Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Etiketa energetiko berria dute etxetresna elektrikoek

Aurrerapen teknologikoen eraginez, eguneratu egin behar izan da hozkailuen, garbigailuen eta ontzi-garbigailuen eraginkortasuna sailkatzeko modua

  Etxetresna elektrikoek gero eta energia-eraginkortasun hobea dute, eta tresnak berritzen diren heinean, berritu egin behar da horien sailkapena ere. Urte berriak hori ere ekarri digu: energia-sailkapenarekin zerikusia duten adierazle berriak. Orain artean, zazpi kolore eta zapi letra dituen etiketa erabili izan da tresna bakoitzak zer-nolako eraginkortasuna duen adierazteko, eta oinarrizko egitura hori ez da aldatu, baina eskala edo maila berriak gehitu dizkiote orain arte zeudenei (sailkapen berriarekin, A+++ maila irits dezakete tresnarik eraginkorrenek). Diseinu berrituari, gainera, piktogramak jarri dizkiote testuaren lekuan, eta parametro berrien informazioa ere ematen du: zenbateko zarata egiten duen edo zenbat energia gastatzen duen stand by egoeran edo pausaldian dagoela. Orain arte erabili izan den eskala ez da desagertuko denbora batez, baina etiketa berriak dakartzan onurei erreparatzeak lagundu egin dezake ingurumena gehiago zainduko duten tresnak erosten.

Iazko azaroaren 30etik aurrera, Europako Batasunaren legedi berriak agintzen duenari jarraitu behar diete salgai jartzen diren etxetresnek. Gerta daiteke, ordea, tresna batzuk lehenagokoak izatea eta eskala zaharraren araberako etiketak erabiltzea. Aurrerantzean, beraz, energia-eraginkortasuna sailkatzeko, ziurtagiri berria agertuko dute garbigailuek, hozkailuek eta ontzi-garbigailuek.

Nolakoa da etiketa energetiko berria

Aurreko etiketaren antzeko diseinua du berriak ere. Zazpi sail energetiko dauzka eta kolore berberak: hasi berdetik (etxetresnarik eraginkorrenen kolorea da) eta gorria bitarte (gehien kontsumitzen eta kutsatzen dutenen kolorea da).

  •   Etiketaren gorengo aldean, hornitzailearen izena edo marka ikus daitezke, eta modeloaren identifikazioa.
  • Azpian, sail energetikoak ageri dira, koloreetako gezietan emandako letrekin.
  • Informazio horren eskuinetara, hondo beltzaren gainean zuriz idatzita, tresna zer mailatakoa den adierazten da letra batekin, hari dagokion altueran jarria. Adibidez, A+++ mailakoa bada, goren-gorenean agertuko da, eta A bada, eskalaren erdialdean. Horri esker, tresnak elkarren artean aldera daitezke, eta sailkapenean kokapen onena zeinek duen ikusi.
  • Ondoren, urtebetean zenbat energia kontsumitzen duen esaten da.
  • Beherengo aldean, tresnaren ezaugarririk garrantzitsuenen berri ematen da piktogramen bidez. Hemendik aurrera, tresna bakoitzak zenbateko zarata egiten duen adierazi beharra dago, baldin eta alderdi hori erabakigarria bada.

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da beste hiru sail energetiko egin dituztela A sailaren gainetik: A+, A++ eta A+++ (azken horretakoak dira guztietan eraginkorrenak). Etiketa bat eta bakarra izango da Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeentzat, hizkuntza gorabehera, zeren orain arte agertzen ziren testuen ordez, piktogramak ageri baitira orain. Irudi horiekin, produktuak zer-nolako aukerak, emaitzak eta ezaugarriak eskaintzen dituen jakin ahalko dute kontsumitzaileek, modu erraz-errazean, informazio hori Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietara itzultzen ibili beharrik gabe. Hain zuzen, etiketa berria egokia zen edo ez jakiteko egin ziren azterketetan parte hartu zuten kontsumitzaileen iritziz, aurrekoa baino errazago ulertzen da berria.

Oro har, zazpi kolore eta letrako sailkapena da. Etxetresna batek lor dezakeen mailarik gorena A+++ da, eta berde ilunez adierazia egongo da; ondotik etorriko dira A++, A+... eta azken-azkenean, D maila egongo da, gorriz. Etiketa zaharra duten etxetresnetan, berriz, A+ izango da sailkapen gorena, eta F letrak adieraziko du eraginkortasun gutxieneko maila.

Etxetresna bat erosi nahi duenak, beraz, jakin egin behar du etiketa zaharra edo berria duen, elkarrekin alderatu ahal izateko, eskala berak erabili behar baitituzte etxetresnek.

Zer adierazten du piktograma bakoitzak

Etxetresna elektriko bakoitzak irudi multzo bat dauka, eta horien bidez, azkar eta erraz ulertzeko moduan jasotzen du informazioa kontsumitzaileak. Honako hauek dira irudi horiek:

  • Iturri baten irudia eta jarraian zenbaki bat (2.700) eta "l/annum" agertzen denean, urtean ur kantitate hori kontsumitzen duela esan nahi du.
  • Tetrabrik bat eta segidan zifra bat (300L) ageri direnean, konpartimentu guztien artean biltegiratze-bolumen horixe daukatela esan nahi du.
  • Ontzi-garbigailu batek zenbat mahai-tresnarentzako tokia duen adierazteko, plater bat, kopa bat, koilarak, sardexkak eta labanak erabiltzen dira, eta ondoan, zenbaki bat agertzen da: horrexek adierazten du zenbat sar daitezkeen.
  • Izar bat agertzen denean -meteorologia-mapetan elurra irudikatzeko erabiltzen den horietako-, ondoan beste txikiago batzuk eta zifra bat dituela (120L), elikagai izoztuak gordetzen diren konpartimentuek zenbateko biltegiratze-bolumena daukaten adierazten du.
  • Zenbat zarata egiten duen adierazteko, zeharka jarritako bozgorailu baten eta uhin batzuen irudia erabiltzen da, azpian zenbaki bat duela (dezibelioetan emana egoten da).
  • Kamiseta baten irudia eta "kg" terminoa agertzen direnean, azpian zenbaki bat dutela, garbigailuak zenbateko gaitasuna duen adierazten du, kotoiarentzako programa normalizatua erabiltzen denean 60 ºC-an edo 40 ºC-an, garbigailua guztiz betea dagoela.
  • Urtean zenbat energia kontsumitzen duen adierazteko, ez da erabiltzen irudirik; zifra bat jartzen dute, eta azpian "kWh/urteko" ikurra.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto