Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nabigatzaileak hainbat funtzio ditu gaur egun. Sareko orrietara sartzeko bidea zen lehen, baina orain, plataforma osatuak dira, aldi berean web-aplikazioak exekutatzeko, multimedia-edukiak erreproduzitzeko eta 3Dko grafikoak erabiltzeko aukera ematen dutenak. EROSKI CONSUMERek erabilera-proba bat egin du gehien erabiltzen diren hiru web-nabigatzaileekin, eta zer-nolako abantailak eta eragozpenak dauzkaten aztertu du. Honako hauek dira nabigatzaileak: Google Chrome 9, Firefox 3.6 eta Internet Explorer 8.
Nabigatzaile horiek orriak zer-nolako abiaduran erakusten dituzten jakiteko, errendimendu-testa egin dugu bakoitzarekin, SunSpider JavaScript Benchamarck 0.9.1 delakoa; neurketa bat baino gehiago egin ditugu, eta batez bestekoa atera dugu. Ondoren, proba praktiko bat egin dugu EROSKI CONSUMERen orriarekin (www.consumer.es), eta kargatzeko zenbat segundo behar izan dituen kontatu dugu.
Azken urteetan, antzeko alderdiak landu dituzte hiru nabigatzaileek, eta horietan izan dute bilakaerarik handiena: web-orriak kargatzeko abiadura, renderizazioa edo irudiak erakusterakoan prozesagailuaren baliabideetan eragiten duen kontsumoa, segurtasuna eta pribatutasunarekin zerikusia duten aukeren kudeaketa. Horrez gain, multimedia-elementuak ikusteko eskaintzen dituzten web-teknologiak ere aipatu behar dira, eta nabigatzaileari ezaugarriak eransteko eta haren ingurune grafikoa pertsonalizatzeko aukera ematen duten osagarriak, gehigarriak eta luzapenak ere bai.
Firefox 3.6 eta Chrome 9 nabigatzaileak hainbat sistema eragilerekin erabil daitezke (Windows, Linux eta Mac Os X), eta Internet Explorer 8, aldiz, Windowsen azken bertsioekin soilik. Bestalde, Chrome 9 izan da azkarrena JavaScript exekutatzerakoan eta web-orriak kargatzerakoan; Firefoxen 3.6 bertsioak nabarmen hobetu ditu alderdi horiek, baina ez du lortu hura gainditzea. Internet Explorer 8 izan da hiruretan motelena, 2009an merkaturatu zutenetik, orduko nabigazio-motor bera dauka-eta.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa