 24 milimetroko diametroa eduki ohi du, gutxi gorabehera; norbaitek handiagoa badu, miopia edukiko du, eta txikiagoa badu, hipermetropia. Esan dugu kornearen kurbadurak ere baduela zerikusia miopiarekin (begiaren leiar nagusia da kornea): ohi baino kurbatuagoa badago, miopia izaten da, eta ohi baino lauagoa bada, hipermetropia. Hain zuzen, kornearen kurbatura egokitzea izaten da laser bidezko kirurgiaren helburua: miopia zuzentzeko, kornea lautu egiten dute, eta hipermetropia desagerrarazteko, kornea makotu edo kurbatu.

Laser bidezko kirurgia: zergatik eta zeinentzat

Laser bidezko kirurgiak (LASIK) emaitza onak eman izan ditu miopia txikia dutenekin

Laser bidezko kirurgiak (LASIK) emaitza onak eman izan ditu miopia txikia dutenekin, 6 dioptria bitarteko graduazioa dutenekin, nahiz eta handiago dutenekin ere erabili izan den (8, 9 edo, gehienez ere, 10 dioptria dituztenekin). Azken urteetako joera, ordea, 8 dioptriatik beherakoei egitea izan da, zeren miopia zenbat eta handiagoa izan, ikusmen-kalitatea orduan eta kaskarragoa geratzen baitzaio ebakuntza egin diotenari. Uneotan, graduazio handia dutenentzat beste kirurgia-bide batzuk erabiltzen dituzte. Kornearen gainazala moldatu eta miopia zuzentzea da LASIK kirurgiaren helburua, eta 18 urtetik aurrera egin daiteke -nahiz eta hobe den 20tik aurrera egitea-, adin hori baino lehenago, kornearen kurbatura garapenari eta hazkundeari lotua egoten delako, eta gerta daiteke graduazioa handitzen joatea. Ez dago gehienezko adinik laser bidezko kirurgia egiteko, baina 50 urtetan jarri ohi da muga, eta adin horretatik aurrera (50-55 urtetatik aurrera), beste aukera kirurgiko batzuk hartzen dira aintzat.

Ebakuntza egin aurretik, egin bitartean eta egin ondoren

  • Ebakuntza-aurrekoa: LASIK kirurgia egiteko, azterketa batzuk egiten dizkiote pertsona bakoitzari, eta horien bidez ikusten dute ea ongi betetzen dituen ebakuntza egiteko eta kirurgia horren arriskuak murrizteko baldintzak (ez du arrisku handirik, egia esan, baina are eta gutxiago izango ditu baldintzarik egokienak dituzten pertsonak aukeratuz gero). Ebakuntza hori ezin dute egin, adibidez, kornea oso mehea dutenek eta dioptria asko dituztenek.
  • Ebakuntza bera: lehenik, femtosegundu laser bat ezartzen dute, eta ondoren, excimera. Femtosegundu laserrarekin, ebaki bat egiten dute, kornearen epitelioa edo azala harrotzeko (kornea-flapa ere esaten diote). Ondoren, excimer laserrarekin, kornearen gainazala moldatzen dute (miopeei gutxitu egiten diete kurbadura). Begia irekita egoten da aldi horretan, baina laserrak ez du ukitzen. Bost minutu ere ez du irauten begi bakoitzeko ebakuntzak, eta bi begietan egiten dutenez, hamar minutuko kontua izaten da. Minik ez sentitzeko, anestesia topikoa jartzen dute (tanta batzuk).
  • Ebakuntza-ostekoa: kirurgia egin eta handik bi ordura, senda-agiria ematen dute, eta etxera joateko moduan izaten da pazientea (begiak itxita egon behar izaten du, eragozpenak saihestu eta erosoago egoteko). Bi edo hiru orduren buruan irekiko ditu begiak; gerta liteke dena lausotuta ikustea eta begietan harea edukiko balu bezala sentitzea. Poliki-poliki bere onera etorriko da, eta berriz ere ongi ikustea lortuko du eta bizimodu normala egitea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto